2013/05/15

Badator... Mintza Eguna !!!


Aurtengo Mintza Eguna Elgoibarren izango da ekainaren 1ean, bertako Izarra Kultur Elkarteak 50 urte bete baititu. Aurreko urteetan bezala, egun osoko egitaraua izango dugu: kalejira, bazkaria, erromeria... 
 
Bazkarirako txartelak aldez aurretik hartu behar dira, beraz, eskuratzeko deitu 94 473 54 48 telefonora edo idatzi asapala@gmail.com helbidera.
 
Informazio guztia ezagutzeko klikatu hemen

2013/05/09

Zallako berbalagunak topera !!!


Berbalagun egitasmoak gero eta euskaldun gehiago erakartzen ditu eta horren adibide garbienetako bat Zallan dugu. Izan ere, iaz talderik ez zen egon herrian, eta aurten ordea, talde bat ez ezik, bi talde osatu dira. Asteazkenetan biltzen dira talde biak, bata goizez eta bestea arratsaldez.

Bertan, askok dakizuen bezala, euskaldunak eta euskara ikasleak tabernaren batean biltzen dira eta eguneroko gaietaz hitz egiten dute: txutxumutxuak, politikarien "abenturak", langabezia, udako oporrak... Dena euskaraz, noski! Gurea bezalako eremu erdaldunetan euskara praktikatzeko arnasgunea izan nahi dugu eta pixkanaka-pixkanaka lortzen ari garela esan dezakegu!

Apunta itzazu hitzorduak eta eman euskara elkarri:

Asteazkenetan goizeko 12.30ean OREKA tabernan.
Asteazkenetan arratsaldeko 18.30ean ITZALA tabernan.

2013/05/02

Berriaren 10. urteurrenaren ospakizuna Zallan

Datorren ostiralean, hilak 10, BERRIA egunkariaren 10. urteurrena ospatuko da Zallako Zine-antzokian. Bertara joateko 5 sarrera ditugu eskualdeko berbataldeetan parte hartzen duzuenon artean zozketatzeko. ZOZKETAN parte hartzeko bideak bi dira: Berbalaguneko facebook kontura (Enkarterriko Berbalagun) mezu pribatua bidaltzea zure izen eta telefonoarekin edo Berbalaguneko sakelekora mezua bidali (671 07 00 44). Zozketa maiatzaren 8an izango da, beraz, egun horretara arte duzu aukeraizena emateko! Zorte on !

2013/04/09

Euskaldunon bila jarraitzen dugu...


Oporrak hartu aurretik Enkarterriko euskaldunoi deia egin genizuen Berbalagun egitasmoan parte hartzeko. Izan ere, gure eskualdean biltzen diren berbalagunak euskara ikasleak dira gehienak eta aberasgarria litzateke ikas prozesua bukatu duzuenon presentzia handitzea. Honen bitartez eskertu nahi dizuegu interesa erakutsi duzuen guztioi eta jadanik taldeetan parte hartzen hasi zaretenoi, taldeei bizitasuna ematen diezuelako eta ikaslearen motibazioa ere handitzen delako.

Hala ere, kurtsoa bukatzeko hilabete gutxi falta da eta oraindik indartu beharreko taldeak ditugu eskualdean. Artzentales, Sodupe edota Gordexolan parte hartu nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan:

Sakelekoa: 671 07 00 44
E-posta: enkarterri@aek.org

2013/03/07

Enkarterrin lana euskaraz !

Beharsarea Enkarterri, euskarazko lana bideratzeko interneteko ataria da, doakoa eta euskaraz egiten den lana eskaini eta eskatzeko tresna erraz eta eraginkorra.

Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren ekimenez sortutakoa, hauxe da Internet helbidea: www.beharsarea.net/enkarterri

Ataria bi norabideetan prestatuta dago, izan ere zuzenean kudeatzen ditu bai lan-eskaera bai lan-eskaintza:
  • Alde batean, euskaraz lan egiteko jendearen bila dabilen Enkarterriko familia, enpresa, denda, taberna, elkarte eta erakundeak hartzen ditu. 
  • Beste aldean, euskaraz lan horiek egiteko prest dagoen jendea. 
Sar zaitez eta zure ezagunen artean zabaldu... zenbat eta erabiltzaile gehiago orduan eta eraginkorragoa izango da ataria!!! 

2013/02/04

Badaukagu plana !!!



Aurreko ostegunean Euskararen Planaren aurkezpenera hurbildu ginen herritarrok argi utzi genuen Enkarterrin badagoela euskararekiko ardura, eukararekiko interesa eta euskararekiko maitasuna. Enkarterriko Mankomunitateko presidentea eta Euskara Teknikaria izan ziren saioaren zuzendariak baina bertaratu ginenok ere parte hartzeko aukera izan genuen. Planaren diseinuan lagundu duten Elhuyar Fundazioko bi neska jatorrek planaren xehetasunak erakutsi zizkiguten eta euskaldunon testigantzak ere entzuteko aukera izan zen. Asistentzia ere bikaina izan zen, 50 lagun inguru elkartu ginen Zallako Kultur Etxean, iragarritako luntxak ere zerikusia izango zuen agian... Hala ere, guztion ondorioa zera izan zen: Enkarterriko euskararen egoera Enkarterriko astoaren antzerakoa da: arriskuan edo egoera zailean egon arren, gauzak astiro joan arren... lana aurrera ateratzen ari da eta aurrerapausoak egiten jarraitu behar dugu!!! Animo!!!

2013/01/29

Enkarterriko Euskara Plan berria




Enkarterriko Mankomunitateak Euskara Plan berria onartu du eta ostegun honetan, hilak 31, egingo du horren aurkezpena. Mankomunitateak eskualdeko euskaldun guztioi luzatu digu gonbidapena eta Berbalagun ere bertan izango da. Informazioa zabaltzeko hona hemen Mankomunitatearen prentsa oharra: 


EUSKARA PLAN BERRIA ONARTU DU MANKOMUNITATEAK 2013-2016 ALDIRAKO

Enkarterriko Mankomunitateak Euskararen Plan estrategiko berria onartu zuen abenduaren 18an egin zuen Batzar Orokorrean. 2013-2016 urteetarako, euskararen arloan Mankomunitateak izango dituen ildoak, lehentasunak eta egitasmoak zehazten ditu plan honek. Plan berria osatzeko orduan, garrantzi berezia eman zaio herritarren partehartzeari. Horregatik, planaren diseinua osatzeko hiru lan-saio egin dira urrian eta azaroan hainbat herritar eta herriko eragilerekin. Plan egokia diseinatzeaz gain, funtsezkoa baita herriko euskaldunak eta euskaltzaleak aktibatzea eta herritarren elkarlana bultzatzea.

Lehentasunak Enkarterriko herritarren euskararenganako sentsibilizazioa lantzea, euskaldunen kopurua handitzea eta Enkarterriko euskaldun sarea sendotzea dira.

Hau da, euskaldunen eta erdaldunen motibazioan eragiteko beharra nabarmendu da; lehenengoek hiztun izateko pausua eman dezaten - batez ere gazteen kasuan- eta bigarrenek euskararen mundura hurbil daitezen edota aldeko jarrera erakuts dezaten. Horrekin lotuta, Mankomunitateak euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak eta jarduerak bultzatzen jarraitu behar du bai eskolatik kanpo bai eskola barruan: lagun artean, kalean, euskaldun berrien artean, euskaldun zaharren artean, udaletxean, kirolean…; eta baliabideak edo erraztasunak eman ez dakitenei ere ikas dezaten.

Dena den, Euskara plana ez da plan itxia, etengabe egokitzeko sortua baizik. Hori kontuan hartuta, aurrera eramateko beharrezkoak diren egiturak sortu behar ditu Mankomunitateak. Horregatik, interesa duten eskualdeko talde eta norbanakoekin osatu nahi da Euskararen Aholku Batzordea urtarrilean. Batzordearen egiteko nagusia planaren jarraipena eta urtero-urtero kudeaketa plana osatzen laguntzea izango da.

Bada, planari buruzko zehaztasun gehiago ezagutu nahi izanez gero, urtarrilaren 31n arratsaldeko 19:00etan Zallako Kultur Etxera hurbiltzeko gonbidapena luzatu nahi die Mankomunitateak herritarrei; egun horretan egingo baita planaren aurkezpena.

Bertan, prozesuan parte hartu dutenak izango dira euren iritzia emateko eta prozesua zelan ikusi duten azaltzeko, horrekin batera eskualdeko euskaltzale batzuen testigantzak ere entzuteko aukera izango da.



2013/01/21

Izena emateko kanpaina berria abian da...


Badira urte batzuk Berbalagun egitasmoa Enkarterrira heldu zenetik. Hasierak gora-beheratsuak izan dira, proiektu berri guztietan gertatzen den bezalaxe. Baina aurten bere heldutasun puntura heldu dela esan dezakegu. Izan ere, hazkunde nabarmena bizi izan du urritik hona, izena eman duten berbalgun berrien kopurua ia bikoiztu baita. Funtzionamenduak ordea, beti bezain sinplea izaten jarraitzen du: euskaraz mintzatu nahi den jendea harremanetan jartzen dugu eta horretarako tabernetan, parkean, mendian… elkartzen dira, normalean astean ordubetez.

2013. urterako zure helburuen artean, euskaraz bizitzea badago, bete ezazu gurekin zure helburua!!!
Eman izena Berbalagunen:
671 07 00 44

enkarterri@aek.org

http://berbaterri.blogspot.com




2013/01/08

Urtea irribarretsu hasteko...



Urte berri on guztioi!!! Dagoeneko errutinan murgildu gara... baina oporretatik buelta hain zaila ez izateko proposamen batekin gatoz: barreterapia saioa !!! Ostiral honetan (hilak 11) izango da, 19:00etatik 21:00etara, Balmasedako Kultur Etxean.

2012/12/20

Agur 2012, kaixo 2013




Kaixo berbalagunok!

2012. urteko azken sarrera izango da hau. Urteari agur esateko garaia heldu da. Gabonetako oporrak datoz eta hauei esker atseden hartzeko tartea izango dugu. Berbalagun egitasmoarentzat urte oparoa izan dela esan dezakegu. 9 berbataldeekin itxiko dugu urtea, Sodupe, Zalla eta Trutziozen talde berriak sortzea lortu dugu eta gaur egun 80 lagun inguru biltzen gara Berbalagun egitasmoaren inguruan. 2013. urtea gogotsu hasteko arrazoi nahikotxo ditugu beraz. Hori dela eta, momentu honetan dauden berbataldeen ordutegiak zuekin elkarbanatu nahi ditugu, informazioa zabaltzen lagunduko gaituzuelakoan.

Besterik gabe, gabon zoriontsuak izatea opa dizuegu...!!! 2013.urtean berriro elkartuko gara... agian pare bat kilo gehiagorekin... baina helburu berarekin: Enkarterri euskalduntzea !!! Mila esker guztioi !!!

2012/12/18

Sopuertako euskaldunon jaiaren kronika...


Eguna lainotuta hasi arren jendea gerturatu ahala eguzki izpiak gero eta indartsuagoak izaten hasi dira. Euskaldun goiztiarrenak gaztetxoak izan dira. Buruhandiekin jolasteko eta boladoreak egiteko gogoekin azaldu dira Sopuertako auzoetxean. Bitartean, Enkarterriko Korrikako arduraduna, Ariana, Korrikako materiala erakusteko saltokia ari da prestatzen. Umeek nola jolasten duten begira gaudela usain goxoa heldu zaigu helduon sudurretara. Goizeko hamabiak dira, urduritasunak ez digu hamaiketakoa egiten utzi eta Rodri eta Joseba dagoeneko bazkaria prestatzen hasi da… Sukaldia erraldoia da, guztion gosea asetzeko modukoa!

