2021/04/30

Enkarterriko Historiaren garaiak hitzaldia. Kronika.


Atzo, apirilak 29, Balmasedako Kultur Etxean, gure eskualdeko historiari buruzko hitzaldiaz gozatu genuen, Jorge Gomez Balentziagaren eskutik. Hain aberatsa den eskualdearen historia ordubeteko hitzaldian laburtzea erronka izugarria izan zen. Baina gure jakin-mina asetzen jakin izan zuen Jorgek. 

Gure erliebearen berezitasunak aipatzen hasi zen, hortxe baitago gure xarma: mendi garaien arteko haran sakonak ditugu; baita Historiaurretik oso preziatuak izan diren baliabide naturalak ere: kobazuloak, mendi gainak, ibai emankorrak. Leku estrategikoa izan gara penintsulako lautada itsasoarekin lotzeko. Horrek aurrerapenak eta aberastasuna ekarri izan ditu; baita garai nahasietan arazo ugari ere. Hortaz, gerrate, sute eta denetariko batailak izan ditugu gurean, eta ez pentsa garai batean bakarrik gertatu direnik. Erromatarren garaitik Gerra Zibilera arte hamaika ikusiak gara! 

Hala ere, Industrializazioa ez zen gurean makala izan; eta gaur egun ere haren ondorioak ikus ditzakegu. Horra hitzaldiaren gakoetako bat: eta gaur egun zein da gure eskualdearen egoera?

Horretaz eta hartaz hitz egiteko aukera izan genuen. Bai Berbalagunok, bai gurera gerturatu zirenak solasalditxo ederrean aritu ginen, galderak, iruzkinak eta iritziak elkartrukatuz. 

Mila esker Jorgeri, eta gurekin egon zineten guztioi. Hurrengora arte!


2021/04/26

MENDILAGUN. 2. irteeraren kronika.

       Mendilagunok goiz zoragarria igaro genuen larunbatean Ubieta mendian. Goizean goiz, eguraldia lagun, 18 lagun kementsuk ibilaldiari hasiera eman genion Zallako plazan. Udaberriak berdez ziprindutako paisaia ederraz gozatzen, metroz metro eta aldapaz aldapa, Ubietamendiko tontorrera heldu ginen eguerdi aldera. Bertan hamaiketakoa hartuta eta indarrak berreskuratuta, bueltako bideari ekin genion berriro ibilbidearen abiapuntura heltzeko.

       Testu hau idatzitakoan, hurrengoa prestatzen hasiko gara; beraz, EGON ADI datorren irteerari eta hurbil zaitez gurekin mendira eta euskarara!!! 🏔🌳❤️ 
 











2021/04/21

Gurasolagun Pasaportea Sodupen: Poesia xuxurlatua


 
Soinuekin eta hitzekin jolastuko gara. Tailer honek elkar entzuteko espazioa proposatuko du poesia xuxurlatuaren teknika erabiliz. Margotutako kartoizko tutuak erabiliko ditugu elkarri poema errazak, hitz jokoak eta soinuak esateko/xuxurlatzeko.
 
Ekintza Sodupeko Kultur Etxean izango da, apirilaren 30ean, ostiralean, arratsaldeko 17:30etatik 19:00ak arte.
 
Tailerrean erabiliko den euskara erraza izango da; eta haurrek testu sinpleak irakurtzeko gai izatea nahikoa da parte hartu ahal izateko.
 
Leku kopurua mugatua izango da, eta ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea apirilaren 29a baino lehen. Horretarako, 671 070 044 telefonora whatsap mezu bat bidali edo enkarterri@aek.eus helbidera idatzi honako datu hauek zehaztuz: familiako kide kopurua, izen-abizenak eta haurren adina.
 
Antolatzen ditugun ekintza guztietan, segurtasun neurriak bermatuta daude, eta era berean COVID19rako protokoloa aplikatzen dugu. Hortaz, derrigorrezkoa izango da musukoa erabiltzea, distantzia mantentzea eta antolatzaileen arauak
betetzea.
 
Zeren zain zaude, familia? Eman izena eta euskaraz bizi!

 

2021/04/19

Enkarterriko Historiaren garaiak hitzaldia

 


Apirilaren 29an, arratsaldeko 18:30ean, Balmasedako Kultur Etxean, gure eskualdeko historia aberatsa hobeto ezagutzeko hitzaldia izango dugu.

Nondik sortu ginen? Noiz eta nola? Zerk egin gaitu enkarterritar?
Zeintzuk dira gure historiaren mugarriak? Zergatik ditugu kaltzada erromatar bat eta bi hiribildu eskualdean? Eta Batzar-etxea? Eta garai modernoagoetan, zer? Izan zirelako, gu hemen gara. Hortaz, zatoz Enkarterriko bitxikeriak eta errealitateak ezagutzera.

Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da 671 070 044 zenbakian edo enkarterri@aek.eus helbidean. Segurtasun neurriak bermatuta egongo dira, eta Covid19rako protokoloa aplikatuko da.

 


2021/04/14

Mendilagun ekimenaren 2. irteera.

        Apirilaren 24an, larunbata, MENDILAGUN ekimenaren 2. irteera egingo dugu. Oraingo honetan, Ubieta mendira 🗻 abiatuko gara Zallako plazatik. Euskara praktikatu, ondo pasatu eta naturaz gurekin disfrutatu nahi baduzu, ez izan zalantzarik eta EMAN IZENA!  

👉 enkarterri@aek.eus - 671 070 044 (Whatsapp)