2019/12/19

Enkarterriko Euskaldunon Jaia. Kronika.




 
Abenduaren 15ean, igandean, Enkarterriko euskaldunak elkartu ginen urtero Berbalagun egitasmotik antolatzen dugun jaian. Aurten Sodupen bildu ginen egun osoko egitarauaz gozatzeko.

Goiza perkusio-tailerreko soinuekin esnatu zen, baita igande goizeko lotiak ere. Erritmoz beteriko beatbox-tailerrarekin jarraitu genuen, Orodreth beatboxerrak eskainia eta goiza borobiltzeko hamaiketakoa prestatu genuen talo-tailerrean. Mila esker, Iñaki Bustillo, zure arto-irinaz egindako taloak eskaintzeagatik.







Eguerdirako herria guztiz iratzarri genuen Ander Urcelay eta Julen Erezuma bertsolariek girotutako bertso-jiran. Giro aparta sortu zen herri bazkarirako gosea piztu bitartean.




















Bazkalostean Nafarroa Kanta Taldeak kantuz bete zituen Sodupeko kiroldegiko lau hormak. Lagun artean luzatu zen arratsaldea eta konturatu gabe Jon Gomez aurkezlearen txanda etorri zen. Harekin Euskaraldiari buruz hausnartzen egon ginen: aurreko Euskaraldiako bizipenak partekatzen eta 2020ko Euskaraldia ediziorako desioak adierazten. Gogoeta kolektibo bikaina!






Eskerrik asko Soduperaino hurbildu zineten guztioi, eta bereziki, jaia antolatzen  lagundu duzuen guztioi.


Hurrengo urtera arte Enkarterriko euskaldunak!

2019/12/18

KIROLA ETA NATURA ekimena bueltan!



       KIROLA eta NATURA programaren 2020ko eskaintza prest daukagu. Ekimen horren bitartez AEKren Praktikatu zerbitzuak gonbidatzen zaitu Euskal Herriko txokorik ederrenak euskaraz ezagutzera. Mintzapraktika programetan antolatzen ditugun mendilagun irteerak osatzeko bi proposamen ditugu:

ASTEBURUKO TXANGOAK
        2020an 6 asteburutan txangoak antolatu ditugu. 

  • Urtarrilaren 26an, Delika zirkoan orientazioa.
  • Otsailaren 16an, Altubeko baso eta ur-jauziak. 
  • Martxoaren 15ean, Zumaiako geoparkea.
  • Maiatzaren 10ean Entziako baso sorgindua.
  • Maiatzaren 31n Montefuerte parkean orientazioa.
  • Ekainaren 14an Araotzeko haitzuloak.
        Txangoetan parte hartzea dohanik bada ere, nahitaezkoa da aurretik izena ematea. Partaide guztiek jasoko dute opari bat, txangoa abiatzerakoan. Halaber, adituen taldeak izango dira beti bidean laguntza emateko. Txangoetan izena emateko bete fitxa hau.

UDAKO IBILTARIAK
        2020ko udako oporrak disfrutatzeko 15 eguneko 2 ibilbide antolatu ditugu:  Lehen aukera, Gorbeiako parke naturaletik irten eta Izaban amaituko dugu, uztailaren 17tik 31ra.
    
       Bigarren aukera, Arabako Oion herrian hasita kostaldeko Lekeitioraino ibilbidea, abuztuaren 1etik 15era.

        Erreserbak egiteko epea apirilean zabalduko dugu. 
        Prezioa: 595 €


ANIMATU ETA DISFRUTATU!

2019/12/05

Gurasolagun pasaportea: Gabonetako tailerra

Kaixo, lagun!

Abenduaren 13an, ostiralean, Gurasolagun pasaporteko 3. ekintza egingo dugu. Bertan, gurasoek eta haurrek, euskaraz mintzatzeaz gain, Gabonetan etxea apaintzeko feltrozko bota egingo dute. Elkarrekin aritzeko aukera paregabea izango dugu, baita familia euskaldun gehiago ezagutzeko ere. Hitzordua Sodupeko kultur etxean izango da, arratsaldeko 17:30ean.

Zatozte elkarrekin gozatzera!


2019/12/03

Enkarterriko euskaldunon jaia Sodupen


Kaixo, lagun!

Abenduaren 15ean, igandean, Enkarterriko berbalagunok eta euskaldunok
hitzordua izango dugu urtero berbalagun egitasmotik antolatzen dugun
Euskaldunon jaian. Aurten Sodupera hurbilduko gara, euskaraz ederki
pasatzera. Horretarako, adin eta gustu guztietarako egun osoko egitarau
zoragarria prestatu dugu:



Egitaraua:

     12:00 - Tailerrak (kiroldegian edo plazan, eguraldiaren arabera).
  • Taloa txorizoarekin edo txokolatearekin
  • Perkusio tailerra 
  • Beatbox tailerra

     13:30 - Bertso-kalejira musikatua: Ander Urcelay eta Julen Erezuma bertsolariekin.

     15:00 - Kantu-bazkaria Nafarroa Kanta Taldearekin.
                  Indabak + Postre + Edaria, kafea eta ogia.
                  Prezioa: 15 EUR
                  Txartelak salgai: Navarro tabernan (Sodupe), Darbuka tabernan (Zalla) eta Skamata tabernan (Balmaseda).
                  Izena emateko epea: abenduaren 13ra arte.

     17:30 - Euskaraldiako kale-ekintza.

     18:00 -  Erromeria.



Hartu zure tiketa lehenbailehen,
oso ondo pasatuko dugu eta!



"Gehiago eta sakonago" aktibazio saioa Zallan.


       2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango den Euskaraldiaren prozesuaren barruan herri batzordeak abiatzeko unea heldu zaigu jada. Hori dela eta, bai partaideen motibazioan eta aktibazioan, bai batzordeen indartzean eragin nahian, Kike Amonarriz komunikatzailea guregana hurbilduko da eta Euskaraldiaren aurkezpen orokor bat egingo digu. Aktibazio saioa datorren ostegunean, abenduak 12, arratsaldeko 18:00etan burutuko da Zallako Gazte Zentroaren gaineko gelan.

ANIMATU ETA HURBIL ZAITEZ!

2019/12/02

Balmasedako Aste Kulturala.

       "Abenduaren erdia gaua eta beste erdia jaia" esaten du esaera zaharrak. Hala ere, urtetan hau horrela izanda ere, Balmasedan azken bolada honetan euskal kultura eta euskararako leihoa ireki dute eta euskaldunoi bertatik begiratzeko gonbida egin digute antolatutako Aste Kulturalaren bidez.

       Abenduaren 11tik 15era euskarak protagonismoa hartuko du hiribilduan eta adin eta gustu guztietarako hainbat ekintza burutuko dira: hitzaldiak, kontzertuak, tailerrak, etab. Ekitaldi hauen guztien informazio zehatzagoa izan dezazuen, hona hemen egitaraua eta ekitaldien kartelak.

ANIMATU ETA PARTE HARTU!









 

2019/11/22

Gurasolagun pasaportea: Sukaldaritza tailerra

Azaroaren 29an, ostiralean, Gurasolagun pasaporteko bidaian 2. geldialdia egingo dugu. Oraingo honetan, gure geltokia Turtziozko Kultur etxea izango da; eta hitzordua 17:30ean dugu, ez ahaztu!

Sukaldaritza tailer honetan galletak kozinatuko ditugu. Gure errezeta sekretuaren osagaiak nahastu, ore harroa lortu eta labean sartuko dugu, galleta gozo-gozoak egiteko.

Anima zaitezte familian eta euskaraz gurekin arratsalde bikaina pasatzera.

Zatoz Gurasolagun eta euskaraz bizi!



Bertso saioak Gordexolan eta Karrantzan.

       Euskararen Nazioarteko Eguna heltzear dago eta gure eskualdean hainbat ekitaldi antolatuko dira hurrengo egunetan, Gordexolan eta Karrantzan bi bertso saio besteak beste. 

