2020/12/23

Autu-mautua: Everest Trail Lasterketa. Kronika.

 

 

Enkarterriko Berbalagunok autu-mautua egin genuen aurreko ostegunean, abenduaren 17an. Topaketa birtuala izan zen, arratsaldeko 19:00etan. Nor bere etxetik konektatu eta Enkarterriko beste euskaldunekin elkartu ginen euskaraz disfrutatzeko. Yosu Gomezen kontaketa entzun genuen eta nahi izan genituen galdera guztiak egin genizkion; gure jakinmina guztiz ase arte.
 
Yosuk Everest Trail Lasterketan izandako esperientzia kontatuko zigun. Nepalera egindako bidaia, han igarotako lehen egunak eta hango ohitura eta hainbat bitxikeria kontatu zizkigun. Ondoren, lasterketaren sei egunak xehetasunez azaldu zizkigun: ibilbidean orientatzeko jarraibideez, kanpamenduko gora-beherez, eta batez ere, bizipen pertsonalez mintzatu zen. Galderak egin genizkion, eta patxadaz euskaldunen artean euskaraz mintzatzeko tarteaz gozatu genuen. Errepikatzeko moduko ekintza izan zen.
 










Eskerrik asko konektatu zineten lagun guztiei, eta batez ere, Yosu Gomez lagunari; plazer izan baitzen zuekin egotea.  
 
Beraz, badakizu Berbalagun, autu-mautu gehiago antolatuko ditugu, zeuk ere aukera paregabeak izan ditzazun gurekin parte hartzeko.

HURRENGORA ARTE!




2020/12/04

Enkarterriko lehenengo autu-mautua: Everest Trail Lasterketa


Abenduaren 17an, Yosu Gomezek Everest Trail lasterketan izandako esperientzia kontatuko digu, eta solasalditxoa egingo dugu horri buruz. Topaketa birtuala izango da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Parte-hartzeko bidali whatsapa 671 070 044 zenbakira zure izen-abizenak eta e-postarekin, eta bideo-deiaren gonbidapena bidaliko dizugu.
 
Anima zaitez eta gurekin bat egin!

 

2020/12/03

Gurasolagun pasaportea: Amalurra ipuin kontalariaren kronika






Pasa den ostiralean, azaroak 27, Gurasolagun pasaporteari ekiteko plan ederra prestatu genuen Zallan: ipuin-kontaketa. Bertan, gurasoek eta haurrek arratsalde dibertigarria igaro zuten elkarrekin ipuin ederrez gozatuz. Amalurrek gorputza eta burua astintzera gonbidatu gintuen, hainbat kanta eta txotxongiloen bidez. Guk geuk sortutako istorioak imajinatu genituen, sagutxo bihurri batekin hortzen bila ibili ginen, eta Ttartalo barazkijale bihurtu zitzaigun! Hori guztia euskaraz, familian eta giro atseginean.



MILA ESKER AMALURRARI

ETA BERTARA HURBILDU ZINETEN FAMILIA GUZTIEI!