2007/04/24

Berbalagun urteurrena

Urte bat bete dugu, lagunduko al diguzu kandela itzaltzen?

Enkarterriko Berbalagun egitasmoa orain dela urte bete jaio zen Enkarterrin euskarak bizi duen egoera larriari aurre egiteko. Gure eskualdean euskaraz bizitzea ez da batere erraza, klaseetatik kanpo erdara da nagusi, euskara ikasleak eta euskaldunak oro har aukera murritzak ditu bere hizkuntzan mintzatzeko.



Udal euskaltegia eta AEK euskaltegia hasieratik euskara kalera ateratzearen garrantziaz jabetu ziren eta proiektu desberdinak garatu zituzten irtenbide bat bilatu nahian. Aipatzekoa da, esaterako, Mintzalagun egitasmoa orain dela urte batzuk antolatu zena eskualdeko ikasle, irakasle eta euskaldunekin. Mintzalagun desagertu bazen ere, Berbalagun proiektuaren oinarriak finkatu zituen.

Lehenengo pausuak txikiak izan baziren ere gaur egun 9 talde daude martxan Enkarterrin zehar; 2 Sodupen, 3 Zallan eta 4 Balmasedan, eskualde osoko lagunek osatuak. Berbataldeen funtzionamendua erabat desberdina da taldeen arabera. Bakoitza autogestionatzen da, hau da, eurek erabakitzen dute noiz bildu eta zer egin.


Haien eta Enkarterriko beste euskaldunen beharrei begira Berbalagun proiektuan parte hartzen duten eragile desberdinek (euskara zerbitzuak, euskara taldeak, euskaltegiak, aisialdi taldeak...) ahalegin handia egin dute euskarazko kultur eskaintza zabal eta duina egiteko. Makina bat ekitaldi antolatu dira Berbalagun proiektua abian jarri zenetik, besteak beste, literatur tailerrak, argazkigintza eta perkusio ikastaroak, kontzertuak, hitzaldiak, diaporamak, mendi irteerak, sagardotegirako txangoak, tailerrak, festak…


Baina ez dugu guk dena kontatuko, utziko diegu haiei hitz egiten, horretarako sortu baitzen Berbalagun, berba egiteko. Enkarterriko Berbalagunak ezagutu nahi dituzue?

berbalagunen iritziak

Zuriñe Hurtado de Saratxo, (Aranguren)
Berbalagun proiektua Enkarterrin hasi zenetik parte hartzen dut. Mintzapraktika eta nire euskara hobetzeaz gain, jende berria ezagutzeko aukera ezin hobea ere bada.
Gure eskualdean normalean ez daukagu euskaraz hitz egiteko aukerarik, familiarekin, lagunekin edo lanean beti edo gehienetan erdaraz egiten baitugu.

Proiektu honen barruan egonda, behintzat, astero tartetxo bat daukagu praktikatzeko. Bestaldetik, jende berria ezagutu dut eta momentu hartatik aurrera euskara da haiekin komunikatzeko erabiltzen dudan hizkuntza, ez bakarrik nire taldekoekin baizik eta beste ekintzetan ezagutu ditudan pertsonekin.

Lehen esan dudan bezala, hasieratik parte hartzen dut egitasmo honetan. Egia esateko nahiz eta oso animatuta egon, pentsatzen nuen askoz zailagoa izango zela astero elkartzea, bakoitzak bere ordutegiak edo bere zaletasunak dauzkalako. Bestetik, hasieran pentsatu nuen be bai hilabeteak pasa ahala nekatu egingo ginela eta azkenean “betebeharra” bihurtuko zela. Zorionez, ez da horrela izan eta hasi ginenetik ia ia astero elkartzen gara. Normalean zeozer hartzeko biltzen gara baina beste motako ekintzak ere antolatu ditugu hilabete hauetan zehar. Esaterako, sagardotegi batean egon edo antzerkira eta mendira joan…

Balmasedan biltzen dira astelehenero, 16:30ean

Sorne Santibañez, (Balmaseda)
Balmasedan, 2007ko martxoaren 18an
Nahiz eta zerbait berandu, euskara ikasten ari naiz. Zergatik? Beno, orain denbora asko daukadalako. Nik, nire buruari galdetzen diot:-Nongoa zara? Ni euskalduna naiz, baina nola frogatu dezaket? Nire hizkuntza espainiarra da eta nire NAN ere bai; orduan espainiarra naiz. Hori ez da egia, ni euskalduna naiz.


Zer egin? Hizkuntza gabe ez dago aberririk. Horregatik ikasi behar dut euskara. Hau nire kausa nagusia da.Osasunaren arazoengatik utzi behar izan dut euskara, baina beti zerbait egiten dut. Orain, astelehenero, ikasle batzuekin, ni bezala, elkarrekin biltzen gara. Zertarako? Euskaraz hitz egiteko. Ondo pasatzen dugu eta laguntza handi bat da. Dakiguna erabiltzen dugu eta barreak egiten ditugu gure okerrekin.


Oso polita da esperientzia hau eta ni, gutxienez, erosoago aurkitzen naiz euskaraz hitz egitean. Herrialde honetan, inork ez du euskaraz hitz egiten. Gazteek badakite, baina ez dute erabiltzen, orduan oso zaila da ikasia oroimenean eustea. Horregatik berriketa hauek oso interesgarriak eta beharrezkoak dira.
Nire iritzia hau da.


Nagore Aburruzaga, (Balmaseda)
Berbalagun proiektuan sartu nintzenean euskara gehiago erabiltzea zen nire helburu nagusia, noski, baina, baita ere, euskaldunak ezagutzea. Enkarterrira orain dela bost urte inguru etorri nintzen bizitzera eta ez nituen pertsona asko ezagutzen. Hemen urte hauetan egin ditudan lagunak ez dira euskaldunak eta ideia polita iruditu zitzaidan aisia euskaraz ere bizitzeko aukera izatea.

