2021/03/31

Udaberriko argazki lehiaketa

 

Urtaro berriarekin batera, Enkarterriko Berbalagunon Udaberriko argazki lehiaketa abian da. Aukeratu Enkarterriko zure txokorik gustukoena udaberrian, egiozu argazkia eta zergatik aukeratu duzun azaltzen duen testu laburra idatz ezazu. Ondoren, biak (argazkia eta testua) enkarterri@aek.eus helbidera bidali, zure izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztuz. Maiatzaren 21ean bukatuko da argazkiak bidaltzeko epea.

Partaide kopuruaren arabera, bi kategoria egon daiteke: gazte kategoria (12-16 urte bitartekoak) eta helduen kategoria (17 urtetik gorakoak). Gazte kategoriaren saria haririk gabeko aurikularrak eta euskal talde baten diska izango dira, eta helduen kategoriakoa Enkarterriko produktuen sorta bikaina izango da.

Anima zaitez eta parte hartu!

2021/03/30

Neguko argazki lehiaketa: Helduen kategoria. Bozkaketa.

Enkarterriko Berbalagunetik Neguko argazkien lehiaketa antolatu genuen, eta orain, udaberria hastearekin batera, lehiaketako argazkirik gustukoena aukeratzeko momentua heldu zaigu. 

Aurreko lehiaketan bezala, bi kategoria ditugu: helduen kategoria eta gazte kategoria. Hortaz,  hona hemen Helduen kategorian jaso ditugun argazki eta testu laburrak. Ikusi guztiak eta bozkatu gehien gustatu zaizuna, apirilaren 16a baino lehen >>>> BOZKATU HEMEN

Helduen kategoria

1. argazkia


Gidatzen ari nintzen irudi honekin topatu nintzenean. Aho zabalik geratu nintzen, harrituta. “Ene Jainkoa, esan nion nire buruari, pintura bat iruditzen da”: Atzean, zeru grisa, ekialdeko azken eguzki printzez margotuta; aurre-aurrean, arbolaren eskeletoa urre koloreko pintzalkadez estalita. Eta eszena guztia geldi, mutu...hila. Argiaren boterez.”

2. argazkia

 


Concejuelo (Galdames) daukan Santiago ermitara doan ibilbidea bakea eta lasaitasunean ongi etorria emoten gaitu.

 

3. argazkia 


Sopuertako zerutik, kometa hegan doa, ilusioz betetako haur batena. Hodeiak dira Enkarterriko paisaia honetako ikusleak.

 

4. argazkia

 

(Pentza leku)

 

5. argazkia


 
MILA ESKER ELURRA

 

6. argazkia


 Gure zeru-lurrak bat egiten duten lekuan, bizia nonahi, neguko larretan bazkan.

7. argazkia


 

Arenao eta El Avellanal artean, neguko egunsenti hotz batean paseatzen nengoela, pirineoko behi talde eder honekin egin nuen topo. Xarmatu egin ninduen animalien larruko koloreak, hodeiez, elurrez eta harriz marraztutako paisaia zuri-beltzarengan eragiten zuen kontrasteak. Nire aburuz, argazki honek izaki bizidunok neguaren exigentzietara nola moldatzen garen isladatzen du. Horregatik zuekin partekatu nahi dut naturaren ispilua den bizi-puxka hau, askotan ahaztu egiten dugulako imagina dezakeguna baino askoz handiagoa den zerbaiten parte garela.
 
8. argazkia
 
 
Mendi magaletan behera, haranerako bidean aterpe. Beti han, beti prest; baita neguko egun oskarbietan ere.

9. argazkia


2021ko lehenengo egunean, gure goizeko ibilaldi ederrean egin nuen argazki hau. Aire hotzez inguratuta eta Lujar eta Eretza handiak miresten.
 
10. argazkia
 

Negu hotzen artean berpizten da bizitza.
 
11. argazkia
 

 

Arnasa hartu, eguna badoa.
 
12. argazkia
 

 

Negua joaten ari da, udaberria laster iretsiko dela nabaritzen da.
 
13. argazkia
 


Gure zeruaz, gure lurraz gozatzen.
 
