2015/12/14

Enkarterriko euskaldunon IV. topaketa. Kronika
















       Pasa den igandean, abenduak 13, eskualdeko euskaldunok oso egun polita igaro genuen Zallan antolaturiko Enkarterriko euskaldunon IV. topaketan. Goizean "Familian euskaraz jolasean" tailerrarekin hasiera eman genion ekitaldiz beteriko egunari. Zallako bertso eskolako lagunekin eta La Quadrako airea taldearekin Zallako kaleak euskaraz eta musikaz bete genituen bazkaltzera joan baino lehen. Indarrak berreskuraturik, kantuka eta dantzan hasi ginen. Jaiari amaiera ederra emateko Esther Egia aktoreak bere "lokero"-arekin konpartitutako bizipenak eta burutazioak entzuteko aukera paregabea izan genuen. Egun zoragarria domekan Zallan igaro genuena!!!

ESKERRIK ASKO ZALLAKO BERTSO-ESKOLARI, LA QUADRAKO AIREA TALDEARI, ESTHER EGIARI ETA HARA HURBILDU ZINETEN GUZTIOI!!!

  

2015/12/09

Familian euskaraz jolasean tailerra


       Igande honetan, abenduak 13, Zallan egingo den Enkarterriko euskaldunon topaketaren egitarauaren barruan, gurasoek eta umeek antzinako euskal kantak eta jolasak ikasteko aukera paregabea izango dute goizean burutuko den “Familian euskaraz jolasean” tailerrean. Bertan, begirale batek lagunduta, gurasoak eta haurrak elkarrekin arituko dira euskaraz jolasten eta abesten. Tailerrean parte hartu nahi baduzu, hara hurbildu baino ez duzu egin behar. Goizeko 11:30ean, Mimetiz gimnasioan.

ANIMATU ETA EKIN EUSKARARI JOLASEAN!!!

2015/12/02

Enkarterriko euskaldunon topaketa


       Hil honen 13an, igandea, Enkarterriko euskaldunon IV. topaketa egingo dugu Zallan. Egun osoan zehar, euskara nagusi, ume zein helduentzako ekintzak antolatuko dira: familian aritzeko tailerrak, bertso-jira, bazkaria, bakarrizketa, euskaraokea,...eta beste horrenbeste jolas eta sorpresa. Berbalagunekin, ikaskideekin, familiarekin edo koadrilako lagunekin egun zoragarria igarotzeko plan bikaina dugu euskaldunon topaketan. 

LAGUN IEZAGUZU ENKARTERRI EUSKALDUNTZEN. 
ANIMATU ETA HURBIL ZAITEZ!

Bazkarirako txartelak salgai: 12 €
Skamatan (Balmaseda), Zure-etxen eta Darbukan (Zalla) eta Navarron (Sodupe).

2015/12/01

Sukaldaritza tailerra. Kronika






       Aurreko ostiralean, azaroak 27, familian plater zoragarriak prestatzen ikasteko aukera paregabea izan genuen Balmasedan.  Pintxo gozoak egin eta dastatu ondoren, oso postre dibertigarriak prestatu genituen fruta, txokolatea eta beste elikagai batzuekin aurpegiak, animaliak edo paisaiak osatuz. Oso ondo pasatzeaz gain askari polita eta ezberdina egiteko ere parada izan genuen. Hurrengoan, zu ere parte hartzaile!!!

ESKERRIK ASKO BEGORI ETA 
HARA HURBILDU ZINETEN GUZTIOI!

2015/11/18

Mendi irteera. Kronika






 
       Pasa den larunbatean berbalagunok Kolitza mendira igo ginen. Goiz goizean, laino artean, Balmasedatik abiatu ginen gogoz, goiz ederra igarotzeko prest. Igoera apur bat gogorra izan arren, tontorreraino ailegatzea lortu genuen. Han paisaia zoragarriaz disfrutatzeaz gain itzelezko hamaiketakoa hartu genuen eta indarrak berreskuratu genituen jaitsierari ekiteko. Oso egun polita igaro genuen mendian eta euskaraz. 

ESKERRIK ASKO GUREKIN ETORRI ZINETEN
GUZTIOI ETA HURRENGORA ARTE! 

 

2015/11/17

Irakurle kluba


       Hil honen 24an, asteartea, Zallako irakurle kluba berriro elkartuko da Xabier Etxaniz idazlearen "Sirena-hotsak" liburuari buruz hitz egiteko. Liburua eskuratzeko Zallako liburutegira baino ez duzu jo behar eta hor maileguan har dezakezu. Zallako udal liburutegian, 18:30ean.

LIBURUA ESKURATU ETA 
IRAKURZALETASUNAZ GOZATU!

2015/11/16

Sukaldaritza tailerra. Plater dibertigarriak

       Azaroaren 27an, ostirala, gurasoek eta umeek elkarrekin tarte zoragarria igarotzeko aukera izango dute plater dibertigarriak prestatzen. Anana, banana, ogia, hegaluzea eta beste askoz osagarri gehiago konbinatuz izugarrizko plater politak prestatuko ditugu. Gainera, platerak prestatzeaz gain dastatzeko ere aukera izango dugu. Arratsaldeko 5:00etan, Gazte txokoan.

Izena emateko: enkarterri@aek.org edo 671 070 044 (24ra arte)

IZENA EMAN AHALIK ETA LASTERREN
PLAZAK MUGATUAK DIRA ETA!