Umeak jolastu eta zikindu dira, beraz, gure beste helburuetako bat bete dugu jada. Eguna aurrera doa eta orain pote batzuk hartzeko ordua heldu da. Balmasedako Nafarroa Kantu Taldea prest dago poteoa girotzeko. Taberna bat baino gehiago bisitatu dugu bazkaldu baino lehen, inork ez zuen puntu hau zalantzan jarriko, ezta? Denok ezagutzen ditugun kantuak abestu ondoren auzoetxera bueltatu gara, egarririk ez daukagu orain baina sabela oihukatzen hasiko da momentu batetik bestera. Hala ere, bazkaltzen hasi aurretik, familia argazkia aterako dugu, ahaztu ez dezagun, Enkarterrin ere euskara bizirik mantentzen dela. Bazkaldu ostean berbalagun kamisetak zozketatu dira eta “tongo” oihuekin bukatu dugu eguna… Nola da posible AEK-ko irakasle eta arduradun guztiei kamisetak tokatzea? Zein gustoko ditugun eskaldunok iskanbilak… kar, kar.

Iluntzen hasi da eta etxera bueltatzeko ordua da. Gaur, abenduaren 2an, Sopuertan bildu garen 50 lagunok poz-pozik goaz etxera, gure eskualdean euskaraz bizitzeko aukerak handituz doaz eta.

2012/12/05

Abenduak dakarrena...



Gogoratu gaur Sopuertako La Baluga Kultur Etxean "Zergatik Ez" tailerra izango dela arratsaldeko 19:00etan. Tailerra euskararen erabilera soziala bultzatzeko helburuarekin egiten da. Konfirmatu zure asistentzia ondoko telefonoan: 94 667 18 51.

Bestalde, datorren ostegunean, hilak 13, "Barrura begiratzeko leihoak" dokumentala izango dugu ikusgai Zallako Zine Antzokian. Entzutetsua izan den dokumentalaren emanaldia arratsaldeko 20.00etan izango da.

Eta ostiralean, hilak 14, asteari amaiera ona emateko... berbalagunon gabonetako afaria Balmasedako Igerilekuetan... Ez hutsik egin !!!

2012/11/29

Iulian Iantzi Galdamesen euskararen eguna dela eta




Larunbat honetan Galdamesen EITBko aurkezlerik ospetsuena izango da. Iulian Iantzik "euskara ahoan eta bihotzean" izeneko hitzaldia emango du abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Eguna dela eta.

2012/10/10

aisialdirako begirale ikastaroa



ORAINDIK BADAUKAZU AUKERA Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatzen duen Aisialdiko Begirale Ikastaroan parte hartzeko. Ikastaroa urrian hasi eta maiatzean bukatuko da. Amaitzean parte-hartzaileek Eusko Jaurlaritzak homologatutako AISILADIKO BEGIRALE TITULUA eskuratuko dute.


Izena emateko Mankomunitateko Euskara Zerbitzura deitu URRIAREN 19A BAINO LEHEN: 94 667 18 51 (Lorea).

2012/09/27

Euskaren Plan Estrategikoaren diseinuan parte hartu !!!



Enkarterriko euskaldunok badugu hitzordua datorren asteartean, hilak 2. Izan ere, 2013-2017 epealdirako gure eskualdeko Euskararen Plan Estrategikoa diseinatuko da. Diseinuaren prozesua hiru saiotan banatu da: urriaren 2an, 16an eta 30ean. Batzar bakoitza bina ordukoa izango da: 18:30etatik 20:30etara. Elkartzeko tokia Enkarterriko Mankomunitatea izango da eta hausnarketarako ildoak ondokoak:

1. batzarra:
    - Euskararen inguruko nork bere bizipen pertsonalak partekatzea
    - Orain arteko lanaren balorazioa egitea
    - Diagnosia osatzea

2. batzarra:
    - Azken diagnosia kontrastatzea
    - Helburu eta lan-ildo estrategikoak adostea

3. batzarra:
    - Helburu estrategikoak eta esparru bakoitzerako ekintza zehatzak adostea

Asistentzia Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan konfirmatzea eskertuko da:  94 667 18 52 telefonoan edo euskera@enkarterri.org helbide elektronikoan.
  