Sorpresa etorri zen nire maila baino askoz baxuagoko taldean jarri zidatenean. Gainera nik baino 30 urte gehiago duten emakumeekin bildu behar nintzen euskaraz egiteko. Arrazoia sinplea zen: Berbalagun hasi berria zen eta apuntatu ziren bakarrak emakume hauek ziren. Talde batean egoteko aukera bakarra hauekin izatea zen. Eta hala egin nuen. Eta lagun berriak egin ditudala esan dezaket, harro. Ondorioz, aurten ere, denbora librea neukala pentsatuta, berriro apuntatu naiz talde berdinera.

Orain arte badirudi euskararen alorrean ni irakaslea naizela, nire berbalagunak niri galdetzen dizkidatelako zalantzak. Baina, beste alor gehienetan, beraiek dira nire irakasleak: beraiek ezagutzen dute Balmaseda eta Enkarterri eta bizitzari buruz ere gauza asko dituzte irakasteko. Eta, batez ere, gauza berriak egin eta ikasteko inoiz ez dela berandu erakutsi didate.

Bestalde, Berbalagun proiektuak aurrera egin du eta gero eta gauza gehiago antolatzen dira euskararekin lotuta. Berbalagunak puntualki informatzen gaitu hilabetean egingo diren ekintzetaz eta gauza interesgarriak hurbiltzen ari dira Enkarterrira. Nire etsairik txarrena denbora falta da, baina, hala ere, ekintza baten batean parte hartzen dut eta euskaraz bizitzeko aukera izaten dut.

SMS ikastaroa

Ostiral honetan, apirilak 27, SMS ikastaroa izango dugu Alonsotegin, mezuen bidez gazte hizkera lantzeko aukera aparta. Alonsotegiko Gaztegunean izango da 18:00etatik 20:00ak arte. Ikastaroa doanik izango da, nahi duenak parte ahal izateko, anima zaitez!
Antolatzailea: Mankomunitateko Euskara Zerbitzua

2007/04/23

Maskaradako argazkiak


Eta esan bezala larunbatean Maulera joan ginen aurtengo azken maskarada ikustera. Eguraldi zoragarria eta lagunarteko giroa, txango bat ondo ateratzeko ezinbesteko baldintzak. Han zeuden guztiak gure zain buhameak (ijitoak), zorrotzaileak, ferratzaileak, kauterak (berzkinak), gorriak eta beltzak haien ohiko liskarrekin, eta noski, Pitxu ere aurkitu genuen!!

Dena den, animaliak maite ditugunontzat ez da agian lekurik aproposena, kauterek bost azeri hil zituzten, argazkian ikusten den bezala, eta herrian zehar eraman zituzten soka batez lotuta jendea izutu nahian. Oraingoan ere, tradizio hitza aipatuko dela imajinatzen dut, nik, berriz, jai batean ondo pasatzeko animaliak hiltzea ez dela batere beharrezkoa pentsatzen dut, eta tradizioen kontra joan behar badugu, arazorik ez.

Enkarterri Irratian, 107.4 FM


Larunbatean Enkarterri Irratira hurbildu ginen, zapatuero euskaraz egiten den Musutruk saioan parte hartzera. Berbalagun egitasmoak aurten urte bat betetzen duenez Zuriñek, kazetariak, elkarrizketatxo bat egin zigun eta gu, jakina, poz-pozik joan ginen gure esperientzia kontatzera. Argazkian ikusten dugu Karlos eta Zuriñe, egitasmoa abian jarri zenetik berbataldeetan parte hartzen duten lagunak.

2007/04/16

Zuberoako maskarada


Hou pitxu, hou!- esamoldea entzun duzu inoiz? Buhameak, kherestuak, xorrotxak edota khauterak ezagutu nahi dituzu? Ba ez pentsatu gehiegi eta etorri gurekin zapatu honetan, apirilak 21, Xiberura Maskarada bat ikustera.
Autobusa 07:30ean irtengo da Balmasedatik, eta Zalla, Sodupe eta Alonsotegin geratuko da.Arratsaldeko 18:30ean bueltatuko gara Mauletik.
Prezioa: 6€ / 4€ Berbalagunentzat
Izena eman: 94 6671851 (Miren, Lorea) / 94 6800000 (Josune)


Antolatzailea: Balmasedako eta Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak

Euskararen udal neurketa


Ostegun honetan, apirilak 19, hitzaldi bat izango dugu 19:00etan, Zallako Kultur etxean. Behatokiak, Euskal Herriko herritarren hizkuntz eskubideez arduratzen den fundazioak, euskararen egoera aztertuko du. Euskal Herriko hainbat herritan dagoeneko egin duten bezala, Euskararen gizarte erakundeen Kontseiluko adituak etorriko dira Zallara, bertoko euskararen berri ematera: Hizkuntz paisaia, erabilera, hizkuntz politikaren alde onak eta hutsuneak.

Antolatzailea: Txotx Euskara Taldea

sukaldaritza ikastaroa


Zenbat aldiz entzun behar izan duzu gazteok ez dakigula jaten eta are gutxiago janaria prestatzen? Bada garaia horri konponbidea emateko. Zallako Udaleko Euskara Zerbitzuak hasiberrientzako sukaldaritza ikastaroa antolatu du, Jon Iztueta sukaldariarekin. Ikastaroa astearteetan eta ostegunetan izango da, 18:30etik 20:30era, Maristas ikastetxean. Apirilaren 17an hasiko da, maiatzaren 15era arte.
Prezioa 10 €koa da eta 8 €koa Zallako Gazte Karneta 07 dutenentzat.