2012/12/20

Agur 2012, kaixo 2013




Kaixo berbalagunok!

2012. urteko azken sarrera izango da hau. Urteari agur esateko garaia heldu da. Gabonetako oporrak datoz eta hauei esker atseden hartzeko tartea izango dugu. Berbalagun egitasmoarentzat urte oparoa izan dela esan dezakegu. 9 berbataldeekin itxiko dugu urtea, Sodupe, Zalla eta Trutziozen talde berriak sortzea lortu dugu eta gaur egun 80 lagun inguru biltzen gara Berbalagun egitasmoaren inguruan. 2013. urtea gogotsu hasteko arrazoi nahikotxo ditugu beraz. Hori dela eta, momentu honetan dauden berbataldeen ordutegiak zuekin elkarbanatu nahi ditugu, informazioa zabaltzen lagunduko gaituzuelakoan.

Besterik gabe, gabon zoriontsuak izatea opa dizuegu...!!! 2013.urtean berriro elkartuko gara... agian pare bat kilo gehiagorekin... baina helburu berarekin: Enkarterri euskalduntzea !!! Mila esker guztioi !!!

2012/12/18

Sopuertako euskaldunon jaiaren kronika...


Eguna lainotuta hasi arren jendea gerturatu ahala eguzki izpiak gero eta indartsuagoak izaten hasi dira. Euskaldun goiztiarrenak gaztetxoak izan dira. Buruhandiekin jolasteko eta boladoreak egiteko gogoekin azaldu dira Sopuertako auzoetxean. Bitartean, Enkarterriko Korrikako arduraduna, Ariana, Korrikako materiala erakusteko saltokia ari da prestatzen. Umeek nola jolasten duten begira gaudela usain goxoa heldu zaigu helduon sudurretara. Goizeko hamabiak dira, urduritasunak ez digu hamaiketakoa egiten utzi eta Rodri eta Joseba dagoeneko bazkaria prestatzen hasi da… Sukaldia erraldoia da, guztion gosea asetzeko modukoa!

Umeak jolastu eta zikindu dira, beraz, gure beste helburuetako bat bete dugu jada. Eguna aurrera doa eta orain pote batzuk hartzeko ordua heldu da. Balmasedako Nafarroa Kantu Taldea prest dago poteoa girotzeko. Taberna bat baino gehiago bisitatu dugu bazkaldu baino lehen, inork ez zuen puntu hau zalantzan jarriko, ezta? Denok ezagutzen ditugun kantuak abestu ondoren auzoetxera bueltatu gara, egarririk ez daukagu orain baina sabela oihukatzen hasiko da momentu batetik bestera. Hala ere, bazkaltzen hasi aurretik, familia argazkia aterako dugu, ahaztu ez dezagun, Enkarterrin ere euskara bizirik mantentzen dela. Bazkaldu ostean berbalagun kamisetak zozketatu dira eta “tongo” oihuekin bukatu dugu eguna… Nola da posible AEK-ko irakasle eta arduradun guztiei kamisetak tokatzea? Zein gustoko ditugun eskaldunok iskanbilak… kar, kar.

Iluntzen hasi da eta etxera bueltatzeko ordua da. Gaur, abenduaren 2an, Sopuertan bildu garen 50 lagunok poz-pozik goaz etxera, gure eskualdean euskaraz bizitzeko aukerak handituz doaz eta.

2012/12/05

Abenduak dakarrena...



Gogoratu gaur Sopuertako La Baluga Kultur Etxean "Zergatik Ez" tailerra izango dela arratsaldeko 19:00etan. Tailerra euskararen erabilera soziala bultzatzeko helburuarekin egiten da. Konfirmatu zure asistentzia ondoko telefonoan: 94 667 18 51.

Bestalde, datorren ostegunean, hilak 13, "Barrura begiratzeko leihoak" dokumentala izango dugu ikusgai Zallako Zine Antzokian. Entzutetsua izan den dokumentalaren emanaldia arratsaldeko 20.00etan izango da.

Eta ostiralean, hilak 14, asteari amaiera ona emateko... berbalagunon gabonetako afaria Balmasedako Igerilekuetan... Ez hutsik egin !!!