2015/01/29

Bete Zalla euskaraz!

 
     Zallako bazter guztiak euskaraz bete nahi ditugulako, euskaldunei eta euskara ikasten ari direnei euren herrian esparru berriak eman nahi dizkiegulako eta halako askoz arrazoi gehiago irabazteko daukagulako, gaur euskararen erabileran aurrerapauso txiki bat dena etorkizunean euskararen normalizazioan lorpen handien bihurtu ahal da.

       Hori dela eta, Berbalagun egitasmotik aurrerapausu txiki hori gurekin ematera animatu nahi zaituztegu, bihar Zallan euskaraz bizi ahal izateko. Euskaldunok euskara ikasten ari direnei lagunduz, euskaldunon arteko harremanak sendotuz eta, batez ere, gure ingurukoekiko harremanetan  hizkuntz-ohiturak aldatuz lortuko dugu euskaldun guztion ametsa: euskaraz bizitzea.

Izan zaitez berbalagun!   

Telefono. 671 070 044

2015/01/21

Gurasolagun aurkezpena eta "Familian euskaraz jolasean" tailerra


        
     Transmisioak ezinbesteko garrantzia du hizkuntza baten biziraupenerako, eta euskara ez da salbuespena. Zentzu honetan, gurasoen zein familiako kideen inplikazioa oso garrantzitsua da etxeko hizkuntz-ohituretan eragina zuzena dutelako. Jolasen bidez, haurrek zenbait gaitasun eta trebezia garatzeaz gain, familian hizkuntz-ohiturak ezartzen dira eta euren euskararekiko motibazioa, ezagutza eta erabilera areagotzen da.

   Hori dela eta, aurten, euskara kalean praktikatzeko Berbalagun egitasmoaren barruan, Gurasolagun programa ere eskaintzeko asmoa daukagu Balmasedan, gogoa duten gurasoek astean behin elkartu eta ordubetez euskaraz egiteko aukera izan dezaten. 

     Ekimen honi hasiera emateko gure herrian guraso eta seme-alabentzako umeen kantak eta jolasak ikasteko "Familian euskaraz jolasean" tailerra antolatu dugu. Beraz, zure haurrekin euskaraz jolasten eta abesten tarte polit bat igaro nahi baduzu, hil honen 30ean, ostirala,  aukera paregabea izango duzu Balmasedan antolatuko dugun familientzako tailerrean. Emakumearen etxean, arratsaldeko 17:15ean. 

Eman izena ahalik eta lasterren, plazak mugatuak dira eta!
 
Izena emateko: enkarterri@aek.org edo deitu 671 070 044ra (28ra arte)

2015/01/20

Lagun txikiak euskaraz zapatuetan


Hilerik behin, zapatuan, etxeko txikitxoekin oso tarte polita igaro nahi baldin baduzue, hona hemen aukera paregabea Balmasedako Udalak eskaintzen diguna. Larunbat honetan, urtarrilak 24, ekitaldiei hasiera emango diegu Monda Lironda pailazoekin. Arratsaldeko 17:30ean, kultur etxean.

Animatu eta parte hartu!