2013/06/07
Ikasturtea amaitzear dago...
Eguraldiak nahastu nahi gaituen arren, egutegiak ekainean gaudela dio... beraz, egutegiak diona sinestu beharko dugu...
Batzuek antzematen duzue dagoeneko ikasturteko amaierako nekea eta oporren beharra, ezta?
Berbalagun egitasmoaren ohiko programazioak ere atseden hartuko du (nahiz eta aurten udako berbalaguna ere izango den...)
Gero arte esateko momentua heldu da beraz. Baina oporrak hartu aurretik berbataldeetan parte hartu duzuen berbalagun guztiak biltzea proposatzen dizuegu.
Ikasturteko azken poteoa, azken afaria, azken topaketa, azken mintzapraktika saioa... egin nahi dugu eta horretarako hitzordua ondokoa da: ekainak 28, ostirala. 19.30ean triki-kantu-poteoa Darbuka tabernan hasita. Ondoren, Zallako erretegira joango gara afaltzera. Menua 14 eurokoa da eta zenbat lagun joango garen jakin behar dugu erreserba egiteko. Beraz, hasi agendan eguna gordetzen eta izena eman afarirako!!! Bideak betikoak dira: facebook bitartez mezu pribatua (Enkarterriko Berbalagun), Berbalagun sakelekora deia edo mezua (671 07 00 44) edo e-posta idaztea (enkarterri@aek.org).
Azkenik, eskerrak ematea berbalagun egitasmoa Enkarterrin posible egin duzuen guztioi: euskara teknikariak, kultur eragileak, euskaltzaleak, euskaldun zaharrak, euskara ikasleak... azken finean, egitasmora hurbildu zareten guztioi eskerrik asko!!! Enkarterrin ere euskara elkarri ematen diogu...!!!
2013/05/23
Txikientzako txangoa Basondora
Balmasedako Euskara Zerbitzuak irteera antolatu du Basondo fauna babeslekura. Ekainaren 8an izango da eta 4-11 urte bitarteko gaztetxoei dago zuzenduta.

Goizeko hamarretan aterako da autobusa Balmasedatik eta buelta bostetan izango da. 5 euroko prezio du txangoak eta janaria eraman beharko da bertan bazkaltzeko. Argibide gehiagorako deitu hurrengo telefonora:
94 680 00 00 (Miren). Izena emateko epea hilaren 30ean bukatzen da.
2013/05/22
Euskararen aldeko jaietara joateko autobusak
Ibilaldia, Eskola Publikoa eta Araba Euskaraz ekimenetara joateko autobusak antolatu dituzte Zallan. Informazioa zabaltzeko ikusi kartela edo bisitatu hurrengo lotura
Balmasedatik ere Ibilaldiara joateko autobusa egongo da. Zubi Zaharra Ikastolan eman behar da izena. Prezioa: 5e Balmasedakoentzat eta 6 Balmasedakoak ez direnentzat.
Gordexolatik Hodoibaltza Euskara Elkarteak ere autobusa antolatu du. Udaletxetik aterako da goizeko hamarretan eta 6 euro ordaindu behar dira.
Ez zaitez etxean geratu !!!
2013/05/15
Badator... Mintza Eguna !!!
Aurtengo Mintza Eguna Elgoibarren izango da ekainaren 1ean,
bertako Izarra Kultur Elkarteak 50 urte bete baititu. Aurreko urteetan
bezala, egun osoko egitaraua izango dugu: kalejira, bazkaria,
erromeria...
Bazkarirako txartelak aldez aurretik hartu behar dira, beraz, eskuratzeko deitu 94 473 54 48 telefonora edo idatzi asapala@gmail.com helbidera.
Informazio guztia ezagutzeko klikatu hemen
2013/05/09
Zallako berbalagunak topera !!!
