2020/11/17

Gurasolagun pasaportea eraberritua dator!


    Orain arte Enkarterriko Berbalagunok gure eskualdeko familia euskaldunei euskaraz aritzeko aukerak eskaini dizkizuegu Gurasolagun programaren bidez.
    Horretarako, Gurasolagun Pasaportea sortu zen: Enkarterriko familiek, haurrek zein gurasoek, elkar ezagutzeko eta euskaraz hitz egiteko. Urtero, eskualdeko herri guztietatik igarotzen ginen pasaportearekin; eta gurekin batera herri guztietara bidaiatzen zuen familiak sari bikaina irabazten zuen. Aurten, aldiz, egoerak ez digu utziko denok batera Enkarterriko lurraldetatik bidaiatzen; baina gure mingainak ez ditu mututuko. Hortaz, Gurasolagun Pasaportea zuen herrira joango da, eta han udalerriko beste familiekin elkartu eta euskaraz bizitzeko aukera izango duzue.

    Hasteko, apunta itzazu, familia, azaroko eta abenduko datak:    

     Azaroaren 27an, 17:30ean, Zallako Kultur-Etxean Amalurra ipuin-kontalariaren bisita izango dugu.

  - Abenduaren 11an, 17:30ean, Karrantzako Kultur-Etxean Gabonetako apaingarriak egingo ditugu tailer dibertigarri batean.

   Gogoratu, halaber, horietan parte hartzeko euskara maila minimoa behar dela, komunikazioa beti euskara hutsez izango delako; eta ekintzak familian egitekoak direla, gurasoek parte hartu behar dutela eta ezin izango dela umerik bakarrik egon, edo bere bizikidea ez den beste guraso batekin.         

    Adi! Ekintzetan segurtasun-neurriak hartuko dira: derrigorrezkoa izango da musukoa erabiltzea, distantzia mantentzea eta antolatzaileen arauak betetzea. Lekua mugatua izango da, eta familiak bizikideak izan beharko dira. Ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea. Horretarako, 671 070 044 telefonora whatsap mezu bat bidali edo enkarterri@aek.eus helbidera idatzi honako datu hauek zehaztuz: familiako kide kopurua, izen-abizenak eta haurren adina.

  


No comments: