2018/03/07

Ekainberrin eta sagardotegian giro ederra!











       Pasa den larunbatean, martxoak 3, Enkarterriko berbalagunok egun zoragarria igaro genuen Gipuzkoako Urolaldean. Goiz goizean eta eguzkia lagun Zestoara abiatu ginen Ekainberri museoa bisitzera. Gure antzinako arbasoek egindako marrazki ederrak ikusi eta Zestoatik paseo bat egin  ostean Itziarko Urberu sagardotegira hurbildu ginen bazkari gozoa dastatzera. Arratsaldean, txangoari ahalik eta aterramendu gehien ateratzeko asmoz, Zumaiara joan ginen bertako flysa ikustera; alferrik ordea, itsasgora zegoen eta.


KOBAZULOETAN ZEIN KUPELETAN,
BETI EUSKARAZ. AUPA ZUEK!!!






2018/03/01

Gurasolagun pasaportea martxan Enkarterrin!


       Hil honetan Berbalagun egitasmotik Gurasolagun pasaporte ekimena jarriko dugu martxan. Martxotik ekainera familientzako 4 ekintza burutuko ditugu familia barruan euskararen erabilera sustatzeko eta hizkuntza ohiturak ezartzeko. Lau ekitaldi hauetan partaideek (gurasoek eta seme-alabek) Gurasolagun pasaportea deritzon dokumentua eskuratu ahalko dute eta honen bidez, bidaia zoragarria egingo dute proposatutako lau geltokietan geldialdiak egiten. Bidaiaren amaieran geltoki gehienetatik pasako diren partaideek sari bikaina jasoko dute.

       Eta bidaiari ekiteko hona hemen lehenengo geltokia:


       Martxoaren 10ean, larunbata, Rosa Martinez ipuin kontalaria eta bere txontxongiloak Balmasedan izango ditugu "Hala bazan" ikuskizuna aurkezten. Kultur etxean, arratsaldeko 17:30ean.

ANIMATU ETA BIDAIAZ DISFRUTATU!

2018/02/27

Balmasedako mintzodromoak mugak gainditzen!















       Pasa den ostegunean, otsailak 22,  euskaldun andana bildu ginen Balmasedako V. mintzodromora. Mahai batzuen inguruan eta kafea lagun, 70 lagunek aisialdia, zoriontasuna eta euskara izan zituzten mintzagai saioan zehar. Iritzi ezberdinak, ikuspegi anitzak eta euskara nagusi Balmasedako mintzodromoan.


ESKERRIK ASKO PARTAIDE GUZTIEI, JON MIKELI

ETA LAGUNTZAILE GUZTIEI!!
 

2018/02/20

Masaje tailandar tailerraren kronika.








       Pasa den ostegunean, oso tarte atsegina igaro genuen Masaje tailandar tailerrean aritu ginenok. Margak bideraturik, gorputz atal guztiak landu genituen masaje erraza eta integralaren bidez, baten bat ia lotan geratu arte.  Orain, ikasitakoa praktikan jartzea besterik ez dugu.


ESKERRIK ASKO PARTAIDE GUZTIEI,

ETA, BATEZ ERE, MARGARI!!!

2018/02/14

Kirola eta natura euskaraz!


       Kirola eta natura uztartzen dituen SEI TXANGO proposatu nahi dizkizuegu Enkarterriko berbalagunetik.

       Kirola eta Natura egitasmoa abiatu du AEKren Praktikatu zerbitzuak. Zikloa osatuko duten sei txangoak Praktikaturen ohiko eskaintza osatzera datoz. Orain arte Mendilagunak, Berbabentura eta Barnetegi Ibiltariei esker mendi irteerak, eskalada, orientazio ikastaroak, arroila jaitsierak... euskaraz burutu badira ere, sei txango hauek kirola, natura eta euskarazko kultur eskaintzaren konbinazioa izan nahi dute. Helburua da Euskal Herriko kultura eta parajeak euskaraz ezagutzea, eta egun atsegin bat igarotzea natura errespetatzen ikasiz.


         Lehenengo irteera Mairuelegorretako kobazulora izango da, otsailaren 24an, ibilaldiaren ostean bertan Igor Arzuagaren kontzertu akustikoa entzuteko (+info). Ondoren etorriko dira Itxinako zeharkaldia bertsolariekin, martxoaren 24an; orientazio ikastaroa Zugaztietan eta bisitaldia Peñas Negras interpretazio zentrora, apirilaren 21ean; arroila jaitsiera Aguake ur jauzian, maiatzaren 19an; orientazio ikastaroa Pagoetan eta bisitaldia Agorregi burdinolara, ekainaren 2an; eta Urdaibaiko kayak zeharkaldia eta Bird Center-era bisitaldia, ekainaren 16an.

        Irteeretan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea. Partaide guztiek jasoko dute opari, txangoa abiatzean, motxila txiki bat eta eguneko jatordua. Halaber, aditu taldeak izango dira beti bidean laguntzeko.

2018/02/12

Ekainberri museoa eta sagardotegia


       Txotx denboraldia hasita, martxoarekin batera, kultur txangoa egiteko unea heldu zaigu berbalagunoi. Aurten, martxoaren 3an egingo dugu eta Zestoara abiatuko gara Ekainberri museoa bisitatzeko. Museoa bisitatu eta Zestoatik bueltatxo bat egin ostean, Itziarko Urberu sagardotegian bazkari ederraz gozatuko gara. Hementxe duzue plana:

9:30 - Balmasedako bus geltokian.
9:45 - Zallako udaletxe ondoko bus geltokian.
9:50 - Gueñesko bus geltokian.
10:00 - Sodupeko bus geltokian.
11:00 - Zestoara heltzea.
12:00 - Ekainberri museoari bisita.
14:30 - Bazkaria Urberu sagardotegian
19:30 - Buelta etxera.
 
Prezioa: 30 €.
Izena emateko: enkarterri@aek.eus, 671 070 044 (Whatsapp)
Txartela eskuratzeko azken eguna otsailaren 23a izango da.

2018/02/08

Balmasedako mintzodromoa ate joka!


        Otsailaren 22an, osteguna, euskararen erabilera sustatzeko eta euskara ikasleen artean jarrera aktiboa bultzatzeko Balmasedako mintzodromoaren V. edizioa egingo dugu. Bertan, mahai batzuen bueltan, Enkarterriko euskaltegietako eta institutuko ikasleak, berbalagunak eta gainontzeko euskaldunak pil-pilean dauden gai batzuei buruz mintzatuko gara giro atseginean. Euskara maite baduzu eta Enkarterrin euskaraz bizi nahi baduzu, ez galdu aukera! Goizeko 10:30ean, pilotalekuan.
Izena emateko: enkarterri@aek.eus edo 671 070 044 (Whatsapp). 
                        Otsailaren 19ra arte.
ANIMA ZAITEZ!

2018/02/05

Masaje tailandar tailerra Sodupen.


       Otsailaren 15ean, osteguna, arratsaldeko 19:00etan, Marga Zulueta berbalagunak eta masajistak, gorputza zein burua osasuntsu mantentzeko, masaje tailandar tailerra emango du Sodupeko Kultur etxean. Bertan nork bere buruari egokitzen zaion masaje integrala, atsegina eta erraza ematen ikasiko dugu, eta etxean edonork egin ahal dituen hainbat teknika ere praktikan jarriko ditugu.

Izen ematea: 671 070 044 (Whatsapp)
                        Otsailaren 13ra arte.

ANIMATU ETA EMAN IZENA AHALIK ETA LASTERREN,
PLAZAK MUGATUAK DIRA ETA!

2018/01/09

Enkarterriko Berbalagun. Izen emateko epea zabalik!



Norentzat? 

Euskara praktikatu nahi baduzu, baina ez
badaukazu norekin egin; edo, euskalduna
izanda, euskaraz bizitzeko aukera berrien bila
bazabiltza, gure eskaintza aproposa zaizu.

Nola osatzen dira taldeak?

5-6 laguneko taldeak izaten dira; horiek osatzeko, kontuan
hartzen ditugu parte-hartzaileen disponibilitatea, adina eta
zaletasunak. Mintzataldeak bildu ahal dira kafetegian,
tabernan, edo paseoan ibiltzeko... parte-hartzaileek
erabakitzen dute non eta noiz, beti lagun-giroan.

Eta familientzat?

Gurasolagun daukagu; jolasak, txangoak eta
tailerrak egiten ditugu, helduak eta haurrak batera
aritzeko. Hainbat familia batzen direnez, aukera
egokia ere bada lagun gehiago egiteko. Asteburu-
pasak ere antolatzen ditugu, urtean bitan gutxienez.

Gehiago nahi?

Ekintza osagarrien bidez, hainbat aukera topatuko
dituzu euskal kultura ezagutu eta euskaraz
praktikatzeko. Besteak beste: mendi-irteerak,
hitzaldiak, tailerrak, kultur-irteerak, euskaldunon
topaketa, mintzodromoak...

... eta guztia dohainik!


2017/12/20

"Kosmetika jangarria" tailerraren kronika














       Atzo 17 lagunok oso tarte atsegina igaro genuen Zallan burututako "kosmetika jangarria" tailerrean. Bertan, egunero etxean sortutako jaki soberakinekin azala zein ilerako hainbat tratamendu egiten ikasi genuen; limoi desodorantea, kañamo esfoliantea, arbendola olioa, platano eta aguakate maskarilla, etab. Honetaz gain, tailer hau kokatutako slow mugimendua ezagutzeko aukera bikaina izan genuen. 

ESKERRIK ASKO DAWARI
ETA HARA HURBILDU ZINETEN GUZTIOI!

2017/12/13

Mikel Uraken eta Abereh zuzenean Balmasedan!


       Zapatu honetan, abenduak 16, Mikel Uraken eta Abereh musikariak zuzenean arituko dira Balmasedako Azoka Kulturalaren egitarau barruan antolaturiko kontzertu akustikoan. Bide batez, emanaldia aprobetxatuko dute euren diskoak aurkezteko. Klaret antzokian, arratsaldeko 20:00etan. 
 
HURBILDU ETA GOZATU MUSIKAZ!

2017/12/12

Balmasedako Azoka Kulturala hasteko prest!


       Gaur, abian jarriko da  Balmasedako II. Azoka Kulturala; eta hasiera ezin hobea emateko Kirmen Uribe idazlea izango dugu gure artean bere azken liburuari buruz, Elkarrekin esnatzeko ordua, hitz egiteko. Kultur etxean, 19:00etan.

ANIMATU ETA HURBILDU EUSKAL LITERATURARI!!! 

2017/11/29

Kosmetika jangarria tailerra Zallan


       Abenduaren 12an, asteartea, barneko zein kanpoko garbitasunean eta edertasunean eragiteko hainbat tratamendu prestatzen ikasiko dugu Zallan burutuko den kosmetika jangarria tailerrean. Belar eta basa-lore jangarriak zein etxeko elementuak erabiliz kanpotik barrurantz eragiten diguten kosmetikoak prestatuko ditugu: erremolatxazko ezpain-margoa, aurpegirako maskara jangarria, ilea indartzeko elixirra, etab. Elikadura, natura-osasuna, osasunaren autokudeaketa, kosmetikarako natura zein etxeko baliabideak, etab. izango dira tailerrean jorratuko diren beste gai batzuk. Gazte Zentroan (frontoi azpian), arratsaldeko 17:00etan.


Izena emateko: enkarterri@aek.eus - 671 070 044 (Whatsapp)
 

ANIMATU ETA EKIN SORGINKERIARI EUSKARAZ!!!