Berbalagun egitasmoak gero eta euskaldun gehiago erakartzen ditu eta horren adibide garbienetako bat Zallan dugu. Izan ere, iaz talderik ez zen egon herrian, eta aurten ordea, talde bat ez ezik, bi talde osatu dira. Asteazkenetan biltzen dira talde biak, bata goizez eta bestea arratsaldez.
Apunta itzazu hitzorduak eta eman euskara elkarri:
Asteazkenetan goizeko 12.30ean OREKA tabernan.
Asteazkenetan arratsaldeko 18.30ean ITZALA tabernan.
2013/05/02
Berriaren 10. urteurrenaren ospakizuna Zallan
Datorren ostiralean, hilak 10, BERRIA egunkariaren 10. urteurrena ospatuko da Zallako Zine-antzokian. Bertara joateko 5 sarrera ditugu eskualdeko berbataldeetan parte hartzen duzuenon artean zozketatzeko. ZOZKETAN parte hartzeko bideak bi dira: Berbalaguneko facebook kontura (Enkarterriko Berbalagun) mezu pribatua bidaltzea zure izen eta telefonoarekin edo Berbalaguneko sakelekora mezua bidali (671 07 00 44). Zozketa maiatzaren 8an izango da, beraz, egun horretara arte duzu aukeraizena emateko! Zorte on !
2013/04/09
Euskaldunon bila jarraitzen dugu...
Oporrak hartu aurretik Enkarterriko euskaldunoi deia egin genizuen Berbalagun egitasmoan parte hartzeko. Izan ere, gure eskualdean biltzen diren berbalagunak euskara ikasleak dira gehienak eta aberasgarria litzateke ikas prozesua bukatu duzuenon presentzia handitzea. Honen bitartez eskertu nahi dizuegu interesa erakutsi duzuen guztioi eta jadanik taldeetan parte hartzen hasi zaretenoi, taldeei bizitasuna ematen diezuelako eta ikaslearen motibazioa ere handitzen delako.
Hala ere, kurtsoa bukatzeko hilabete gutxi falta da eta oraindik indartu beharreko taldeak ditugu eskualdean. Artzentales, Sodupe edota Gordexolan parte hartu nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan:
Sakelekoa: 671 07 00 44
E-posta: enkarterri@aek.org
2013/03/07
Enkarterrin lana euskaraz !
Beharsarea Enkarterri, euskarazko lana bideratzeko interneteko ataria
da, doakoa eta euskaraz egiten den lana eskaini eta eskatzeko tresna
erraz eta eraginkorra.
Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren ekimenez sortutakoa, hauxe da Internet helbidea: www.beharsarea.net/enkarterri
Ataria bi norabideetan prestatuta dago, izan ere zuzenean kudeatzen ditu bai lan-eskaera bai lan-eskaintza:
Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren ekimenez sortutakoa, hauxe da Internet helbidea: www.beharsarea.net/enkarterri
Ataria bi norabideetan prestatuta dago, izan ere zuzenean kudeatzen ditu bai lan-eskaera bai lan-eskaintza:
- Alde batean, euskaraz lan egiteko jendearen bila dabilen Enkarterriko familia, enpresa, denda, taberna, elkarte eta erakundeak hartzen ditu.
- Beste aldean, euskaraz lan horiek egiteko prest dagoen jendea.
2013/02/04
Badaukagu plana !!!
Aurreko ostegunean Euskararen Planaren aurkezpenera hurbildu ginen herritarrok argi utzi genuen Enkarterrin badagoela euskararekiko ardura, eukararekiko interesa eta euskararekiko maitasuna. Enkarterriko Mankomunitateko presidentea eta Euskara Teknikaria izan ziren saioaren zuzendariak baina bertaratu ginenok ere parte hartzeko aukera izan genuen. Planaren diseinuan lagundu duten Elhuyar Fundazioko bi neska jatorrek planaren xehetasunak erakutsi zizkiguten eta euskaldunon testigantzak ere entzuteko aukera izan zen. Asistentzia ere bikaina izan zen, 50 lagun inguru elkartu ginen Zallako Kultur Etxean, iragarritako luntxak ere zerikusia izango zuen agian... Hala ere, guztion ondorioa zera izan zen: Enkarterriko euskararen egoera Enkarterriko astoaren antzerakoa da: arriskuan edo egoera zailean egon arren, gauzak astiro joan arren... lana aurrera ateratzen ari da eta aurrerapausoak egiten jarraitu behar dugu!!! Animo!!!
