2016/05/04

Mendi irteera eta indaba jana Sodupen. Kronika.










       Aurreko larunbatean, apirilak 30, berbalagunok mendiko ibilbidetxo bat egin genuen Sodupeko inguruetatik. Goiz goizean eta eguraldia lagun Sodupeko plazatik indarrez ekin genion bideari. El Grazal errekatxoren ertzetik Lexartzara heldu ginen. Hor, hamaiketakoa hartu ostean, Goikuriarako bidea hartu genuen berriro Sodupera iristeko. 

       Bueltan Sodupeko lagunek hiru putxera zituzten prestaturik mendizaleok indarrak berreskuratu ahal izateko.  Bazkari gozoa, musika, kantak, dantzak eta giro ezin hobearekin amaitutzat eman genuen egun zoragarri hau.


ESKERRIK ASKO HARA HURBILDU ZIREN GUZTIEI
ETA , BATEZ ERE, BAZKARI GOZOA PRESTATU ZUTEN LAGUNEI!

GORA ZUEK!!!

2016/05/03

Ipuin kontalaria Balmasedan.


     Ostegun honetan, maiatzak 5, "Irakurri, Gozatu, Oparitu" ekimenaren barruan, etxeko txikienek primeran pasatzeko aukera paregabea izango dute Enaitz ipuin kontalariak  eskainiko duen "Enaitz pirata ipuinen munduan" saioan. Jardueraren helburua haurren artean irakurtzearekiko interesa sustatzea da, baita familian egiteko aisialdirako jarduerak proposatzeko ideia zabaltzea ere. Gaztetxokoan, 17:30ean.

ANIMATU ETA HURBIL ZAITEZ!

2016/04/26

"Eskulanak familian" tailerra Sodupen

       Maiatzaren 10ean, asteartea, familian eskulanak egiten ikasteko aukera paregabea izango dugu Sodupen burutuko den "Eskulanak familian" tailerrean. Bertan, artaziekin eta rotulkiekin aritzen garen bitartean, euskaraz tarte polit bat igaroko dugu etxeko txikiekin. Arratsaldeko 17:30ean, kultur-etxean.

Izena emateko: enkarterri@aek.eus edo 671 070 044 tfnora. (5era arte)
 
EZ GALDU AUKERA ETA EMAN IZENA AHALIK ETA LASTERREN
PLAZAK MUGATUAK DIRA ETA!

2016/04/25

"Oporretan ere #lotsarikgabe" selfie lehiaketaren irabazlea.

       Oporretan euskarak etenik ez duenez "Oporretan ere #lotsarikgabe" selfie lehiaketa  jarri genuen martxan, zuen egun horietako bizipenak eta momentu dibertigarrienak berbalagunekin zein gainontzeko beste euskaldunekin konpartitu ahal izateko. Orotara, 9 selfie jaso genituen, taldekoak zein banakakoak, hemendik urrun zein bertan egindakoak, guztiak ederrak. Denak ikusgai daude gure blogean eta selfierik onena aukeratzeko zuen bozkak zein egitasmoko eragileen bozkak jaso ondoren hona hemen irabazlea:

Galdamesen ezkontza aparta.
 
       Galdamesko berbalagunok lehenengo ezkontza ospatu dugu. Izan ere, Diego apaizak Karmele eta Irantzuren arteko maitasun amaigabea bedeinkatu du #lotsarikgabe herriko enparantzan.
 

ESKERRIK ASKO PARTE HARTU DUZUON GUZTIOI
ETA ZORIONAK IRABAZLEEI!!! 
 

2016/04/22

Bertso afaria Karrantzan.

       Maiatzaren 7an, larunbata, triki-poteoa eta bertso afari mundiala antolatu dituzte karrantzako berbalagunek. Arratsaldeko 19:30ean, Miren eta Roberto musikariek lagunduta, ekitaldiari hasiera emango diogu La Parada tabernan.  Egarria asetu ondoren Casa Felisa jatetxera abiatuko gara afariaz eta bertsoez gozatzera. Bertan Jone Uria eta Ander Elortegi bertsolariak berbalagunek prestaturiko hainbat gairi buruz arituko dira bertsotan. 

Afariko prezioa: 25€
Tiketak salgai: Karrantzako AEK euskaltegian, Kultur etxean eta 53 tabernan. (maiatzaren 1era arte)

PLAN HOBERIK EZ DUZU TOPATUKO, ANIMA ZAITEZ!

2016/04/12

Mendi irteera eta indaba jana Sodupen.

       Hil honen 30ean, larunbata, hitzordua daukagu Sodupen antolatu ditugun mendi irteera eta indaba janarekin.  Goizean Sodupe ingurutik ibilbidetxo bat egin ostean, frontoira abiatuko gara hango lagunek prestaturiko indaba janaz disfrutatzera. Lagunon artean, giro ezin hobean eta euskara ahoan egun zoragarria igaroko dugu. Sodupeko plazan, 10:30ean. 

Bazkariko prezioa: 10€
Izena emateko: enkarterri@aek.eus edo 671 070 044 tlfnora (27ra arte)

MAKILA HARTU BESTERIK EZ DUZU,
GOILARA GURE ESKU! 

2016/04/11

"Oporretan ere #lotsarikgabe" selfie lehiaketa

        Aste Santua atzean utzita "Oporretan ere #lotsarikgabe" selfie lehiaketaren argazkiak biltzeko eta onena zein den erabakitzeko unea heldu da. Orotara, 9 argazki jaso ditugu hiru aste hauetan. Batzuk berbalagunek edota ikasleek egindakoak, beste batzuk banako selfieak direnak. Orain zuen txanda da; irabazlea zein den erabakitzen lagun iezaguzue sarrera honetan dauden argazkiak ikusiz eta beheko aldean agertzen den loturan zure bozka emanez. Gainera, bozka ematen duzuenon artean sari bat zozketatuko dugu. Bozka emateko azken eguna apirilaren 22a izango da.


1. AEK-ko ikasleok #lotsarikgabe.
       Kaixo berbalagunok!! Larunbatetako ikasleok aurten oporretara joango ez garenez, azken eskola egunean Zallatik paseotxo bat ematera atera ginen eta...txirristan igo #lotsarikgabe!!  



2. Galdamesen ezkontza aparta.
       Galdamesko berbalagunok lehenengo ezkontza ospatu dugu. Izan ere, Diego apaizak Karmele eta Irantzuren arteko maitasun amaigabea bedeinkatu du #lotsarikgabe herriko enparantzan.
 

3. Kordoban ere #lotsarikgabe.
       Kaixo lagunok! Egun hauetan Kordobatik ibili gara gora eta behera. Ba al dakizue non nagoen? Baaaai! Meskita barruan!! Zein polita. Kordoban ere #lotsarikgabe euskaraz aritu gara, jakina!!
 

4. Balmasedarrok #lotsarikgabe.
       Balmasedarrok merezitako parrandazale ospea daukagunez, Aste Santua pasatu ostean, mozorroak armairutik atera ditugu eta #lotsarikgabe inauteriei ekin diegu berriro. Gurekin praktikatu nahi? 
 

  
5. Ostegunetan Sodupen ere #lotsarikgabe.
       Kaixo lagunok! Sodupeko osteguneko berbalagunok oporren bueltan mingaina astintzeari ekin diogu berriro. Ostegunero pintxo potea hasi baino lehen Eretza tabernan elkartzen gara #lotsarikgabe euskaraz aritzeko. Hona hemen testigantza grafikoa!!!




 6. Sodupeko berbalagunak #lotsarikgabe.
       Ostiraletan Sodupeko lagun batzuk elkartzen gara euskara praktikatzeko. Mahai baten inguruan, kafe bana edo hartzen dugun bitartean egungo gaiei buruz mintzatzen gara giro atseginean. Animatu eta #lotsarikgabe hurbildu guregana.



7. Enkarterriko AEK-ko lotsagabe halakoak! 
       Aupa! Lotsarik zer den ez dakigu... lotsagabeak gara eta Enkarterriko hainbat herritatik etortzen gara astero Zallako AEK-ko euskaltegira euskara #lotsarikgabe ikastera. "Euskaraz bizi nahi dugu!", "Astindu mingaina!", "Eutsi goiari!"... horiexek dira gure lelo gogokoenak eta oso giro onean ari gara ikasten eta praktikatzen. Ez izan lotsarik eta praktikatu gurekin!
-->
     

  
8. Lanean ere #lotsarikgabe euskaraz.
       Oporrak? Zer dira horiek? Beste askotan bezala, aurten ere, beste batzuk oporretan egon zareten bitartean, niri lan egitea egokitu zait beste behin ere. Hori dela eta, selfiea lantokitik bidaltzen dizuet, nire lantokian ere euskaraz #lotsarikgabe aritzea posiblea dela zuek ikusteko. Oporraldi ona izan zenezatela espero dut!