Enkarterriko Berbalagunok egitasmoa bertan izango gara... beraz, asteartera arte !!!





2012/09/20

Ikasturteko lehendabiziko proposamena: BARRETERAPIA

Hauxe da datorren ostiralerako luzatu nahi dizuegun gonbidapena! Balmasedako Emakumearen Etxean 18.00etatik 20.00etara. Izena emateko azken eguna: hilaren 25ean. Ez galdu aukera !!!

2012/05/30

Hutsa Zallan!!!


Ostiral honetan (Ekainak 1), kontzertu lasaia eta goxoaz disfrutatzeko aukera paregabea dugu. Hutsaren emanaldi berezia izango da, gonbidatu bereziekin...
Arratzaldeko 20.00etan Zallako Zine Antzokian, sarrerak 5 euro. Animatu zaitez!!!

2012/05/04

Lanestosako 725. urteurrena ospatzen...

Lanestosa, gure eskualdeko herri txiki eta xarmangarria, 725. urteurrena ospatzen ari da! Horren harira, txistu kontzertua egongo da larunbat honetan, hilak 5.

2012/01/23

Dantza ikastaroa



Gogoratu ostiral honetan Balmasedan dantza ikastaroaizango dugula, gure berbalaguna den Goioren eskutik. Urtarrilak 27 Emakumearen Etxean (17:00-18:30) izango da. Animatu zaitez!

2011/11/24

Gabonetako afaria!!


Zuen iritzi eta bozketatik abiatuta, gabonetako afariaren data zehazteko unea iritsi da... Azkenean, Enkarterriko euskaldunok batuko gaituen afaria Abenduaren 9an izango da!!! Momentuz Sodupen elkartuko gara. Gonbidapena zuen laguneei luzatu, eta animatu!!

*Zuen asistentzia aurretik konfirmatu mezedez.

2011/11/17

Dantzatzerik nahi?



Bi astetik behin
dantza ikastaroa BALMASEDAN izango dugu, gure berbalaguna den Goioren eskutik!!! Bertan, erromerietako dantzak ezagutzeko eta elkarrekin primeran pasatzeko aukera paregabea daukagu!!!
Beraz, parte hartzeko lehengo saioa ABENDUAK 2 EMAKUMEAREN ETXEAN (17:00-18:30) izango da. ANIMATU ZAITEZ!!!

*Ikastaroa hamabostero izango da. (Ab.2, Ab. 16...)

Balmasedan bertsotan hasi nahi?




Balmasedan
bertsotan ikasteko eta aritzeko aukera paregabea daukagu!!
BERTSO ESKOLA martxan jarri da! 12 urte baino nagusiagoa bazara, eta bertsotan ikasi nahi baduzu... amimatu zaitez!! ASTELEHENERO 17:00etan KULTUR ETXEAN

2011/11/16

Ostiralean bi berbalagunek badute plana!!



Mikel Urdangarinen kontzerturako zozketaren irabazleak baditugu.....

ARKAITZ PEÑA eta ROBERTO BLANCO. Badakizue nork gonbidatu?

ZORIONAKKKKK!!!!

Badator gabonetako afaria !!!!!!!!




Urtero bezala gabonetako afaria antolatuko dugu. Arkaitzek, gure berbalagun informatikariak, inkesta eskegi du guztion artean eguna aukeratzeko. Parte hartu hemen klikatuz !!!

2011/11/11

Berbalagunentzako sarreren zozketa !!!





Enkarterriko berbalaguna bazara eta Mikel Urdangarin gustoko baduzu ez galdu aukera paregabea !!! 2 pertsonentzako bina sarrera ditugu oparitzeko!!! Kontzertua hilaren 18an izango da Balmasedako Klaret Antzokian. Zozketan izena emateko azken eguna hilaren 15a. Anima zaitez izena ematera !!!

2011/09/09

Berbakafea Balmasedan!

Oraindik aukera daukazu hilaren 17an Balmasedan ospatuko dugun Berbakafearen III. edizioan parte hartzeko!



Goizeko 11:00etan San Juan Plazan elkartuko gara berba egiteko prest. Bitartean gosari goxo-goxoa hartzera gonbidatuko zaitugu eta zenbait sorpresa egongo dira goizean zehar.

Anima zaitez eta izena eman 13a baino lehen!!

2011/06/29

Oporretan gaude !!!

Ekaina bukatu da eta horrekin batera gure bateriak ere bai... beraz... gu bagoaz !!! Baina badakigu kafe bat zor dizuegula... ez dugu ahaztu, baina irailera arte itxaron beharko duzue. Dena den, erreserbatu eguna zuen agendetan, Berbakafea III. edizioa irailaren 17an izango da.

Uda on pasa!

2011/06/17

Donibane Gaua Galdamesen !!!

Ekainaren 23an gaueko 22.30ean udako solstizioa ospatuko da Galdamesen. Bertara hurbiltzen direnak ordubete iraungo duen "Ametsetan: Galdamesko Donibane Gaua" emankizunaz gozatu ahal izango dute. Ikuskizunak 7 agerraldi izango ditu eta bertan gure mitologiako pertsonaiarik ospetsuenak aurkituko ditugu: akerrak, lamiak, sorginak, Mari... Eta antzezpenaren ostean txokolatada !!! Ez galdu gau magikoaz gozatzeko aukera !!!

2011/06/16

Gordexolako IV. Euskal Jaia

Ekainaren 26an, igandea, Gordexolako Argizka Emakumeen Elkarteak antolatuta eta Udalak lagundutako IV. Euskal Jaia ospatuko da. Aurtengo nobedadea Euskal Ezkontzako protagonistek zilarrezko ezteiak ospatuko dituztela izango da.

--> Txistulariek kalejira girotuko dute eta eguerdiko hamabietan hasiera emango zaio Euskal Ezkontzari.
--> Zeremonia bukatuta bertsolariak arituko dira.
--> Horren ostean, festa San Kosme zelaietara mugituko da, bertan antolatuko baita herri bazkari jendetsua.
--> Arratsaldean umeentzako ipuin kontalaria eta Hodoibaltza Euskara Elkarteak antolatutako haur jolasak egongo dira.
--> Seietan euskal erromeria.
--> Zortzietan Molinar plazarako jaitsiera eta ezkonberriei agurra.

2011/06/15

24an afaria!

Azken afaria egin genuenetik sei hilabete igaro dira, beraz, ez duzu uste Enkarterriko Berbalagunok elkartzeko ordua dela?? Hala uste baduzu, ez izan zalantzarik eta eman izena ekainaren 24an ospatuko dugun afari mundialan parte hartzeko!





Hitzordua: 20:30ean elkartuko gara poteoan ibiltzeko eta 22:00etan Balmasedako Igerilekuetako jatetxean afalduko dugu.

Prezioa: 20 €

Menua: Konfirmatu gabe, zehazten dugunean esango dizuegu.

Izena eman: Beharrezkoa da 20a baino lehen izena ematea. enkarterri@aek.org


Anima zaitezte!

2011/06/10

AEKrekin euskararen bide naturalak ezagutu!

Urtero bezala, AEK-k bere udako eskaintza prestatu du; ikastaroak, barnetegi arruntak, familia barnetegiak... Baina naturarekin harreman estua izan nahi baduzu, aukera bereziak badituzu.
Urepeleko barnetegian, euskara eskolez gain, inguruko mendietara txangoak egiteko aukera eskaintzen du.
Barnetegi ibiltarietan, bizikletaz eta oinez, ez dago eskola ordurik mintzapraktikara bideratuta daudelako , baina arduradunak irakasleak direnez edozein zalantza argitzeko prest dauzkazu.
Animatu eta ezagutu eskararen bide naturalenak!
info +

2011/05/31

Jaioberriei euskaraz !!!

Gordexolako Euskara Zerbitzuak Eman giltza- ¡háblale, escúchale! kanpainarekin bat egin du. Ume jaioberriak eta 1-6 urte bitarteko umeak dituzten familiei euskararen transmisioa sustatzeko materiala helaraziko die Udalak. Gurasoek diptikoa, KU-KU liburuxka eta CD bat jasoko dute non oinarrizko euskarazko hitzak, esamoldeak eta abestiak batzen diren. Informazioa zabaltzeko: hemen

2011/05/30

Euskal ezkontza !!!







Ekainaren 18an Balmasedan ospatuko den Euskal Ezkontzarako dena prest !!!




Egitaraua:

11.00 Txalaparta San Severinon. Kalejira S. Juan plazaraino (senargaiaren koadrila).

12.00 Emaztegaiarekin bat egitea eta hamaiketakoa S. Juan plazan.

12.30 Kalejira S. Severino enparantzaraino, denok elkarrekin.

13.00 Ezkontza zibila eta erlijiosoa. Aurrezku, jota, arin-arin. Taldeko argazkia.

13.45 Trikipoteo.

15.00 Bertsolaria. Kantabazkaria. Nagusiak 9 euro, txikiak 3 euro. Bonoak ekainaren 3tik salgai Carambolan, Eguzkin eta Herriko Tabernan.

15.30 Bazkaldu eta gero txikientzako tailerrak egongo dira.

18.00 Sokatira.

19.00 Euskal Erromeria.

2011/05/18

Ibilaldira joateko autobusa !!!

Aurtengo Ibilaldia, askok jadanik jakingo duzuen moduan, maiatzaren 29an izango da Ondarroan. Giro euskaldunean egun atsegina pasatzeko aukera ederra da eta Balmasedako Zubi-Zaharra Ikastolak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak jai honetarara joateko autobusak jarriko dituzte !!! Balmasedakoek 5 euro ordaindu beharko dituzte eserlekua izateko eta kanpotarrek 6. Autobusa goizeko 9etan aterako da herritik eta itzulera 20.00etan izatea aurreikusten da. Izena emateko azken eguna maiatzaren 23an izango da. Ez galdu aukera !!!

2011/05/12

Enkarterri, bertsoz bertso!

Urtero legez, aurten ere punta-puntako bertsolariak Zallako Zine Antzokian datorren ostiralean, maiatzak 20, 20:00etan.


Aurten Maialen Lujanbio (2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna), Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Arkaitz Estiballes eta Zallako Bertso Eskolako Arrate Zubigarayren bertsoekin gozatzeko aukera izango dugu.

Berbalagunentzat gonbidapenak ditugu!. Zurea lortzeko bidalguzu mezua (enkarterri@aek.org) maiatzaren 18a baino lehen!.

Anima zaitez!

2011/05/09

Jon Sarasua Balmasedan !!!



Balmasedako Institutuak Jon Sarasua ekarriko du Balmasedara. Irakasle, kazetari eta soziologoa asteazkenean izango da San Juan Enparantzako Gaztetxokoan, arratsaldeko 17.00etan. Ez galdu aukera !!!

2011/05/03

Herri Urratsera joateko autobusa doan !!!




Igande honetan, maiatzak 8, Iparraldeko ikastolen jaia ospatuko da Senperen eta Balmasedako Euskara Zerbitzuak doako autobusa jarri du !!! Balmasedatik goizeko 9etan aterako da autobusa (tanatoriotik) eta 20.00etarako bueltan izango gara. Izena emateko tokiak, ondoko bi hauek: Zubi Zaharra Ikastola eta Euskara Zerbitzua (udaletxeko 1. pisuan). Izena emateko epea gaur, maiatzak 3, bukatzen da, beraz, ez lokartu eta eman izena !!!

2011/04/14

2011/04/08

Apirilak 15: jantzi euskalakari zapatilak eta zatoz korrikara !!!



Datorren ostiralean, hilak 15, Korrika gure eskualdetik igaroko da. Bakoitzak ahal dituen kilometroak egin ondoren indarrak berreskuratzeko aukera izango dugu. Gure proposamena Balmasedako ekintzetan parte hartzea da, planak honakoak dira:


19.00etan "Euskal ezkontza 1011" aurkezpena eta argazki proiekzioa, kultur etxean.


20.00etan Triki-poteoa herrian zehar


22.00etan PAELLADA kultur etxeko patioan. Bonoak : 10 euro nagusiak eta 5 euro umeak. Bonoak eskuratzeko: Dantza lokalean, Herriko Tabernan, Eguzkin eta Caranbolan.


Beraz, joango gara berbalagunak elkarrekin paella afaltzera???

2011/03/28

Euskalakarion topaketa!



Korrika badator eta martxan jartzeko ordua da!

Berotzen hasteko ostiral honetan Enkarterriko Euskalakarion topaketa izango dugu, adi egon!


Zer: Bertso afaria, Jon Martinez eta Aitor Arrutia bertsolariekin.

Noiz: Apirilak 1, ostirala, 21:30ean.

Non: La Herrerako Zubiondo Jatetxean.

Prezioa: 15 €

Izena eman: AEK Euskaltegian. 946670312 / 605395679 - enkarterri@aek.org

2011/03/22

Berbatxotxeko argazki lehiaketa !!!

Larunbateko ajea gaindituko genuen guztiok dagoeneko, ezta? Egunak gauza ugari egiteko tartea eskaini zigun: poteoan ibiltzeko, txotx egiteko, koadrilan abesteko, beste eskualdeko berbalagunak ezagutzeko... eta bebai... argazkiak ateratzeko, noski !!!!!!! Beraz, hauxe da gure proposamena: aukeratu larunbatean atera zenituen argazki dotoreenak eta parte hartu AEKko Mintzapraktika Zerbitzuak antolatu duen lehiaketan !!! Argazkiak helbide honetara bidali: praktikatu@aek.org (banan-banan). Argazkiak bidaltzeko epea astelehenean, hilak 28, bukatuko da. Animatu eta parte hartu !!!

2011/03/18

Iulian Iantzi Balmasedan !!!




Iulian Estatu Batuetan jaio eta hazi zen eta 7 urteetara arte ingeleraz eta euskaraz besterik ez zen mintzatzen... Bere familiarekin Euskal Herrira bueltatu zenean erdara ikasi behar izan zuen... ez al zen ba nahikoa euskara menperatzearekin? Iantzik euskararekin duen harremanaz hitz egingo digu hilaren 24an Balmasedako Kultur Etxean, 17.00etan.

Antolatzailea: Balmasedako Euskara Zerbitzua

2011/03/15

Kopla idatzi sariketa



Parte hartzaileak: AEKko euskaltegietako taldeak zein praktika egitasmoetako taldeak.

Egin beharrekoa: 6 koplaz osatutako bertsoaldi bat idatzi. Doinua: ama begira zazu, ikusi nuenean)

Gaia: Euskalakari baten eguna

Azken eguna: apirilak 1

Bidaltzeko helbidea: prentsa@aek.org

Epailea: Bertsozale Elkartea

Saria: irabazten duen taldeak afari edo bazkari bat sagardotegi batean, bi bertsolarirekin.

Sariduna Korrikaren amaieran jakinaraziko da.


OHARRA: Bertsoaldia idaztea eta bidaltzearekin aski da baina bertsolaritzan doinua ere ezinbesteko osagaia denez, koplak abestera animatu nahi zaituztegu; beraz, telefono batekin edo kamera arrunt batekin zuek kantatutako bertsoaldia grabatu eta bidal dezakezue; bideoz iristen diren bertsoaldiek puntu gehigarri bat izanen dute.

2011/03/11

Enkarterri ere Far West da!


Enkarterritik autobusa aterako da eta bertan 200 berbalagunetik gora elkartuko gara, eta zeu?