2019/11/22

Gurasolagun pasaportea: Sukaldaritza tailerra

Azaroaren 29an, ostiralean, Gurasolagun pasaporteko bidaian 2. geldialdia egingo dugu. Oraingo honetan, gure geltokia Turtziozko Kultur etxea izango da; eta hitzordua 17:30ean dugu, ez ahaztu!

Sukaldaritza tailer honetan galletak kozinatuko ditugu. Gure errezeta sekretuaren osagaiak nahastu, ore harroa lortu eta labean sartuko dugu, galleta gozo-gozoak egiteko.

Anima zaitezte familian eta euskaraz gurekin arratsalde bikaina pasatzera.

Zatoz Gurasolagun eta euskaraz bizi!



Bertso saioak Gordexolan eta Karrantzan.

       Euskararen Nazioarteko Eguna heltzear dago eta gure eskualdean hainbat ekitaldi antolatuko dira hurrengo egunetan, Gordexolan eta Karrantzan bi bertso saio besteak beste. 

 
       Hil honen 29an Gordexolan izango dugu hitzordua bertsolaritzarekin. Afari gozo baten inguruan Miren Amuriza eta Oihana Bartra bertsolariak arituko dira kantuan lagunen artean. Txelus jatetxean, 21:30ean. Prezioa 17€.


       Ia atsedenik hartu barik, abenduaren 1ean, Karrantzara hurbilduko gara bertsoez disfrutatzera. Bertan Onintza Enbeitak eta Etxahun Lekuek lekukoa hartuko dute eta gurekin bazkaltzera etorriko dira. Erpeak tabernan, 15:00etan. Prezioa 15€.


       Ez galdu aukera eta parte hartu!

2019/11/14

Balmasedako gaztelu muinora bisita. Kronika.



 
Enkarterriko parajeak bisitatzea atsegina da beti, are gehiago, lagunen artean egiten bada. Hala, aurreko larunbateko plana gustura bete genuen. Enkarterri ezagutuz egitasmoaren barruan Balmasedako gaztelu muinoa bisitatu genuen Alboan enpresako Jorge gidariaren eskutik.
 

Zerua lainotuta esnatu ginen Enkarterrin, baina euririk ez, goizeko lehen orduetan. Mendira txangoa egiteko eguraldi aproposa, alegia.


Balmasedako Historia Museoan elkartzekoak ginen Berbalagunok eta han bisitaren azalpenak jaso. Hiribilduaren garrantzi historikoaz aritu ginen, erromatar kaltzadaz, hiri-harresiaz eta merkataritza bideaz. Herriaren historiari errepaso edarra eman genion. Gainera, larunbatean bertan, arratsaldez, Balmasedako erreketaren antzezpena burutuko zela aprobetxatuz, frantsesen (herbeheretar tropak zirela bazenekien?) etorreraz eta 1808. urtean gertatutakoaz mintzatu ginen.






Baina gure interesa gaztelu muinoa ezagutzea zenez, berehala zuzenean lekua ezagutzeari ekin genion. Eguraldiak txarrera egin bazuen ere, muinoko tontorrera igo ginen eta handik Kadagua ibaiaren bailara argi eta garbi ikusi genuen. Ikuspegi ederra!







Gailurretik lau haizetara zabaltzen diren lurrak ikus daitezke. Ibaiaren ibilbideak sortutako arrakalak, inguruko mendiak, urrunera garamatzaten bideak. Erraz imagina dezakezu, han egonda, gazteluaren zergatia, harresiaren beharra eta hiribildua izatearen arrazoia.

  

 




Arnasa sakon hartuta eta gure gidariaren azalpen guztiak behin entzunda, bueltako bidea hartu genuen, bere bidaian altxorra aurkitu duenaren sentsazioaz. Biziberrituta.



Beraz, badakizu Berbalagun zatoz eta gozatu Enkarterri ezagutuz!

2019/11/13

Magia ikuskizuna Balmasedan. Kronika.

Aurreko ostiralean, azaroak 8, Gurasolagun pasaportearen bidaia zoragarriari hasiera eman genion. Gure bidaiako lehen geldialdia Enkarterriko hiribildua izan zen, arratsalde ekaiztsu batean.




Trumoiek eta tximistek biltzeko deia egin zuten, eta hala, familia asko Balmasedako Kultur Etxera hurbildu ziren Asier Kidam magoaren Aroa eta miraria ikuskizunaz gozatzera.
Aretoa bete genuen!









Helduek zein haurrek ikaragarri disfrutatu zituzten magoak egindako trikimailu, ilusio eta arteak. Superheroiak, aro miragarriak eta artzain arduratsuak ezagutu genituen. Hutsetik agertutako bolo-bolak, helikoptero eolikoak eta ardi berdeak.
Baten bat eskupekoa eta guzti itzuli zen etxera!




Kanpoan ez zen giro, baina kultur-aretoan giroa bero-beroa izan zen.
Miraria!


Hurrengo geralekuan, Turtziozen, elkar ikusiko dugu Gurasolagun, bien bitartean, ondo izan!