2013/01/29
Enkarterriko Euskara Plan berria
Enkarterriko Mankomunitateak Euskara Plan berria onartu du eta ostegun honetan, hilak 31, egingo du horren aurkezpena. Mankomunitateak eskualdeko euskaldun guztioi luzatu digu gonbidapena eta Berbalagun ere bertan izango da. Informazioa zabaltzeko hona hemen Mankomunitatearen prentsa oharra:
EUSKARA
PLAN BERRIA ONARTU DU MANKOMUNITATEAK 2013-2016 ALDIRAKO
Enkarterriko
Mankomunitateak Euskararen Plan estrategiko berria onartu zuen abenduaren 18an
egin zuen Batzar Orokorrean. 2013-2016 urteetarako, euskararen arloan
Mankomunitateak izango dituen ildoak, lehentasunak eta egitasmoak zehazten ditu
plan honek. Plan berria osatzeko orduan, garrantzi berezia eman zaio
herritarren partehartzeari. Horregatik, planaren diseinua osatzeko hiru
lan-saio egin dira urrian eta azaroan hainbat herritar eta herriko
eragilerekin. Plan egokia diseinatzeaz gain, funtsezkoa baita herriko
euskaldunak eta euskaltzaleak aktibatzea eta herritarren elkarlana bultzatzea.
Lehentasunak
Enkarterriko herritarren euskararenganako sentsibilizazioa lantzea, euskaldunen
kopurua handitzea eta Enkarterriko euskaldun sarea sendotzea dira.
Hau
da, euskaldunen eta erdaldunen motibazioan eragiteko beharra nabarmendu da;
lehenengoek hiztun izateko pausua eman dezaten - batez ere gazteen kasuan- eta
bigarrenek euskararen mundura hurbil daitezen edota aldeko jarrera erakuts
dezaten. Horrekin lotuta, Mankomunitateak euskararen erabilera sustatzeko
egitasmoak eta jarduerak bultzatzen jarraitu behar du bai eskolatik kanpo bai
eskola barruan: lagun artean, kalean, euskaldun berrien artean, euskaldun
zaharren artean, udaletxean, kirolean…; eta baliabideak edo erraztasunak eman
ez dakitenei ere ikas dezaten.
Dena
den, Euskara plana ez da plan itxia, etengabe egokitzeko sortua baizik. Hori
kontuan hartuta, aurrera eramateko beharrezkoak diren egiturak sortu behar ditu
Mankomunitateak. Horregatik, interesa duten eskualdeko talde eta norbanakoekin
osatu nahi da Euskararen Aholku Batzordea urtarrilean. Batzordearen egiteko
nagusia planaren jarraipena eta urtero-urtero kudeaketa plana osatzen laguntzea
izango da.
Bada,
planari buruzko zehaztasun gehiago ezagutu nahi izanez gero, urtarrilaren 31n
arratsaldeko 19:00etan Zallako Kultur Etxera hurbiltzeko gonbidapena luzatu
nahi die Mankomunitateak herritarrei; egun horretan egingo baita planaren
aurkezpena.
Bertan,
prozesuan parte hartu dutenak izango dira euren iritzia emateko eta prozesua
zelan ikusi duten azaltzeko, horrekin batera eskualdeko euskaltzale batzuen
testigantzak ere entzuteko aukera izango da.
2013/01/21
Izena emateko kanpaina berria abian da...
Badira urte batzuk Berbalagun egitasmoa Enkarterrira heldu zenetik. Hasierak gora-beheratsuak izan dira, proiektu berri guztietan gertatzen den bezalaxe. Baina aurten bere heldutasun puntura heldu dela esan dezakegu. Izan ere, hazkunde nabarmena bizi izan du urritik hona, izena eman duten berbalgun berrien kopurua ia bikoiztu baita. Funtzionamenduak ordea, beti bezain sinplea izaten jarraitzen du: euskaraz mintzatu nahi den jendea harremanetan jartzen dugu eta horretarako tabernetan, parkean, mendian… elkartzen dira, normalean astean ordubetez.
2013. urterako zure helburuen artean, euskaraz bizitzea badago, bete ezazu gurekin zure helburua!!!
Eman izena Berbalagunen:
671 07 00 44
enkarterri@aek.org
http://berbaterri.blogspot.com
2013/01/08
Urtea irribarretsu hasteko...
Urte berri on guztioi!!! Dagoeneko errutinan murgildu gara... baina oporretatik buelta hain zaila ez izateko proposamen batekin gatoz: barreterapia saioa !!! Ostiral honetan (hilak 11) izango da, 19:00etatik 21:00etara, Balmasedako Kultur Etxean.
2012/12/20
Agur 2012, kaixo 2013
Kaixo berbalagunok!
![]() |
2012. urteko azken sarrera izango da hau. Urteari agur esateko garaia heldu da. Gabonetako oporrak datoz eta hauei esker atseden hartzeko tartea izango dugu. Berbalagun egitasmoarentzat urte oparoa izan dela esan dezakegu. 9 berbataldeekin itxiko dugu urtea, Sodupe, Zalla eta Trutziozen talde berriak sortzea lortu dugu eta gaur egun 80 lagun inguru biltzen gara Berbalagun egitasmoaren inguruan. 2013. urtea gogotsu hasteko arrazoi nahikotxo ditugu beraz. Hori dela eta, momentu honetan dauden berbataldeen ordutegiak zuekin elkarbanatu nahi ditugu, informazioa zabaltzen lagunduko gaituzuelakoan.
2012/12/18
Sopuertako euskaldunon jaiaren kronika...
Eguna lainotuta hasi arren jendea gerturatu ahala eguzki izpiak gero eta indartsuagoak izaten hasi dira. Euskaldun goiztiarrenak gaztetxoak izan dira. Buruhandiekin jolasteko eta boladoreak egiteko gogoekin azaldu dira Sopuertako auzoetxean. Bitartean, Enkarterriko Korrikako arduraduna, Ariana, Korrikako materiala erakusteko saltokia ari da prestatzen. Umeek nola jolasten duten begira gaudela usain goxoa heldu zaigu helduon sudurretara. Goizeko hamabiak dira, urduritasunak ez digu hamaiketakoa egiten utzi eta Rodri eta Joseba dagoeneko bazkaria prestatzen hasi da… Sukaldia erraldoia da, guztion gosea asetzeko modukoa!
Umeak jolastu eta zikindu dira, beraz, gure beste helburuetako bat bete dugu jada. Eguna aurrera doa eta orain pote batzuk hartzeko ordua heldu da. Balmasedako Nafarroa Kantu Taldea prest dago poteoa girotzeko. Taberna bat baino gehiago bisitatu dugu bazkaldu baino lehen, inork ez zuen puntu hau zalantzan jarriko, ezta? Denok ezagutzen ditugun kantuak abestu ondoren auzoetxera bueltatu gara, egarririk ez daukagu orain baina sabela oihukatzen hasiko da momentu batetik bestera. Hala ere, bazkaltzen hasi aurretik, familia argazkia aterako dugu, ahaztu ez dezagun, Enkarterrin ere euskara bizirik mantentzen dela. Bazkaldu ostean berbalagun kamisetak zozketatu dira eta “tongo” oihuekin bukatu dugu eguna… Nola da posible AEK-ko irakasle eta arduradun guztiei kamisetak tokatzea? Zein gustoko ditugun eskaldunok iskanbilak… kar, kar.
