Urte berriari hasiera ona emateko, aurreko ostiralean emozioak kudeatzen ikasteko tailerra antolatu genuen Sodupen. Kultur Etxean bildu ginen, arratsaldeko 18:30etan, giro epel eta gozo batean.
Gelara sartzean dena prest zegoen: Oihana Penades coach emozionala gure zain zegoen emozioen unibertsoaz lagunduta. Bai, bai, emozioen unibertso bat! Hasieran, gure barneko emozioak sentitu ahal izateko "pausa" egin genuen: kezka eta zarata guztiak kanpoan utzi, eta geure buruarekin bakarrik egoteko momentua izan zen. Horrek lasaitzen lagundu gintuen.
Ondoren, emozioak zer diren ikasi genuen, unibertso oso bat ezagutu genuen minutu batzuen buruan. Baina ez pentsa eremu teorikoan gelditu ginenik, ez! Geure buruari galderak eginez lortu genuen emozioak antzematea: nola nago? Zer sentitzen dut orain?
Horretan gehiago sakontzeko, talde txikietan banatu eta elkarrekin nork bere istorioa sortu zuen irudi batzuen laguntzaz. Gure azken urteari emozio bat esleitu genion; orainari, beste bat; eta etorkizunari, azken bat. Oso aberasgarria izan zen elkarrekin aritzea; batak besteari bere ikuspuntua azaltzea. Besteak zure errelatoan ikusten duena jakitea.
Hantxe bukatu zitzaigun elkarrekin egoteko denbora; ez, ordea, hausnarketa egiteko unea. Tailerrean ikasitako tresnak gure egunerokoan erabiltzeko gonbita egin zigun Oihanak. Egunero "gure pausa" bilatu, geure buruari galdetu, gure istorioa osatu.
Eta zuri ere, irakurle, gure gonbidapena: euskaraz seguru bizi Enkarterriko Berbalagunekin!