2007/04/24

Berbalagun urteurrena

Urte bat bete dugu, lagunduko al diguzu kandela itzaltzen?

Enkarterriko Berbalagun egitasmoa orain dela urte bete jaio zen Enkarterrin euskarak bizi duen egoera larriari aurre egiteko. Gure eskualdean euskaraz bizitzea ez da batere erraza, klaseetatik kanpo erdara da nagusi, euskara ikasleak eta euskaldunak oro har aukera murritzak ditu bere hizkuntzan mintzatzeko.



Udal euskaltegia eta AEK euskaltegia hasieratik euskara kalera ateratzearen garrantziaz jabetu ziren eta proiektu desberdinak garatu zituzten irtenbide bat bilatu nahian. Aipatzekoa da, esaterako, Mintzalagun egitasmoa orain dela urte batzuk antolatu zena eskualdeko ikasle, irakasle eta euskaldunekin. Mintzalagun desagertu bazen ere, Berbalagun proiektuaren oinarriak finkatu zituen.

Lehenengo pausuak txikiak izan baziren ere gaur egun 9 talde daude martxan Enkarterrin zehar; 2 Sodupen, 3 Zallan eta 4 Balmasedan, eskualde osoko lagunek osatuak. Berbataldeen funtzionamendua erabat desberdina da taldeen arabera. Bakoitza autogestionatzen da, hau da, eurek erabakitzen dute noiz bildu eta zer egin.


Haien eta Enkarterriko beste euskaldunen beharrei begira Berbalagun proiektuan parte hartzen duten eragile desberdinek (euskara zerbitzuak, euskara taldeak, euskaltegiak, aisialdi taldeak...) ahalegin handia egin dute euskarazko kultur eskaintza zabal eta duina egiteko. Makina bat ekitaldi antolatu dira Berbalagun proiektua abian jarri zenetik, besteak beste, literatur tailerrak, argazkigintza eta perkusio ikastaroak, kontzertuak, hitzaldiak, diaporamak, mendi irteerak, sagardotegirako txangoak, tailerrak, festak…


Baina ez dugu guk dena kontatuko, utziko diegu haiei hitz egiten, horretarako sortu baitzen Berbalagun, berba egiteko. Enkarterriko Berbalagunak ezagutu nahi dituzue?

1 comment:

ZALLA EUSKALDUN said...

zorionak!!!! bazen garai enkarterrin horrelako programa bat martxan jartzeko, zorionak benetan, oraindik ez dut izena eman baina datorren urtean parte hartuko dudala zin dagizuet.