2020/11/03

Enkarterriko Berbalagunon hasiera ekitaldia. Kronika.

Udazkena heldu da eta berarekin batera ENKARTERRIKO BERBALAGUNAK berriro martxan gaude, mila ekintza elkarrekin egiteko prest!

Horrenbestez, ikasturte hasiera ospatzeko ekitaldia antolatu genuen Balmasedako Klaret Antzokian, urriaren 29an, arratsaldeko 19:00etan; arratsalde atsegina lagun artean igarotzeko asmoz. 

Aspaldiko Berbalagun batzuk eta hasiberriak garen beste batzuk elkartu ginen aurtengo berritasunez jakiteko eta giro apartaz gozatzeko. 






 

 

 

 

 

 

 

 

 

Ekitaldiari hasiera Ane San Miguelek eman zion, Zallako Anitz bertso-eskolako bertsolaria. Agur zoragarria eskaini zigun eta ongi-etorriak ginela sentiarazi gintuen. Ondoren, Enkarterrin Berbalagun egitasmoa zertan datzan azaldu ziguten; hau da, Enkarterrin euskara praktikatzeko eta euskaraz bizitzeko aukerak ditugula, berbatalde batean (edo gehiagotan) parte har dezakegula, ekintza zehatzetara apunta gaitezkeela, edota online eskaintzaz goza dezakegula. Hain erraza da euskaraz bizitzea!

Azkenik, Oihan Vega artista ospetsuak EUSKAÑOLITIS bakarrizketa eskaini zigun. Klaret Antzokia barrez eta algarez bete genuen. Aspaldian ez bezala disfrutatu genuen, eta ikusle batek esan bezala: "hau zen behar genuena, barrez lehertzea".

 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Beraz, badakizu, lagun, Enkarterriko Berbalagunok hainbat ekintza prestatuko ditugu denok euskaraz ondo pasatzeko; eta Berbatalde batzuk hasi dira biltzen. Laster berriak ere hasiko dira, hortaz, izena eman nahi baduzu, orain daukazu aukera.
 
 

 
 
Izan zaitez Enkarterriko Berbalagun!

No comments: