2015/05/19

Familientzako tailerra. Kronika







       Pasa den larunbatean, maiatzak  16, sukaldaritza  familian tailerra egin genuen Zallan. Bertan, umeek, gurasoek lagunduta, oso pintxo eta postre gozoak eta dibertigarriak prestatu zituzten. Sukaldatzeaz gain dastatzeko aukera ere izan genuen. Tailerrak ahoan dastamen gozoa utzi zigun hurrengorako.

Eskerrik asko Begoñari eta hara hurbildu zineten guztiei.

2015/05/15

Udan ere praktikatu gurekin


       Uda heltzear dago eta honekin batera udarako planak egiteko unea helduko da. Urtean zehar berbatalde batean egon bazara edo denbora ezagatik berbalagunean aritu ezin izan bazara, udan ere #lotsarikgabe gurekin praktikatzeko aukera izango duzu udako berbataldeetan parte hartuz.

Eman izena ekainaren 19an baino lehen eta euskaraz gozatu udan!!!

Izena emateko: enkarterri@aek.org edo 671 070 044

2015/05/14

Irakurri, gozatu eta oparitu


       Balmasedako Udal-liburutegia eta Euskara Zerbitzua proiektu berri batean elkartu dira. Euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatzea du xede eta haren goiburua “Irakurri, gozatu eta oparitu” da. Funtzionamendua oso erraza da. Gure liburutegiaren erabiltzaile batek irakurri duen euskarazko liburu bat itzultzen duen bakoitzean, fitxa sinple bat beteko du eta txeke bat eramango du berekin. Txeke horri esker, % 25eko deskontua egingo diote oparitzeko euskarazko liburu bat erostean. Berbalagun proiektuan parte hartzen baduzu, deskontua % 50ekoa izango da. Irakurri, gozatu eta oparitu proiektua apirilaren 23tik ekainaren 30era egongo da martxan, balmasedar guztiek horretaz gozatzeko aukera eduki dezaten. Era berean, bi zozketa egingo dira, bata apirilean eta bestea ekainean, parte hartu duten pertsona guztien artean; saria 30 euroko erosketa-txeke bat izango da.

EUSKARAZ IRAKURRI, GOZATU, OPARITU ETA BIZI!

Sukaldaritza tailerra Sodupen.


       Zuen seme-alabekin errezeta dibertigarri eta gozoak prestatzen ikasi nahi duzue?  Sukaldean txef izugarriak zarete baina oraindik ez dakizue? Bada, hil honen 26an, asteartea, sukaldean daukazuen trebezia erakusteko aukera paregabea izango duzue Sodupen egingo dugun familientzako sukaldaritza tailerrean.  Arratsaldeko 18:30ean, sodupeko kultur etxean.

EZ GALDU AUKERA ETA EMAN IZENA LEHENBAILEHEN, 

PLAZAK MUGATUAK DIRA ETA!  

2015/05/11

Zallako mintzodromoa.

       
       Maiatzaren 21ean, osteguna, mingaina askatzeko aukera paregabea izango dugu Zallan egingo dugun mintzodromoan. Mahai batzuen inguruan gaur egungo gai batzuei buruz mintzatuko gara kafea eta pasta gozo batzuk  hartzen ditugun bitartean. Lagunen artean, giro ezin hobea eta euskara nagusi, zerbait gehiago eskatu ahal da, bada? Arratsaldeko 17:00etan, Zallako frontoian. 

ANIMATU ETA #lotsarikgabe MINGAINA ASKATU!!!

Izena emateko: Enkarterriko euskaltegietan, enkarterri@aek.org, edo 
671 070 044

2015/05/06

Familian euskaraz jolasean


       Hil honen 16an, larunbata, goizeko 11:00etan "Familian euskaraz jolasean" tailerra antolatu dugu Zallako frontoian. Familian aritzeko ekitaldi honetan gurasoek zein umeek, primeran pasatzeaz gain, euskal jolasak eta kantak ikasteko eta praktikatzeko aukera paregabea izango duzue; Dona-dona, katu-katu, aulkiaren jolasa, dordokak, besteak beste.

ANIMATU ETA PARTE HARTU!

Izena emateko: enkarterri@aek.org edo 671 070 044

2015/05/04

Zein da Enkarterriko zure txokorik politena?

       Hona hemen "Zein da Enkarterriko zure txokorik gogokoena?" argazki lehiaketan parte hartu duten lagunen argazkiak eta azalpenak. Orotara, 10 argazki jaso ditugu Enkarterriko toki guztietatik: paisaiak, txoko magikoak, natura, ondare historiko-artistikoak, etab. Orain, txokorik politena zein den  erabakitzeko unea heldu da eta zuk erabaki hori hartzeko parte izan zaitezke.  Ikusi argazkiak eta eman zure bozka beheko aldean agertzen den loturan. Gainera, zure bozka emanez gero, KORRIKA materialaren zozketan parte hartuko duzu.

Bozkatu


1. Eretza 
        Eretzako tontorreraino igotzea dudarik gabe neketsua da, izan ere Enkarterrin mendi gutxi daude Eretza baino altuagoak. Hala ere, tontorretik ikusten den paisaia izugarrizkoa da; besteak beste, Gorbeia, Anboto, Garobel edo Ordunte mendikateek inguratzen gaituzte. Gainera ia Enkarterriko bailar guztiak ez ezik, Bilbo Handia eta itsasoa ere gure oinetara daude.



2. Karrantzako patroia
     
       Niretzat batik bat berezia den Karrantzako Buen Sucesoko Amabirjinari hurrengo hitzak eskenei nahi dizkiot.

        Bera dugu Karrantza Haranako patroia eta aipatzeko da bere egun handia irailaren 18an ospatzen dela, uda pasatu eta gero. Berari dagokion baseleizatik ikus ditzakegu araneko ikusmen zoragarriak, zoratzeko modukuak.
 
        Egun berezi eta eder bat igaro nahi baduzu, nahiz eta herrikoa ez izan, ezin dezakezu ahaztu neretzako den egun hunkigarri hori.



3. Sodupeko jolas-parkea
        Hau da nire txoko politena. Sodupen dago. Nahiz eta duela hamar urte edo gehiago han egon, jende gutxik erabiltzen du, zertarako balio duen ez daki eta.
         
       Bai ariketa fisiko egiteko bai jolasteko balio izaten du , eta gainera, umeek ez ezik , gazteek eta helduek ere erabil dezakete.



4. Turtziozeko Aguera ibaia

        Nire Enkarterriko txokorik gogokoena nire herrian dago eta ibai eder bat da, Agüera izenekoa. Ibaiaren ondoan, zuhaitz altuak eta sendoak daude eta gainera, basoaren itxura dauka. Oso toki lasaia da ibiltzeko. Handik pasatzen zaretenean, bakarrik entzuten da ura eta txorien kantuak.

        Horrez gainera, aisaldirako gune bat dago arnas bat hartzeko eta zerbait jateko. Beraz, picnic edo barbakoa bat egin ahal da.




5. Balmasedako erreka

Hau da nire lekua. Ez dakit nola deitzen den, ezaguna ez delako. Garbearako bidean , Santo Domingotik , beste bide bat dago eta Pandozalesera ateratzen da. Inguruan haritzak eta lizarrak daude. Bidea ez da luzea , ordu bat behar izaten da buelta emateko. Niretzat oso polita da . Nire etxetik hurbil daukat eta nire burua esnatu edo lasaitu nahi izaten dudanean hara joaten naiz.




  6. Meatzarien lurraldea

        Nire txokorik gogokoena Sopuertan dagoen Catalinako meategia da. Aspaldian jende askok hantxe lan egiten zuen. Meategitik pixka bat gorago, meatzariek jantoki batean jaten zuten; gaur egun, ordea, jantoki hori aterpetxe bat da. Txikitatik meategia ikusi nahi nuen. Jendeak esaten zuen katalinako meategia oso polita zela, horrexegatik joan nintzen.
 
        Meategira joaten naizen bakoitzean, bide berdetik joaten naiz, horrela alde batetik paisaia naturala ikusten dut eta bestetik, meategiaren hondareak ikusten ditut. Nire ustez, leku paregabea da, eta gainera baretasuna transmititzen du.
 
        Gaur egun, Katalinako meategia ondare historiko-artistikoa da. Beraz, etor zaitezte Sopuertara, ez zarete damutuko!



7. Ubietamendi

       Enkarterriko nire txokorik gogokoena mendi gailur bat da.
Handik ikuspegi ederrak dira eta lekua polita da amets gozoak edukitzeko.

       Sorginak magia bidaltzen dizu eta hegazkinari begira edonora bidaia zaitezke.


       Loizaga dorreari begira Erdi Aroko garaietara murgildu ahal zara.
Mendiei, haranei, itsasoari, zeruari,... begira; bidaiatzen jarraitu dezakezu.

       Jendeak esan arren bidaiatzea garestia dela, nik "Ubieta" menditik bidaia asko egin ditut dohainik.

       Amets egin nahi baduzu, mendira igo beharko duzu!


 8. Karrantzako Harana

        Argazki honetatik Karrantza-ko haran guztia, Bizkaiko zabalenena, ikusten da. Argazki hau “Suceso” menditik aterata dago. Nabariena, bere ehun urtetik gorako haritzekin eta bere bertoko faunarekin,  bere paisaia naturalaren edertasuna da. Asko gustatzen zait Karrantza. Leku ideala da naturarekin konektatzeko eta aire garbia arnasteko.


  9. Araneko ahoa

    Haraneko ahoaren auzoa da (Sopuertako Arenaon).

    Hemen bizi naiz eta egunero buelta bat ematen dut ingurutik. Arenaoko zubi berriak auzoa aldatu du, orain politagoa baita. Leku honetan, larunbatero eta igandero, jende pilo bat etortzen da paseatzera; Orduan, nire auzoan egun horietan ez dago lekurik. Horregatik etortzen da jendea, oso gustatzen zaio eta.




10. Iratxoen etxea

     Sopuertako haritz baso batean etxe bat dago. Etxe hau galduta dago zuhaitzen artean. Inor ez da bizi eta han egoten naizen guztietan iratxo bat agertuko dela  pentsatzen dut.Leku lasaia da eta  batzuetan orkatzak ikus daitezke.




 

2015/04/21

Irakurri, gozatu eta oparitu


       Apirilaren 23an Balmasedako Udalak irakurzaletasuna bultzatzeko "Irakurri, gozatu eta oparitu" kanpaina abian jarriko du. 

       Balmasedako liburutegian euskarazko liburu bat hartu eta irakurri ondoren, bueltatzean, fitxa bat bete ahalko duzu liburuaren inguruko galdera batzuekin. Liburutegiko arduradunak txartela jasotzean erosketa txeke bat emango dizu herriko Maruri liburudendan euskarazko liburuetan deskontuak eskuratu ahal izateko. Irakurleak 10 urtetik beherakoa bada haur literatura erosteko %25eko deskontua izango du, eta 10 urtetik gorakoa bada euskal literaturan.  Irakurzalea izateaz gain, berbalaguna baldin bazara %50eko deskontua jasoko duzu erosketa egiterakoan. Kanpaina hau ekainaren 30ean amaituko da eta txekea uztailaren 6ra arte erabili ahalko da. Honez gain, parte hartzen duzuen guztien artean, maiatzaren eta ekainaren bukaeran 30 euroko erosketa txeke baten zozketa egingo da, aurrekoen modu berean erabiltzeko.

       Liburu bakoitzeko txeke bat erabili ahalko da, hau da, ezin izango dira metatu erosketa bakarrerako. Erosketa txekeak ezingo dira erabili gramatika liburuak, hiztegiak, entziklopediak, eskolako liburuak…erosteko.

IRAKURZALETASUNAZ GOZATU ETA DESKONTUAK ESKURATU!

2015/04/17

Mendi irteera


       Datorren larunbatean, apirilak 25, berbalagunok naturaz gozatzeko aukera paregabea izango dugu. Zallako plazatik Ubieta mendirantz abiatuko gara Euskara gailurreraino eramateko asmoz. Horretarako, goizeko 9:00etan Zallako plazan bilduko gara eta handik bideari ekingo diogu.

ANIMATU ETA LAGUN IEZAGUZU EUSKARA GORAINO EROATEN!!!

2015/04/13

Zein da Enkarterriko zure txokorik gogokoena?


Nork ez du maite bere herria? Harrotasunez “Enkarterrikoa naiz” esaten dugunok asko gara. Herri guztiak dira ezberdinak eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Ez da gauza bera barnealdekoa, kostaldekoa, hiria, herria,...

Lekuak bertokoen nortasunean eragiten du. Hau dela eta, zure Enkarterriko txokorik gogokoena zein den jakin nahiko genuke. Horretarako leku honen argazkia eta zergatik gustuko duzun labur azaldu behar duzu.

Zein da helburua? Enkarterriko txoko politenak ezagutaraztea eta ezagutzea. Argazkiak gure blogean ikusgai egongo dira eta gogokoena bozkatu ahal izango duzue.

Bozka gehien jasoko duena izango al da irabazlea? Ez, blogean jasotako bozkek bozka bakarra ordezkatuko dute. Udal euskaltegia, AEK eta Euskara Zerbitzuak ere epaimahian arituko dira.

Animatu eta parte hartu!

Argazkiak bidaltzeko epea: Apirilak 7 -27
Bidaltzeko modua: enkarterri@aek.org

2015/03/12

Ekintzen egutegia, prest!

   
       Hona hemen hurrengo hilabeteetan Enkarterrin burutuko diren ekintzen egutegia. Martxoan hasita ekainera arte hainbat ekintza interesgarri prestatu ditugu euskaraz disfrutatzeko eta ondo pasatzeko. Zuek egindako proposamenei, iritziei eta iradokizunei esker egutegi polit hau prestatu ahal izan dugu; beraz, eskerrik asko guztiei prozesu honetan parte hartzeagatik eta zuen ekarpenak egiteagatik. Hemendik aurrera errezena baino ez da geratzen; #lotsarikgabe ekintzez disfrutatzea.

Ekintzetan izena emateko:
enkarterri@aek.org - 671 070 044

2015/03/11

Sodupen, Gurasolagun programa martxan.

      
       Atzo, martxoaren 10a, Sodupeko gurasotaldea biltzen hasi zen Kultur-etxean. Bertan, gurasoak zein umeak jolasean eta margoketan aritu ziren giro euskaldunean. Partaideek bi asterik behin biltzeko konpromezua hartuta, hil honen 24an berriro bilduko dira euskaraz gozatzeko. Sodupeko Kultur-etxean, arratsaldeko 18:15ean.

ANIMATU ETA PARTE HARTU!

2015/03/02

Hordago ardoa.


       Ostiral honetan, martxoak 6, Korrika kulturalaren barruan "Hordago ardoa", artez jantzitako ardo dastaketaz gozatzeko aukera izango dugu Zallan. Bertan, Mikel Garaizabal enologoak eta bere bandak dastaketaz gain esperientzia integrala (musika, margolanak, antzezpena eta bideoa) eskainiko digute. Gimnasioan, 19:00etan. Sarrera 6€.

Animatu eta hurbil zaitez!

2015/02/25

Balmasedako mintzodromoa. Kronika.






        Gaur, otsailak 25, Balmasedako II. mintzodromoa egin dugu. Bertan giro euskalduna nagusitu egin da eta partaideek gaur egungo hainbat gairi buruz #lotsarikgabe hitz egiteko aukera izan dute. Solasaldian 68 lagunek, hartu dute parte, berbalagunek eta institutuko, Udal euskaltegiko eta AEK-ko ikasleek eta irakasleek, hain zuzen ere.

ESKERRIK ASKO GUZTIOI ETA AUPA ZUEK!!!


2015/02/10

Balmasedako mintzodromoa.

     Hil honen 25ean, asteazkena, goizeko 10:30ean, beste euskaldun eta euskara ikasle batzuekin hitz egiteko parada izango dugu Balmasedan antolatuko den Mintzodromoan. Kafea eta pastak lagun egungo gai batzuei buruz mintzatuko gara  mahai inguruan. Lagunen arteko tarte polita igarotzeko aukera paregabea galduko duzu?

Eman izena!
enkarterri@aek.org - 671 070 044

2015/02/09

Familian euskaraz jolasean. Kronika.






       Aurreko ostiralean, otsailak 6, "familian euskaraz jolasean" tailerra egin genuen Balmasedan. Emakumearen etxean gurasoek zein umeek Arianak irakatsi zizkigun jolasez eta abestiez  disfrutatzeko aukera paregabea izan zuten. Oso ondo pasatu genuen eta errepikatzeko gogoz geratu ginen.

Eskerrik asko, eguraldia gorabehera, hara hurbildu zineten guztiei.

2015/02/05

Gurasolagun aurkezpena, Sodupen.


      Datorren ostegunean, otsailak 12, Gurasolagun aurkezpena egingo dugu Sodupeko kultur-etxean. Bertan Gurasolagun programaren ibilbidea eta zehetazunak  finkatuko ditugu. Beraz, zure familian euskaraz egin nahi baduzu eta beste familia batzuekin tarte politak igaro nahi badituzu giro euskaldunean, ezin duzu huts egin. Arratsaldeko 15:45ean, kultur-etxean.

       Animatu eta hurbil zaitez!