Iluntzen hasi da eta etxera bueltatzeko ordua da. Gaur, abenduaren 2an, Sopuertan bildu garen 50 lagunok poz-pozik goaz etxera, gure eskualdean euskaraz bizitzeko aukerak handituz doaz eta.
2012/12/05
Abenduak dakarrena...
Gogoratu gaur Sopuertako La Baluga Kultur Etxean "Zergatik Ez" tailerra izango dela arratsaldeko 19:00etan. Tailerra euskararen erabilera soziala bultzatzeko helburuarekin egiten da. Konfirmatu zure asistentzia ondoko telefonoan: 94 667 18 51.
Bestalde, datorren ostegunean, hilak 13, "Barrura begiratzeko leihoak" dokumentala izango dugu ikusgai Zallako Zine Antzokian. Entzutetsua izan den dokumentalaren emanaldia arratsaldeko 20.00etan izango da.
Eta ostiralean, hilak 14, asteari amaiera ona emateko... berbalagunon gabonetako afaria Balmasedako Igerilekuetan... Ez hutsik egin !!!
2012/11/29
Iulian Iantzi Galdamesen euskararen eguna dela eta
Larunbat honetan Galdamesen EITBko aurkezlerik ospetsuena izango da. Iulian Iantzik "euskara ahoan eta bihotzean" izeneko hitzaldia emango du abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Eguna dela eta.
2012/11/19
2012/10/10
aisialdirako begirale ikastaroa
ORAINDIK BADAUKAZU AUKERA Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatzen duen Aisialdiko Begirale Ikastaroan parte hartzeko. Ikastaroa urrian hasi eta maiatzean bukatuko da. Amaitzean parte-hartzaileek Eusko Jaurlaritzak homologatutako AISILADIKO BEGIRALE TITULUA eskuratuko dute.
Izena emateko Mankomunitateko Euskara Zerbitzura deitu URRIAREN 19A BAINO LEHEN: 94 667 18 51 (Lorea).
2012/09/27
Euskaren Plan Estrategikoaren diseinuan parte hartu !!!
Enkarterriko euskaldunok badugu hitzordua datorren asteartean, hilak 2. Izan ere, 2013-2017 epealdirako gure eskualdeko Euskararen Plan Estrategikoa diseinatuko da. Diseinuaren prozesua hiru saiotan banatu da: urriaren 2an, 16an eta 30ean. Batzar bakoitza bina ordukoa izango da: 18:30etatik 20:30etara. Elkartzeko tokia Enkarterriko Mankomunitatea izango da eta hausnarketarako ildoak ondokoak:
1. batzarra:
- Euskararen inguruko nork bere bizipen pertsonalak partekatzea
- Orain arteko lanaren balorazioa egitea
- Diagnosia osatzea
2. batzarra:
- Azken diagnosia kontrastatzea
- Helburu eta lan-ildo estrategikoak adostea
3. batzarra:
- Helburu estrategikoak eta esparru bakoitzerako ekintza zehatzak adostea
Asistentzia Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan konfirmatzea eskertuko da: 94 667 18 52 telefonoan edo euskera@enkarterri.org helbide
elektronikoan.
Enkarterriko Berbalagunok egitasmoa bertan izango gara... beraz,
asteartera arte !!!
2012/09/20
Ikasturteko lehendabiziko proposamena: BARRETERAPIA
Hauxe da datorren ostiralerako luzatu nahi dizuegun gonbidapena! Balmasedako Emakumearen Etxean 18.00etatik 20.00etara. Izena emateko azken eguna: hilaren 25ean. Ez galdu aukera !!!
Subscribe to:
Posts (Atom)