 
       Hil honen 29an Gordexolan izango dugu hitzordua bertsolaritzarekin. Afari gozo baten inguruan Miren Amuriza eta Oihana Bartra bertsolariak arituko dira kantuan lagunen artean. Txelus jatetxean, 21:30ean. Prezioa 17€.


       Ia atsedenik hartu barik, abenduaren 1ean, Karrantzara hurbilduko gara bertsoez disfrutatzera. Bertan Onintza Enbeitak eta Etxahun Lekuek lekukoa hartuko dute eta gurekin bazkaltzera etorriko dira. Erpeak tabernan, 15:00etan. Prezioa 15€.


       Ez galdu aukera eta parte hartu!

2019/11/14

Balmasedako gaztelu muinora bisita. Kronika.



 
Enkarterriko parajeak bisitatzea atsegina da beti, are gehiago, lagunen artean egiten bada. Hala, aurreko larunbateko plana gustura bete genuen. Enkarterri ezagutuz egitasmoaren barruan Balmasedako gaztelu muinoa bisitatu genuen Alboan enpresako Jorge gidariaren eskutik.
 

Zerua lainotuta esnatu ginen Enkarterrin, baina euririk ez, goizeko lehen orduetan. Mendira txangoa egiteko eguraldi aproposa, alegia.


Balmasedako Historia Museoan elkartzekoak ginen Berbalagunok eta han bisitaren azalpenak jaso. Hiribilduaren garrantzi historikoaz aritu ginen, erromatar kaltzadaz, hiri-harresiaz eta merkataritza bideaz. Herriaren historiari errepaso edarra eman genion. Gainera, larunbatean bertan, arratsaldez, Balmasedako erreketaren antzezpena burutuko zela aprobetxatuz, frantsesen (herbeheretar tropak zirela bazenekien?) etorreraz eta 1808. urtean gertatutakoaz mintzatu ginen.






Baina gure interesa gaztelu muinoa ezagutzea zenez, berehala zuzenean lekua ezagutzeari ekin genion. Eguraldiak txarrera egin bazuen ere, muinoko tontorrera igo ginen eta handik Kadagua ibaiaren bailara argi eta garbi ikusi genuen. Ikuspegi ederra!







Gailurretik lau haizetara zabaltzen diren lurrak ikus daitezke. Ibaiaren ibilbideak sortutako arrakalak, inguruko mendiak, urrunera garamatzaten bideak. Erraz imagina dezakezu, han egonda, gazteluaren zergatia, harresiaren beharra eta hiribildua izatearen arrazoia.

  

 




Arnasa sakon hartuta eta gure gidariaren azalpen guztiak behin entzunda, bueltako bidea hartu genuen, bere bidaian altxorra aurkitu duenaren sentsazioaz. Biziberrituta.



Beraz, badakizu Berbalagun zatoz eta gozatu Enkarterri ezagutuz!

2019/11/13

Magia ikuskizuna Balmasedan. Kronika.

Aurreko ostiralean, azaroak 8, Gurasolagun pasaportearen bidaia zoragarriari hasiera eman genion. Gure bidaiako lehen geldialdia Enkarterriko hiribildua izan zen, arratsalde ekaiztsu batean.




Trumoiek eta tximistek biltzeko deia egin zuten, eta hala, familia asko Balmasedako Kultur Etxera hurbildu ziren Asier Kidam magoaren Aroa eta miraria ikuskizunaz gozatzera.
Aretoa bete genuen!









Helduek zein haurrek ikaragarri disfrutatu zituzten magoak egindako trikimailu, ilusio eta arteak. Superheroiak, aro miragarriak eta artzain arduratsuak ezagutu genituen. Hutsetik agertutako bolo-bolak, helikoptero eolikoak eta ardi berdeak.
Baten bat eskupekoa eta guzti itzuli zen etxera!




Kanpoan ez zen giro, baina kultur-aretoan giroa bero-beroa izan zen.
Miraria!


Hurrengo geralekuan, Turtziozen, elkar ikusiko dugu Gurasolagun, bien bitartean, ondo izan!

2019/10/31

Balmasedako Gaztelu muinora bisita gidatua

Kaixo, Berbalagun!

Ikasturte honetan ere Enkarterri ezagutuz ekimena burutuko dugu. Gure ingurune gertuena ezagutzeko aukera paregabea. Hots, gure altxorrak aurkitzeko, gure parajeak arnasteko eta gure kulturaz jabetzeko abagune bikaina.

Hala, azaroaren bigarren larunbatean, hilak 9, Balmasedako Gaztelu muinoa ikusiko dugu. Balmasedako Historia Museotik abiatuko gara haraino eta bidean gida batek azalduko dizkigu toki zoragarri horren historia eta garrantzia.

Beraz, Historia Museoan elkartuko gara, San Juan plaza ondoan, goizeko 10:30ean.

Zatoz zeure ingurua ezagutzera, gure Enkarterri ezagutzera!


 

2019/10/28

Gurasolagun pasaportea abiatzear dago!

        Datorren asteko ostiralean, azaroak 8, arratsaldeko 17:30ean hasiera emango diogu berriro ere Gurasolagun pasaportearen ekimenari. Lehenengo ekitaldi honetan, Asier Kidam magoak familientzako "Aroa eta mirariak" ikuskizuna eskainiko digu Balmasedako kultur etxean. Gainera, ikasturte osoan zehar egingo diren ekintzetarako pasaportea eskuratu ahalko duzue. Ezin da gehiago eskatu!

ANIMATU ETA ETOR ZAITEZTE 
FAMILIAN TARTE ATSEGINA IGAROTZERA!

(Ez da izena eman behar)
 

 

2019/10/16

Enkarterriko Euskaldunon Topaketa antolatzeko bilera


Aurten Enkarterriko Euskaldunon Topaketa Sodupen ospatuko dugu. Horretarako zurekin batera lan egin eta guztiontzat zoragarria izango den jaia antolatu nahi dugu.

Ideiak elkar trukatzeko, proposamenak egiteko eta antolaketan parte hartzeko bilera egingo dugu.




Non? Sodupeko Kultur Etxean

Noiz? Ostegunean, urriaren 24an

Ordua: 19:00

                                    Hurbildu zaitez eta parte hartu!



Praktikatu eta bizi. Izan zaitez berbalagun!



       Euskara praktikatu nahi baduzu edo euskaraz bizitzeko aukera berrien bila bazabiltza, eman izena berbalagun talde batean. DOHAINIK da! 😊

Izena emateko: enkarterri@aek.eus / 671 070 044 (Whatsapp)

2019/10/09

Giro ezin hobea Gangas egunean.

       Gangas egunean, giro ezin hobea lagun, plazara atera ginen eta Berbalagun egitasmoari buruzko informazioa ematen igaro genuen goiza. Jende andana hurbildu zen guregana jakin minez eta opari polit bana eskuratu zuten; horien artean Jon Maia eta Onintza Enbeita bertsolariak eta haiekin zihoazen bertsozaleak ere egon ziren. Honetaz gain, azkeneko urteetako ekintzen argazkiak ikusi ahal izan zituzten eta Enkarterriko produktuen saskiaren zozketan parte hartu zuten.

        Mila esker hara hurbildu zineten guztioi eta zorte on zozketan!

       Gangasera hurbildu ezin zinetenentzat, hona hemen eguneko testigantza grafikoa.










2019/09/30

Berbalagunen informazio-gunea Gangas egunean

Zatoz Berbalagun!
Gangas egunean, urriaren 7an, Zallan izango gara, goizean zehar, Madres Irlandesas plazan Berbalagun egitasmoaren informazio guztia partekatzeko prest.
Hurbil zaitez gugana elkar agurtzera, edo lagun berriak egitera. Zatoz eta zozketa zoragarrian parte hartuko duzu, oparitxoak banatuko dizkizugu eta hainbat sorpresa topatuko dituzu.

Zatoz euskararen arnasgunera! 
Zatoz Berbalagunen informazio-gunera!