 

2015/11/04

Mendi irteera


       Hil honen 14an, larunbatean, berbalagunok mendira joango gara. Goiz-goizean Balmasedako Foru plazatik abiatuko gara Kolitza mendirantz. Paisaia ederrak, konpainia ezin hobea eta euskara lagun izango dugu ibilbide osoan zehar. Beraz, agenda hartu eta 14a gorriz markatu mendiarekin eta euskararekin hitzordua daukagu eta.

ANIMATU ETA ETORRI GUREKIN GOIZA PASATZERA!!!


2015/10/22

Baga, biga, higa


       Hil honen 30ean, ostirala, gaueko 21:00etan Baga, biga, higa hitzaldi-kontzertua ikusteko abagune paregabea izango dugu Balmasedan. Bertan, Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta musikariak hizlari eta kantari izango ditugu azken hamarkadatan euskal musikak egindako ibilbidea kontatzeko. Gainera, berbalaguna bazara txartelak dohainik eskuratzeko aukera izango duzu.

Ez galdu parada eta 30ean hurbil zaitez  Klaret antzokira.

2015/10/19

Berbalagun aurkezpena. Kronika






       Pasa den ostiralean, urriak 16, Berbalagun aurkezpena egin genuen Balmasedan. Bertan, Leirek, Zallako bertso eskolako bertsolaria, ongi etorria eman ostean, Karmelek eta Arkaitzek, Enkarterriko berbalagunak, azken urteotan egitasmoan egindako ibilbidearen berri eman ziguten euren esperientziak eta bizipenak kontatzen. Hitzordua aprobetzatuz, taldeko selfieak egin genituen, eta giro ezin hobean luntxa dastatu genuen saioari amaiera gozoa emateko. 

ESKERRIK ASKO HARA HURBILDU ZINETEN  GUZTIOI!

2015/10/08

Berbalagun aurkezpena

       Urriaren 16an, ostirala, ikasturte honetan Berbalagun egitasmoari hasiera ona emateko Berbalagun aurkezpena antolatu dugu Balmasedan.  Bertan Zallako bertso eskolakoek ongi etorria eman ostean Enkarterriko zein kanpoko berbalagunon esperientziak eta bizipenak entzuteko aukera izango dugu. Amaitzeko, taldeko selfiea egingo dugu eta luntx gozoa dastatuko dugu. Arratsaldeko 18:00etan, Balmasedako kultur etxean.

ANIMATU ETA HURBIL ZAITEZ!

2015/09/22

#lotsarikgabe praktikatu gurekin!


Kaixo berbalagunok,

       Udazkena heltzear dago eta honekin batera Enkarterrin berbalagun egitasmoa berriro martxan jartzeko unea heldu da. Pasa den urtean asko izan zineten gurekin #lotsarikgabe berbataldeetan parte hartu zenutenak. Aurten, lagun berriak erakartzea helburutzat hartu dugu ahalik eta bizilagun gehiengana helduz. Xede hau lortzeko eskualdeko lagun, elkarte zein eragile guztien laguntza eta ekarpenak  beharrezkoak dira. Hori dela eta, #lotsarikgabe zuengana jotzen dugu, zuen parte hartzea ezinbestekoa da eta.

2015/06/30

Oporretara goaz!!!

       Uda iritsi da eta honekin batera ondo merezitako oporrak hartzeko unea ere heldu zaigu ikasturtean zehar berbalagunean aritu garen guztioi. Hala ere, euskarak ez du oporrik hartuko, eta udan ere, euskaraz mintzatzen jarraituko dugu leku guztietan; hondartzan, mendian, herrietako jaietan,....

Oso opor politak izan eta irailean berriz elkartuko gara.

Enkarterriko berbalagun.

2015/06/17

Berbalagunon afaria.

       Uda ate joka dago eta honekin batera atseden hartzeko unea ere heldu da. Baina udazkenera arte esan aurretik, berbataldeetan zein urtean zehar antolatu diren ekitaldietan parte hartu duzuen lagun guztiak biltzea proposatu nahi dizuegu.

        Ikasturteko azken topaketa honetarako afari bat antolatzea pentsatu dugu eta hitzordua jarri dugu jada: ekainak 26, ostirala, Zallan. Beraz, eguna agendan apuntatu eta eman izena eman!!!

Izena emateko: enkarterri@aek.org - 671 070 044 (Whatsappen bidez ere!)
Prezioa: 20€

2015/06/04

"Azukrea: goxo oso mingotsa" tailerra. Kronika





       Atzo "Azukrea: goxo oso mingotsa" tailer teoriko-praktikoa egin genuen Balmasedan. Bertan egunerokortasunean erreparatzen ez diegun azukreari buruzko hainbat kontu ezagutzeko aukera izan genuen. 

       "Mugarik gabeko albaitariak" GKEko lagunek azukrearen eta burtsa, esklabutza, lobbia eta menpekotasuna terminoen arteko harremana erakutsi eta hauen kontra aritzeko burutzen ari diren priektuen berri eman ziguten. Oso ideia interesgarriak plazaratu ziren saioan sortutako solasaldian eta denok azukre inguruko garrantziaz jabetu ahal izan ginen.


ESKERRIK ASKO VSF-KO LAGUNEI (JANIRE ETA ENEKO)  ETA HARA 

HURBILDU ZINETEN GUZTIOI.