14. argazkia
 

 

Enkarterriko txokorik gustukoena aukeratzea ez da erraza, hain da anitza eta zabala! Herriak, kaleak, mendiak… txoko zoragarriak ditugu hemen. Baina aitortu behar dut neguan nire txokorik gogokoena nire etxe-zuloa dela. Batetik, egunak laburragoak direlako; bestetik, eguraldia txarragoa izaten delako, eta azkenik etxean oso ondo egoten naizelako. Gainera, etxetik ere paisaia zoragarriak ikusteko aukera daukagu. Aurten bezalako negua berezia izan da zentzu askotan. Etxean egotera behartuta sentitu gara, eta etxeko leihoetatik gure inguruko paisaia ederrak ikusi ahal izan ditugu inoiz baino hobekien eta, ateratzeko aukera izan dugunean, disfrutatu ere bai. Argazkia egongelako leihotik atera nuen Gallarraga elurrak zuritu zuenean.

 

 Zorte on partaide guztiei!

 

 

 

 
 
 
 



Neguko argazki lehiaketa: Gazte kategoria. Bozkaketa.

Enkarterriko Berbalagunetik Neguko argazki lehiaketa antolatu genuen, eta orain, udaberria hastearekin batera, lehiaketako argazkirik gustukoena aukeratzeko momentua heldu zaigu. 

Aurreko lehiaketan bezala, bi kategoria ditugu: helduen kategoria eta gazte kategoria. Hortaz,  hona hemen Gazte kategorian jaso ditugun argazki eta testu laburrak. Ikusi guztiak eta bozkatu gehien gustatu zaizuna, apirilaren 16a baino lehen >>> BOZKATU HEMEN

Gazte kategoria

1. argazkia

 
Aukeratu dudan argazkia Kolitza menditik eginda dago. Mendi hau nire txoko kuttunena da, nire lehenengo mendia izan zelako. Horretaz aparte, oroitzapen asko ekartzen dizkit nire aititeri gogorarazten nau eta horregatik egunsentia hara ikustera joaten naiz

2. argazkia


 
Urte berriak ondo hastea gustatu zait betidanik. Maite ditudanekin batera, hatztarteetatik ihes egindako 365 egunak datorrenekin 12 mahatsen bidez uztartzea. Aurten, 2021ari ongi etorria emateko, hainbeste aldiz igotako Alen Mendira joan nintzen nire ahizpa eta aitarekin. 

Sinesgaitza zen benetan azukrezkoak ziruditen elur malutek basoari ateratzen zioten xarma. Mantu zuripean ehunka aldiz zeharkatutako bidezidorra, ezezagunak bihurtu ziren niretzat. Magikoak. Eta momentu hartan, denboran betiko luzatuko nukeen neguko goiz hartan, konprenitu egin nuen. Ulertu nuen hori zela urtarrileko lehenengo egun horrek eskaintzen zidana: erratzeko, gozatzeko eta hazteko aukera ematen zidan mihise zuri bat. 

 

3. argazkia 


Igoera

2020 atzean utzita, nire aitak, nire ahizpak, Aiala, eta hirurok urte berria ospatzeko zerbait berezia egin nahi genuen, beste urteetan inola ere egin izan ez egnuen ezer. Urtarrilaren lehenengo egun hartan elur malutak pilatzen ziren belardietan eta lasaitasuna arnasten zen airean. Sopuertako Alen mendia bereziki polita zegoen goiz hartan, eta ama eta amona etxearen berotasunean izanez, hirurok bertara abiatu ginen.

Arropa lodiekin babestuta, eta gogo handiekin, Alen mendia igotzen hasi ginen. Mendi puntatik 50 metrora edo, Aialaren argazki hau atera nuen, Everest mendiaren antza zuenean Sopuertako mendi maitea.

Ironia handia du honek, azken urtean bizi izandakoa munduko mendi handiena igotzea bezalakoa izan delako, baina guztiok dakigunez, igo eta gero jaitsi behar da eta horregatik, 2021. urtea jaitsiera lasai hori izatea espero dugu.

 

4. argazkia

 
Argazki hau Armañonera egindako txango batean atera nuen. Kuriosoa da neguan bidearen edozein lekutan aurkitzen direla horrelako ur-jauziak. Udaberrian edo udan, ez da horrelakorik egoten, baina neguan pilo bat ikusi ahal dira. Asko gustatzen zait ur-jauziak ikustea. 


5. argazkia


 
Urte honetan ezin izan ditugu gauza asko egin, baina elurretara joan gara jolastera. Karrantza Haranera joan ginen, eta bidean Aitak ezagutzen dituen bide batzuetatik sartu ginen eta argazkiak egin nituen. Oso dibertigarria izan zen. 

Zorte on partaide guztiei!

 

 

 

 
 
  


2021/03/15

Nutrizio tailerra Zallan

 
Asteko menu osasungarria planifikatzen ikasi nahi duzu?

Elikagai-beharrizanak zeintzuk diren eta elikadura osasuntsua zertan oinarritzen den azalduko digute ON EKIN NUTRIZIOKO bi adituek, baita ohitura osasuntsu horiek gure egunerokotasunean nola egin ere. 

LEKUA: Zallako Kultur Etxean

DATA: Martxoak 25, 18:30etatik 20:00ak arte.

IZENA EMATEA 671 070 044 telefonoan edo enkarterri@aek.eus posta elektronikora idatziz.

OHARRA: Mintzapraktika taldeetan, eta antolatzen ditugun ekintza guztietan, segurtasun neurriak bermatuta daude, eta era berean COVID19rako protokoloa aplikatzen dugu.

Zatoz Berbalagun eta euskaraz osasuntsu bizi!

2021/03/11

Gurasolagun pasaportea Turtziozen. Estanpazio tailerraren kronika.

Aurreko ostiralean, martxoak 5ean, Turtziozko Kultur-Etxean euskaraz aritzeko aukera paregabea izan genuen Gurasolagun tailerrean. Bertan, Frida Kahlo artistaren ibilbidea ezagutzeaz gain, haren antzera margotzeko aukera ere izan genuen. Oihalezko poltsa batzuk estanpatu, eta feltrozko loreekin apaindu genituen; gure diseinu propioak eginez edota ereduak jarraituz. Ehunentzako margo bereziak erabili genituen, eta feltroa hainbat modutan maneiatzen ikasi genuen, horrela lore ezberdinak sortzea lortu genuen.

Sormena eta lagun giroa izan ziren nagusi, eta parte hartzaileok primeran pasatu genuen. Artista hutsak gara!










 

Hurrengoan zuek ikusi nahi zaituztegu, familia.

Gurekin etorri eta euskaraz familian gozatu!




2021/03/08

MENDILAGUN. 1. irteeraren kronika.

        Pasa den larunbatean, martxoak 6, Berbalagun egitasmoak abiatutako Mendilagun ekimenari ekin genion. Horiek horrela, goizean goiz, Balmasedako institututik Arbalitzarako bidea hartu genuen gogoz. Gailurrera helduta, eta ibilaldia apur bat motz geratu zitzaigunez, Espaldasecarako bidea hartzea erabaki genuen, eta Trasmosomosetik pasata, Zallako mendirik garaienera heldu ginen. Handik Balmasedarantz bideratu genituen gure urratsak goiz zoragarriari amaiera emateko. Paisaia ederrak, giro ezin hobea eta euskara lagun, EZER GEHIAGORIK ESKA DAITEKE??

 
       ADI LAGUN hurrengo irteerari, ez galdu aukera eta hurbil zaitez gurekin mendira eta euskarara!!! 🏔🌳❤️ 











2021/03/06

Enkarterriko II. Mintzodromoa online. Kronika.

 

Berbalagunon jarduerak ez du etenik; hori dela eta, aurreko ostegunean, otsailaren 25ean,  Enkarterriko II. mintzodromoa online egin genuen. Berbalagunok, AEK-ko zein Udal euskaltegiko ikasle eta irakasleak; eta IES Balmaseda BHI institutuko Batxilergoko ikasleak konektatu eta eztabaidan aritu ginen proposatutako gaiei buruz. Bi txanda egin genituen: bat goizez eta beste bat arratsaldez. Giro atseginean, ideiak trukatu genituen eta jende ezberdinarekin hizkuntza berberean mintzatu ginen tarte batez. 

 

Oraingoan, gainera, partaideen artean sariak zozketatu ditugu. Bai, bai, Berbalaguna izateak saria du! Hauexek dira sariak eta irabazleak:

    1. saria: Berbalagunon produktu sorta + e-book irakurgailua. - Lorena Abalo 

    2. saria: Berbalagunon produktu sorta + agenda.- Markel Giaconi

    3. saria: Berbalagunon produktuen sorta. - Andrea Prieto



   

 










Zorionak irabazleei eta mila esker parte hartu zenuten guztioi. Zuei esker Enkarterri egunez egun euskaldunagoa baita. Segi horrela!

Hementxe dituzue argazki batzuk:

 

 




 Hurrengoan ikusiko dugu elkar, lagun!