2015/05/04

Zein da Enkarterriko zure txokorik politena?

       Hona hemen "Zein da Enkarterriko zure txokorik gogokoena?" argazki lehiaketan parte hartu duten lagunen argazkiak eta azalpenak. Orotara, 10 argazki jaso ditugu Enkarterriko toki guztietatik: paisaiak, txoko magikoak, natura, ondare historiko-artistikoak, etab. Orain, txokorik politena zein den  erabakitzeko unea heldu da eta zuk erabaki hori hartzeko parte izan zaitezke.  Ikusi argazkiak eta eman zure bozka beheko aldean agertzen den loturan. Gainera, zure bozka emanez gero, KORRIKA materialaren zozketan parte hartuko duzu.

Bozkatu


1. Eretza 
        Eretzako tontorreraino igotzea dudarik gabe neketsua da, izan ere Enkarterrin mendi gutxi daude Eretza baino altuagoak. Hala ere, tontorretik ikusten den paisaia izugarrizkoa da; besteak beste, Gorbeia, Anboto, Garobel edo Ordunte mendikateek inguratzen gaituzte. Gainera ia Enkarterriko bailar guztiak ez ezik, Bilbo Handia eta itsasoa ere gure oinetara daude.



2. Karrantzako patroia
     
       Niretzat batik bat berezia den Karrantzako Buen Sucesoko Amabirjinari hurrengo hitzak eskenei nahi dizkiot.

        Bera dugu Karrantza Haranako patroia eta aipatzeko da bere egun handia irailaren 18an ospatzen dela, uda pasatu eta gero. Berari dagokion baseleizatik ikus ditzakegu araneko ikusmen zoragarriak, zoratzeko modukuak.
 
        Egun berezi eta eder bat igaro nahi baduzu, nahiz eta herrikoa ez izan, ezin dezakezu ahaztu neretzako den egun hunkigarri hori.



3. Sodupeko jolas-parkea
        Hau da nire txoko politena. Sodupen dago. Nahiz eta duela hamar urte edo gehiago han egon, jende gutxik erabiltzen du, zertarako balio duen ez daki eta.
         
       Bai ariketa fisiko egiteko bai jolasteko balio izaten du , eta gainera, umeek ez ezik , gazteek eta helduek ere erabil dezakete.



4. Turtziozeko Aguera ibaia

        Nire Enkarterriko txokorik gogokoena nire herrian dago eta ibai eder bat da, Agüera izenekoa. Ibaiaren ondoan, zuhaitz altuak eta sendoak daude eta gainera, basoaren itxura dauka. Oso toki lasaia da ibiltzeko. Handik pasatzen zaretenean, bakarrik entzuten da ura eta txorien kantuak.

        Horrez gainera, aisaldirako gune bat dago arnas bat hartzeko eta zerbait jateko. Beraz, picnic edo barbakoa bat egin ahal da.




5. Balmasedako erreka

Hau da nire lekua. Ez dakit nola deitzen den, ezaguna ez delako. Garbearako bidean , Santo Domingotik , beste bide bat dago eta Pandozalesera ateratzen da. Inguruan haritzak eta lizarrak daude. Bidea ez da luzea , ordu bat behar izaten da buelta emateko. Niretzat oso polita da . Nire etxetik hurbil daukat eta nire burua esnatu edo lasaitu nahi izaten dudanean hara joaten naiz.




  6. Meatzarien lurraldea

        Nire txokorik gogokoena Sopuertan dagoen Catalinako meategia da. Aspaldian jende askok hantxe lan egiten zuen. Meategitik pixka bat gorago, meatzariek jantoki batean jaten zuten; gaur egun, ordea, jantoki hori aterpetxe bat da. Txikitatik meategia ikusi nahi nuen. Jendeak esaten zuen katalinako meategia oso polita zela, horrexegatik joan nintzen.
 
        Meategira joaten naizen bakoitzean, bide berdetik joaten naiz, horrela alde batetik paisaia naturala ikusten dut eta bestetik, meategiaren hondareak ikusten ditut. Nire ustez, leku paregabea da, eta gainera baretasuna transmititzen du.
 
        Gaur egun, Katalinako meategia ondare historiko-artistikoa da. Beraz, etor zaitezte Sopuertara, ez zarete damutuko!



7. Ubietamendi

       Enkarterriko nire txokorik gogokoena mendi gailur bat da.
Handik ikuspegi ederrak dira eta lekua polita da amets gozoak edukitzeko.

       Sorginak magia bidaltzen dizu eta hegazkinari begira edonora bidaia zaitezke.


       Loizaga dorreari begira Erdi Aroko garaietara murgildu ahal zara.
Mendiei, haranei, itsasoari, zeruari,... begira; bidaiatzen jarraitu dezakezu.

       Jendeak esan arren bidaiatzea garestia dela, nik "Ubieta" menditik bidaia asko egin ditut dohainik.

       Amets egin nahi baduzu, mendira igo beharko duzu!


 8. Karrantzako Harana

        Argazki honetatik Karrantza-ko haran guztia, Bizkaiko zabalenena, ikusten da. Argazki hau “Suceso” menditik aterata dago. Nabariena, bere ehun urtetik gorako haritzekin eta bere bertoko faunarekin,  bere paisaia naturalaren edertasuna da. Asko gustatzen zait Karrantza. Leku ideala da naturarekin konektatzeko eta aire garbia arnasteko.


  9. Araneko ahoa

    Haraneko ahoaren auzoa da (Sopuertako Arenaon).

    Hemen bizi naiz eta egunero buelta bat ematen dut ingurutik. Arenaoko zubi berriak auzoa aldatu du, orain politagoa baita. Leku honetan, larunbatero eta igandero, jende pilo bat etortzen da paseatzera; Orduan, nire auzoan egun horietan ez dago lekurik. Horregatik etortzen da jendea, oso gustatzen zaio eta.




10. Iratxoen etxea

     Sopuertako haritz baso batean etxe bat dago. Etxe hau galduta dago zuhaitzen artean. Inor ez da bizi eta han egoten naizen guztietan iratxo bat agertuko dela  pentsatzen dut.Leku lasaia da eta  batzuetan orkatzak ikus daitezke.




 

2015/04/21

Irakurri, gozatu eta oparitu


       Apirilaren 23an Balmasedako Udalak irakurzaletasuna bultzatzeko "Irakurri, gozatu eta oparitu" kanpaina abian jarriko du. 

       Balmasedako liburutegian euskarazko liburu bat hartu eta irakurri ondoren, bueltatzean, fitxa bat bete ahalko duzu liburuaren inguruko galdera batzuekin. Liburutegiko arduradunak txartela jasotzean erosketa txeke bat emango dizu herriko Maruri liburudendan euskarazko liburuetan deskontuak eskuratu ahal izateko. Irakurleak 10 urtetik beherakoa bada haur literatura erosteko %25eko deskontua izango du, eta 10 urtetik gorakoa bada euskal literaturan.  Irakurzalea izateaz gain, berbalaguna baldin bazara %50eko deskontua jasoko duzu erosketa egiterakoan. Kanpaina hau ekainaren 30ean amaituko da eta txekea uztailaren 6ra arte erabili ahalko da. Honez gain, parte hartzen duzuen guztien artean, maiatzaren eta ekainaren bukaeran 30 euroko erosketa txeke baten zozketa egingo da, aurrekoen modu berean erabiltzeko.

       Liburu bakoitzeko txeke bat erabili ahalko da, hau da, ezin izango dira metatu erosketa bakarrerako. Erosketa txekeak ezingo dira erabili gramatika liburuak, hiztegiak, entziklopediak, eskolako liburuak…erosteko.

IRAKURZALETASUNAZ GOZATU ETA DESKONTUAK ESKURATU!

2015/04/17

Mendi irteera


       Datorren larunbatean, apirilak 25, berbalagunok naturaz gozatzeko aukera paregabea izango dugu. Zallako plazatik Ubieta mendirantz abiatuko gara Euskara gailurreraino eramateko asmoz. Horretarako, goizeko 9:00etan Zallako plazan bilduko gara eta handik bideari ekingo diogu.

ANIMATU ETA LAGUN IEZAGUZU EUSKARA GORAINO EROATEN!!!

2015/04/13

Zein da Enkarterriko zure txokorik gogokoena?


Nork ez du maite bere herria? Harrotasunez “Enkarterrikoa naiz” esaten dugunok asko gara. Herri guztiak dira ezberdinak eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Ez da gauza bera barnealdekoa, kostaldekoa, hiria, herria,...

Lekuak bertokoen nortasunean eragiten du. Hau dela eta, zure Enkarterriko txokorik gogokoena zein den jakin nahiko genuke. Horretarako leku honen argazkia eta zergatik gustuko duzun labur azaldu behar duzu.

Zein da helburua? Enkarterriko txoko politenak ezagutaraztea eta ezagutzea. Argazkiak gure blogean ikusgai egongo dira eta gogokoena bozkatu ahal izango duzue.

Bozka gehien jasoko duena izango al da irabazlea? Ez, blogean jasotako bozkek bozka bakarra ordezkatuko dute. Udal euskaltegia, AEK eta Euskara Zerbitzuak ere epaimahian arituko dira.

Animatu eta parte hartu!

Argazkiak bidaltzeko epea: Apirilak 7 -27
Bidaltzeko modua: enkarterri@aek.org

2015/03/12

Ekintzen egutegia, prest!

   
       Hona hemen hurrengo hilabeteetan Enkarterrin burutuko diren ekintzen egutegia. Martxoan hasita ekainera arte hainbat ekintza interesgarri prestatu ditugu euskaraz disfrutatzeko eta ondo pasatzeko. Zuek egindako proposamenei, iritziei eta iradokizunei esker egutegi polit hau prestatu ahal izan dugu; beraz, eskerrik asko guztiei prozesu honetan parte hartzeagatik eta zuen ekarpenak egiteagatik. Hemendik aurrera errezena baino ez da geratzen; #lotsarikgabe ekintzez disfrutatzea.

Ekintzetan izena emateko:
enkarterri@aek.org - 671 070 044

2015/03/11

Sodupen, Gurasolagun programa martxan.

      
       Atzo, martxoaren 10a, Sodupeko gurasotaldea biltzen hasi zen Kultur-etxean. Bertan, gurasoak zein umeak jolasean eta margoketan aritu ziren giro euskaldunean. Partaideek bi asterik behin biltzeko konpromezua hartuta, hil honen 24an berriro bilduko dira euskaraz gozatzeko. Sodupeko Kultur-etxean, arratsaldeko 18:15ean.

ANIMATU ETA PARTE HARTU!

2015/03/02

Hordago ardoa.


       Ostiral honetan, martxoak 6, Korrika kulturalaren barruan "Hordago ardoa", artez jantzitako ardo dastaketaz gozatzeko aukera izango dugu Zallan. Bertan, Mikel Garaizabal enologoak eta bere bandak dastaketaz gain esperientzia integrala (musika, margolanak, antzezpena eta bideoa) eskainiko digute. Gimnasioan, 19:00etan. Sarrera 6€.

Animatu eta hurbil zaitez!

2015/02/25

Balmasedako mintzodromoa. Kronika.






        Gaur, otsailak 25, Balmasedako II. mintzodromoa egin dugu. Bertan giro euskalduna nagusitu egin da eta partaideek gaur egungo hainbat gairi buruz #lotsarikgabe hitz egiteko aukera izan dute. Solasaldian 68 lagunek, hartu dute parte, berbalagunek eta institutuko, Udal euskaltegiko eta AEK-ko ikasleek eta irakasleek, hain zuzen ere.

ESKERRIK ASKO GUZTIOI ETA AUPA ZUEK!!!


2015/02/10

Balmasedako mintzodromoa.

     Hil honen 25ean, asteazkena, goizeko 10:30ean, beste euskaldun eta euskara ikasle batzuekin hitz egiteko parada izango dugu Balmasedan antolatuko den Mintzodromoan. Kafea eta pastak lagun egungo gai batzuei buruz mintzatuko gara  mahai inguruan. Lagunen arteko tarte polita igarotzeko aukera paregabea galduko duzu?

Eman izena!
enkarterri@aek.org - 671 070 044

2015/02/09

Familian euskaraz jolasean. Kronika.






       Aurreko ostiralean, otsailak 6, "familian euskaraz jolasean" tailerra egin genuen Balmasedan. Emakumearen etxean gurasoek zein umeek Arianak irakatsi zizkigun jolasez eta abestiez  disfrutatzeko aukera paregabea izan zuten. Oso ondo pasatu genuen eta errepikatzeko gogoz geratu ginen.

Eskerrik asko, eguraldia gorabehera, hara hurbildu zineten guztiei.

2015/02/05

Gurasolagun aurkezpena, Sodupen.


      Datorren ostegunean, otsailak 12, Gurasolagun aurkezpena egingo dugu Sodupeko kultur-etxean. Bertan Gurasolagun programaren ibilbidea eta zehetazunak  finkatuko ditugu. Beraz, zure familian euskaraz egin nahi baduzu eta beste familia batzuekin tarte politak igaro nahi badituzu giro euskaldunean, ezin duzu huts egin. Arratsaldeko 15:45ean, kultur-etxean.

       Animatu eta hurbil zaitez!

2015/01/29

Bete Zalla euskaraz!

 
     Zallako bazter guztiak euskaraz bete nahi ditugulako, euskaldunei eta euskara ikasten ari direnei euren herrian esparru berriak eman nahi dizkiegulako eta halako askoz arrazoi gehiago irabazteko daukagulako, gaur euskararen erabileran aurrerapauso txiki bat dena etorkizunean euskararen normalizazioan lorpen handien bihurtu ahal da.

       Hori dela eta, Berbalagun egitasmotik aurrerapausu txiki hori gurekin ematera animatu nahi zaituztegu, bihar Zallan euskaraz bizi ahal izateko. Euskaldunok euskara ikasten ari direnei lagunduz, euskaldunon arteko harremanak sendotuz eta, batez ere, gure ingurukoekiko harremanetan  hizkuntz-ohiturak aldatuz lortuko dugu euskaldun guztion ametsa: euskaraz bizitzea.

Izan zaitez berbalagun!   

Telefono. 671 070 044

2015/01/21

Gurasolagun aurkezpena eta "Familian euskaraz jolasean" tailerra


        
     Transmisioak ezinbesteko garrantzia du hizkuntza baten biziraupenerako, eta euskara ez da salbuespena. Zentzu honetan, gurasoen zein familiako kideen inplikazioa oso garrantzitsua da etxeko hizkuntz-ohituretan eragina zuzena dutelako. Jolasen bidez, haurrek zenbait gaitasun eta trebezia garatzeaz gain, familian hizkuntz-ohiturak ezartzen dira eta euren euskararekiko motibazioa, ezagutza eta erabilera areagotzen da.

   Hori dela eta, aurten, euskara kalean praktikatzeko Berbalagun egitasmoaren barruan, Gurasolagun programa ere eskaintzeko asmoa daukagu Balmasedan, gogoa duten gurasoek astean behin elkartu eta ordubetez euskaraz egiteko aukera izan dezaten. 

     Ekimen honi hasiera emateko gure herrian guraso eta seme-alabentzako umeen kantak eta jolasak ikasteko "Familian euskaraz jolasean" tailerra antolatu dugu. Beraz, zure haurrekin euskaraz jolasten eta abesten tarte polit bat igaro nahi baduzu, hil honen 30ean, ostirala,  aukera paregabea izango duzu Balmasedan antolatuko dugun familientzako tailerrean. Emakumearen etxean, arratsaldeko 17:15ean. 

Eman izena ahalik eta lasterren, plazak mugatuak dira eta!
 
Izena emateko: enkarterri@aek.org edo deitu 671 070 044ra (28ra arte)

2015/01/20

Lagun txikiak euskaraz zapatuetan


Hilerik behin, zapatuan, etxeko txikitxoekin oso tarte polita igaro nahi baldin baduzue, hona hemen aukera paregabea Balmasedako Udalak eskaintzen diguna. Larunbat honetan, urtarrilak 24, ekitaldiei hasiera emango diegu Monda Lironda pailazoekin. Arratsaldeko 17:30ean, kultur etxean.

Animatu eta parte hartu!

2014/12/16

Enkarterriko euskaldunon topaketa. Kronika.






       Aurreko igandean, abenduak 14, Enkarterriko euskaldunon topaketa egin genuen Gordexola. Euria lagun, egun zoragarria pasatu genuen han bildu ginen euskaldun guztiok. Goizetik mota guztietako ekitaldiak egon ziren egun osoan zehar: familientzako tailerrak, kantujira, bazkaria, Korrika arropa desfilea..., eta eguna amaitzeko sari potoloak banatu genituen Berbabingoaren irabazleen artean.


Eskerrik asko Maiteri, Nafarroa kanta taldeari, Hodoibaltza euskara elkarteari eta hara hurbildu zineten guztioi!!!

2014/12/02

Enkarterriko euskaldunon topaketa.


      Abenduaren 14an, igandea, Enkarterriko euskaldunon topaketa egingo dugu Gordexolan. Egun osoan zehar lagun guztientzako ekitaldiak egongo dira: familientzako herri kirolak, kantujira, herri bazkaria,..... baina dena ez dugu azalduko; jokuak, sariak, sorpresak eta beste momentu paregabeak ere egongo baitira. Enkarterrin euskaraz bizitzea posible delako ez geratu etxean eta etorri zure familia eta lagunekin!

Bazkarirako txartelak salgai: 15 €
Skamatan (Balmaseda), Zure etxen (Zalla), Navarron (Sodupe) eta Gordexolako Kultur etxean.

2014/11/25

Enkarterriko azken euskaldunzaharraren hitzak

«…ba, emeti, Karrantzati gora, ta berantza, berantza, berantza… Se au dana ise san euskaldune. Ba, Gordejuelako etxaldea' danak, ba, dires: Iñarritu, Arzuria, Aretxederra… guria da Isuskiza… Lekubarri… Danak euskaldunek. Baserrik danak euskaldunek. O sea, Gordejuelan aurreko denporetan danak euskaldunek. Ta gero asi sen galduten da galduten… Galdu san bai. Galdu senean asi sian emen minak eta, bearren eta… Altos Hornos eta. Jendea etorri san kanpoti. Danak erdera ta… ala… Ya lastimea da galdu deitela euskerea, ain polite…»

 Engrasi Etxebarria, 1997

2014/11/10

Familian Euskaraz jolasean. Kronika.






       Pasa den larunbatean, azaroak 8, "Familia Euskaraz jolasean" tailerra egin genuen Sodupeko Kultur etxean. Bertan hogeita hiru gurasok eta umek antzinako jolasez eta abestiez disfrutatzeko aukera izan zuten. Oso tarte polita igaro genuen jolasean eta kantutan.

Eskerrik asko Soniari eta bertara hurbildu zineten guztioi!

2014/10/30

Familian Euskaraz jolasean


       Zure haurrekin euskaraz jolastu eta abestu nahi eta ezin? Euskal jolasak eta kantak ikasi nahi? Ba, azaroaren 8an, larunbata, zure seme-albekin antzinako jolasak eta kantak ikasteko aukera izango duzu Sodupen antolatuko dugun "Familian Euskaraz jolasean" tailerrean. Ez galdu aukera eta etor zaitez umeekin ondo pasatzera. Kultur Etxean 11:00etan.

Izena emateko: enkarterri@aek.org edo deitu 671 070 044ra (Azaroaren 5era arte)

2014/10/24

Berbalagunon topaketa

     Urriaren 30ean, osteguna, ikasturte hasiera ona emateko Berbalagunon topaketa antolatuko dugu Zallan. Bertan Enkarterriko bertsolariek ongietorria eman ostean Barry Manley irlandarrak "Irish in Euskal Herria" bakarrizketa eskainiko digu. Ez ahaztu, hil honen 30ean plan ezin hobea daukazu berbalagunon topaketan. Arratsaldeko 19:00etan, Zure Etxe tabernan (lehen Ñam Ñam zena)

ANIMATU ETA #lotsarikgabe HURBIL ZAITEZ

2014/10/10

Enkarterriko Berbalaguneko prentsaurrekoa, #lotsarikgabe


         Atzo, urriak 9, ikasturte berriari hasiera emateko Enkarterrin Berbalagun egitasmoa sustatzen dugun eragile guztiok prentsaurreko bat egin genuen. Agerpen publiko honetan kurtso berriaren erronken eta eginkizunen berri eman genuen. Prentsaurrekoan Alvaro Parrok (Balmasedako alkatea), Esther Lasak (Enkarterriko Mankomunitateko presidentea), Miren Solabarrietak (Balmasedako Euskara teknikaria), Lorea Otxoak (Enkarterriko Mankomunitateko Euskara teknikaria), Esti Irabienek (Enkarterriko AEK-ko zuzendaria), Sergio Foruriak (Enkarterriko Udal euskaltegiko zuzendaria) eta Roberto Blancok (Enkarterriko Berbalaguneko dinamizatzailea) parte hartu genuen.

Programaren berri emateaz gainera, izena emateko deialdia egin genuen.

Izena emateko: enkarterri@aek.org  - 671 070 044

Eskerrik asko hara hurbildu zineten guztioi!!!

2014/09/24

#lotsarikgabe praktikatu gurekin!


Kaixo berbalagunok,

        Udazkenarekin batera Enkarterrin berbalagun egitasmoa berriro martxan jartzeko unea heldu da. Aurten #lotsarikgabe lemapeko kanpainarekin hasiera eman diogu ikasturte berriari. Pasa den urtean, inoiz baino leku gehiagotara ailegatu ginen; honetan Enkarterriko herri eta auzo guztietara heltzea jarri dugu helburu. Helmuga honetara iristeko lagun, elkarte zein eragile guztien ekarpenak beharrezkotzat jotzen ditugu; hori dela eta, #lotsarikgabe zuengana jotzen dugu, zuen parte hartzea erabat beharrezkoa da eta.