 
9. Artzentalesen berbetan #lotsarikgabe.
       Kaixo lagunok! Artzentaleseko berbalagunak gara eta aurten oporretara joateko aukerarik izan ez dugunez taldeko selfie hau helarazten dizuegu. Ikusten duzuenez, lorategi handi eta polita dugu eguraldi onaz disfrutatzeko eta zuekin konpartitzeko.


2016/04/06

"Boli Bili Boli" ipuin kontaketa antzeztua Balmasedan


       Larunbat honetan, apirilak 9, "Lagun txikiak euskaraz zapatuetan" ekimenaren barruan, plan zoragarria izango dugu familian tarte polit bat igarotzeko: "Boli, Bili, Boli" ipuin kontaketa antzeztua. Arratsaldeko 17:30ean, Kultur etxeko ludotekan.

ANIMATU ETA HURBIL ZAITEZ ETXEKO TXIKIEKIN!!!

2016/03/17

Goma eva tailerra Sopuertan. Kronika







       Pasa den asteartean, martxoak 15, familientzako goma eva tailerra egin genuen Sopuertan. Umeek eta gurasoek goma evaz egindako marko batzuk egiten primeran pasatzeaz gain, familian euskaraz tarte atsegina igarotzeko aukera ere izan zuten. Ea datorren tailerrean zer asmatzen dugun!

ESKERRIK ASKO ETA AUPA ZUEK!!!

2016/03/14

"Oporretan ere #lotsarikgabe" selfie lehiaketa.




       Aste Santua ate joka daukagu eta horrekin batera gozatzeko egun batzuk. Batzuk kanpora joango zarete, beste batzuk eskualdean dauden ekitaldiez disfrutatuko duzue. Berbalagun egitasmotik, zuen oporraldien berri izatea gustatuko litzaiguke eta “Oporretan ere #lotsarikgabe” selfie lehiaketa antolatu dugu. 

       Parte hartzea oso erraza da; zure gustoko leku bat aukeratu, zure/zuen buruari argazkia egin eta guri bidali baino ez duzue egin behar. Partaide bakoitzak banako zein taldeko argazki bat baino ezin izango du bidali eta argazkiarekin batera idatzitako azalpen txiki bat (20-30 hitzetakoa) bidali beharko du selfiearen nondik-norakoak adieraziz. Selfieak ontzat hartzeko berbalagun egitasmoko aurtengo  leloa, "#lotsarik gabe", agertu behar da argazkian, selfiearen tituluan edo azalpenean. Selfieak bidaltzeko azken eguna apirilaren 8a izango da. Honekin batera partaideen izen-abizenak eta kontaktatzeko telefonoa bidali behar duzue helbide honetara: enkarterri@aek.eus. Gainera, sari bikainak ditugu irabazlearentzat; Julen Belamunoren "Gaueko zaintzailea" liburua eta "Amama" filmaren DVDa.


ANIMATU ETA BIDALIGUZU ZURE ARGAZKIA!!!


2016/03/07

Kultur txangoa. Kronika.









       Pasa den larunbatean, martxoak 5, Enkarterriko berbalagunok Urola-Kostara hurbildu ginen egun ederra igarotzeko asmoz. Goizean eguraldi txarra zela eta, antolatutako ibilbidea bertan behera utzi behar izan genuen eta Zarautzeko Sta. Maria la Real arkeologia eta monumentu multzoa bisitatu genuen. Eguerdian Zarautzko kaleetatik paseo txiki bat egin ostean Aiako Satxota sagardotegira abiatu ginen. Bertan, sagardoaz eta janari gozoaz  disfrutatzeaz gain, dantzatzeko aukera ere izan genuen hara hurbildu zen Tuterako txarangarekin. Benetan egun  borobila igaro genuena!

GORA ZUEK ETA 
GORA ENKARTERRI EUSKALDUNA!  


2016/03/02

Goma eva tailerra Sopuertan.


       Hil honen 15ean, asteartea, Sopuertako gurasoek eta haurrek Goma evaz egindako hainbat apaingarri egiten ikasteko aukera paregabea izango dute auzo etxean egingo dugun tailerrean. Bertan, brotxe eta apaingarri dibertigarriak egiten ditugun bitartean, familian arituko gara euskararen trasmisioan eragiten eta familia barneko hizkuntz ohiturak ezartzen. Arratsaldeko 17:30ean, auzo etxean.

EMAN IZENA AHALIK ETA LASTERREN
PLAZAK MUGATUAK DIRA ETA!

Izena emateko: enkarterri@aek.eus edo 671 070 044 telefonora. (11ra arte)

2016/02/24

Balmasedako mintzodromoa. Kronika







       Gaur goizean, Enkarterriko berbalagun, ikasle eta gainontzeko euskaldunok Balmasedako frontoira hurbildu gara bertan egin den Balmasedako III. mintzodromoan #lotsarikgabe mingaina astintzeko prest. Egungo hiru gairi buruz ederki aritu gara gure iritziak eta ideiak elkartrukatzen. Euskaraz tarte polit bat igaro ostean poz-pozik itzuli gara berriro ere gure zereginetara. 

ESKERRIK ASKO ETA AUPA ZUEK!

2016/02/09

"Zer da berbalagun?" lehiaketaren irabazleak.

       Orain dela aste batzuk "Zer da berbalagun?" lehiaketa abian jarri genuen eskualdeko euskaldunek, ikasleek eta berbalagunek berbalagun egitasmoari buruz duten ezagutza neurtzeko. Erantzun asko jaso genituen zuengandik, batzuk zuzenak, okerrak besteak. Galderak ondo erantzun zenituzten artean hiru disko zozketatu genituen eta hona hemen irabazleak: Alazne, Marian eta Diego.



MILA ESKER PARTE HARTU DUZUEN GUZTIOI ETA

ZORIONAK IRABAZLEEI!

2016/02/08

Balmasedako mintzodromoa


       Hil honen 24an, asteazkena, goizeko 10:30ean euskaldunok eta euskara ikasten ari direnok euskaraz mintzatzeko aukera paregabea izango dugu Balmasedako Errotarena kiroldegian egingo dugun Mintzodromoan. Mahai inguruan egungo gai batzuei buruz arituko gara iritziak eta ideiak elkartrukatzen. Ezin duzu aukera galdu!


Eman izena!
enkarterri@aek.eus - 671 070 044 (Otsailaren 18ra arte)

2016/02/03

Gordexola euskaldundu nahi?


       Gordexolan euskaraz bizitzea ez da batere erraza; klase, eskola edo euskaltegitik kanpo gaztelania da nagusi, euskara ikasleak eta euskaldunak, oro har, aukera murritzak ditu bere hizkuntzan mintzatzeko. Hori dela eta, orain dela urte batzuk euskararen erabilera sustatzeko Berbalagun egitasmoa abian jarri genuen Enkarterrin.
 
       Urte hauetan, gure lana baliatuz, euskaldunei zein euskara ikasten ari direnei euskaraz hitz egiteko esparru berriak eman dizkiegu. Horretarako hainbat berbatalde sortu dira eskualdean euskaraz hitz egiteko helburu bakarrarekin, ekintza osagarriak antolatu ditugu eta euskaldunentzat interesgarria izan daitekeen informazio guztia zabaldu dugu gure esku dauden baliabideen bitartez.

       Hala ere, aurrean daukagun erronka ez da erraza, eta eragile zein pertsona guztien parte hartzea ezinbestekoa da. Horregatik, mezu honen bitartez gure berbatalde eta ekitaldietan parte hartzera animatu nahi zaitugu; guztion artean, euskarak dagokion lekua izan dezan Gordexolan.

       Izena emateko edo informazio gehiago eskuratu nahi baduzu.

Telefono. 671 070 044
e-posta: enkarterri@aek.eus

2016/02/01

Sagardotegirako irteera


       Martxoaren 5ean, larunbata, Enkarterriko euskaldunok Gipuzkoara abiatuko gara hango paisaia zoragarriez gozatzeko eta aurtengo sagardo berria dastatzeko.

IRTEERA: Karrantzatik, 8:15ean, Kontxako plazan (zehazteke).        
                 Balmasedatik, 9:00etan, Zuhaitz potoloan.
                 Zallatik, 9:15ean, Udaletxe ondoko bus geltokian.
                 Sodupetik, 9:30ean, Geltokian.

IBILALDIA: Zumaia - Zarautz (8 km)

BAZKARIA: Satxota sagardotegian (Aia)

PREZIO: 30 €

IZENA EMATEA: AEKn eta Udal Euskaltegian
                            Azken eguna: otsailaren 12a.

INFORMAZIO GEHIAGO: enkarterri@aek.eus edo 671 070 044 telefonora 

ANIMATU ETA EMAN IZENA AHALIK ETA LASTERREN
PLAZAK MUGATUAK DIRA ETA.