2018/02/27

Balmasedako mintzodromoak mugak gainditzen!















       Pasa den ostegunean, otsailak 22,  euskaldun andana bildu ginen Balmasedako V. mintzodromora. Mahai batzuen inguruan eta kafea lagun, 70 lagunek aisialdia, zoriontasuna eta euskara izan zituzten mintzagai saioan zehar. Iritzi ezberdinak, ikuspegi anitzak eta euskara nagusi Balmasedako mintzodromoan.


ESKERRIK ASKO PARTAIDE GUZTIEI, JON MIKELI

ETA LAGUNTZAILE GUZTIEI!!
 

2018/02/20

Masaje tailandar tailerraren kronika.








       Pasa den ostegunean, oso tarte atsegina igaro genuen Masaje tailandar tailerrean aritu ginenok. Margak bideraturik, gorputz atal guztiak landu genituen masaje erraza eta integralaren bidez, baten bat ia lotan geratu arte.  Orain, ikasitakoa praktikan jartzea besterik ez dugu.


ESKERRIK ASKO PARTAIDE GUZTIEI,

ETA, BATEZ ERE, MARGARI!!!

2018/02/14

Kirola eta natura euskaraz!


       Kirola eta natura uztartzen dituen SEI TXANGO proposatu nahi dizkizuegu Enkarterriko berbalagunetik.

       Kirola eta Natura egitasmoa abiatu du AEKren Praktikatu zerbitzuak. Zikloa osatuko duten sei txangoak Praktikaturen ohiko eskaintza osatzera datoz. Orain arte Mendilagunak, Berbabentura eta Barnetegi Ibiltariei esker mendi irteerak, eskalada, orientazio ikastaroak, arroila jaitsierak... euskaraz burutu badira ere, sei txango hauek kirola, natura eta euskarazko kultur eskaintzaren konbinazioa izan nahi dute. Helburua da Euskal Herriko kultura eta parajeak euskaraz ezagutzea, eta egun atsegin bat igarotzea natura errespetatzen ikasiz.


         Lehenengo irteera Mairuelegorretako kobazulora izango da, otsailaren 24an, ibilaldiaren ostean bertan Igor Arzuagaren kontzertu akustikoa entzuteko (+info). Ondoren etorriko dira Itxinako zeharkaldia bertsolariekin, martxoaren 24an; orientazio ikastaroa Zugaztietan eta bisitaldia Peñas Negras interpretazio zentrora, apirilaren 21ean; arroila jaitsiera Aguake ur jauzian, maiatzaren 19an; orientazio ikastaroa Pagoetan eta bisitaldia Agorregi burdinolara, ekainaren 2an; eta Urdaibaiko kayak zeharkaldia eta Bird Center-era bisitaldia, ekainaren 16an.

        Irteeretan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea. Partaide guztiek jasoko dute opari, txangoa abiatzean, motxila txiki bat eta eguneko jatordua. Halaber, aditu taldeak izango dira beti bidean laguntzeko.

2018/02/12

Ekainberri museoa eta sagardotegia


       Txotx denboraldia hasita, martxoarekin batera, kultur txangoa egiteko unea heldu zaigu berbalagunoi. Aurten, martxoaren 3an egingo dugu eta Zestoara abiatuko gara Ekainberri museoa bisitatzeko. Museoa bisitatu eta Zestoatik bueltatxo bat egin ostean, Itziarko Urberu sagardotegian bazkari ederraz gozatuko gara. Hementxe duzue plana:

9:30 - Balmasedako bus geltokian.
9:45 - Zallako udaletxe ondoko bus geltokian.
9:50 - Gueñesko bus geltokian.
10:00 - Sodupeko bus geltokian.
11:00 - Zestoara heltzea.
12:00 - Ekainberri museoari bisita.
14:30 - Bazkaria Urberu sagardotegian
19:30 - Buelta etxera.
 
Prezioa: 30 €.
Izena emateko: enkarterri@aek.eus, 671 070 044 (Whatsapp)
Txartela eskuratzeko azken eguna otsailaren 23a izango da.

2018/02/08

Balmasedako mintzodromoa ate joka!


        Otsailaren 22an, osteguna, euskararen erabilera sustatzeko eta euskara ikasleen artean jarrera aktiboa bultzatzeko Balmasedako mintzodromoaren V. edizioa egingo dugu. Bertan, mahai batzuen bueltan, Enkarterriko euskaltegietako eta institutuko ikasleak, berbalagunak eta gainontzeko euskaldunak pil-pilean dauden gai batzuei buruz mintzatuko gara giro atseginean. Euskara maite baduzu eta Enkarterrin euskaraz bizi nahi baduzu, ez galdu aukera! Goizeko 10:30ean, pilotalekuan.
Izena emateko: enkarterri@aek.eus edo 671 070 044 (Whatsapp). 
                        Otsailaren 19ra arte.
ANIMA ZAITEZ!

2018/02/05

Masaje tailandar tailerra Sodupen.


       Otsailaren 15ean, osteguna, arratsaldeko 19:00etan, Marga Zulueta berbalagunak eta masajistak, gorputza zein burua osasuntsu mantentzeko, masaje tailandar tailerra emango du Sodupeko Kultur etxean. Bertan nork bere buruari egokitzen zaion masaje integrala, atsegina eta erraza ematen ikasiko dugu, eta etxean edonork egin ahal dituen hainbat teknika ere praktikan jarriko ditugu.

Izen ematea: 671 070 044 (Whatsapp)
                        Otsailaren 13ra arte.

ANIMATU ETA EMAN IZENA AHALIK ETA LASTERREN,
PLAZAK MUGATUAK DIRA ETA!