2021/06/21

Euskal sua hitzaldiaren kronika

 


Ekainaren 16an, asteazkena, udako solstizioa gertu daukagula aprobetxatuta, Zallako Kultur Etxean udaburuari buruzko hitzaldia izan genuen. Bertan jabetu ginen antzinatik ospatzen ditugun erritu eta festetan naturako elementuren batek garrantzia duela: izan sua edo ura, izan zuhaitzak eta belarrak, beti aurki dezakegu natura errituotan.


Horren erakusle belaunaldiz belaunaldi transmititu diren mito eta elezaharrak ditugu; baita etxean ikasitako ohitura zaharrak ere. Askotan haien jatorrizko zentzua galdu dugun arren, egiten jarraitzen ditugun ekintzak dira; esate baterako, eguzki-lorea etxe atarian jartzea, edo urte berriko lehen ura iturritik hartzea.  

 

Halaber, gure herriko edozein tradizio aztertuz gero, konturatuko gara antzera sortu zela, eta naturako osagai batek parte hartzen zuela. Horrela, aspaldiko errito pagano bat, kristauen fede berriarekin nahastu, eta gaur egun arte iraun duten ospakizunak sortu ziren,  San Jaun gaua, adibidez. Bertan suak berebiziko indarra du. Berdin gertatzen da ezagutzen ditugun pertsonaia mitologikoekin. Haiei buruz ere luze aritu ginen.

Hori guztiaz, eta askoz gehiagoz, mintzatu zitzaigun Aritza Bergara euskal idazle eta komunikatzaile trebea. Hasiera hasieratik haren hitzek harrapatu gintuzten; eta horrela pasatu genuen arratsaldea: biziki gozatuz eta ikasiz. Mila esker Aritza gurekin egoteagatik, eta gure ohiturak entzuteagatik; eta eskerrik asko gerturatu zineten guztioi ere. Plazera izan zen zuekin asteazken arratsaldea igarotzea. 

 

  

 Hurrengora arte, Berbalagunak!

No comments: