2014/09/24

#lotsarikgabe praktikatu gurekin!


Kaixo berbalagunok,

        Udazkenarekin batera Enkarterrin berbalagun egitasmoa berriro martxan jartzeko unea heldu da. Aurten #lotsarikgabe lemapeko kanpainarekin hasiera eman diogu ikasturte berriari. Pasa den urtean, inoiz baino leku gehiagotara ailegatu ginen; honetan Enkarterriko herri eta auzo guztietara heltzea jarri dugu helburu. Helmuga honetara iristeko lagun, elkarte zein eragile guztien ekarpenak beharrezkotzat jotzen ditugu; hori dela eta, #lotsarikgabe zuengana jotzen dugu, zuen parte hartzea erabat beharrezkoa da eta.


2014/07/02

Oporrak!!



Elkarrekin ikasturtea eman ostean, ondo merezitako oporrak hartzeko unea heldu da... Baina, ez ahaztu euskaraz praktikatzeko edozein momentua ona dela; hondartzan, herriko jaietan, edo elkartuko garen edozein tokitan.
 
Ondo pasa eta irailean berriz elkartuko gara!
 

2014/06/13

Afaria Balmasedan!


Aurten nahiz eta Udako Berbalaguna martxan den, egitasmoaren ohiko programazioak atseden hartzeko unea heldu da. Gero arte esateko momentua heldu da beraz. Baina oporrak hartu aurretik berbataldeetan parte hartu duzuen berbalagun guztiak biltzea proposatzen dizuegu.

Ikasturteko azken topaketa egin nahi dugu, poteoa, afaria...eta horretarako hitzordua ondokoa da: ekainak 27, ostirala Balmasedan. Zenbat lagun joango garen jakin behar dugu erreserba egiteko. Beraz, hasi agendan eguna gordetzen eta izena eman afarirako!!! Bideak betikoak dira: facebook bitartez mezu pribatua  (Enkarterriko Berbalagun), Berbalagun sakelekora deia, mezua edo whatsappa (671 07 00 44) edo e-posta idaztea (enkarterri@aek.org).

2014/06/11

Berbalagun taldeen topaketak


Ekainaren 22an Urduñako San Juan merkatuan Berbalagunen Topaketa ospatuko da. Bertan euskaraz bizi nahi duten lagunak elikadura burujabetza eraikitzen dabilen herri batekin topatuko dira. Horretarako VSF eta Berbalagun taldeek, Urduñako eragile sozial eta udaletxearekin batera ekintzez beteriko eguna antolatu dugu.

Gosari agroekologikoa, Urduñatik eta merkatutik bisita gidatua, gertuko ekoizleen eskutik bertoko txakolin eta gazta dastaketa, taloak egiteko tailerra...
Bazkaria: Taloak, entsalada, postrea, edaria eta kafea
 
Urduñara hurbiltzen diren Berbalagun taldeek eta euskaldun orok, elikadura burujabetza helburu duten bertoko esperientziak ezagutzeko eta aldi beren jai giroan euskaraz bizitzekoa aukera izango dute.
Anima zaitezte!!!

Autobus bat antolatuko da eta egun osorako txartela 10 eurotan salduko da. Informazio gehiagorako zuen Berbalagun Taldearen koordinatzailearekin edo VSF-rekin jarri zaitezte kontaktuan.
VSF: proiektuak@vsf.org.es / 695 478 735 / 94 496 11 75

2014/06/03

Udako berbalaguna!

Aurten, udan ere euskara praktikatzen jarraitzeko aukera zabaldu dugu. Eman izena zure herriko euskaltegian, euskara zerbitzuan edo bete fitxa hau Azken eguna, ekainaren 20a.

2014/05/29

Zallako Mintzodromoaren kronika!


Oraingoan Mintzodromoa, maiatzaren 22an, Zallako Frontoian burutu genuen. Bertan 45 pertsona inguru elkartu ginen, euskaltegietako zein hizkuntza eskolako ikasleak, berbalagunak... Zallako Bertso Eskolako gaztetxoak ere, bertso bat botatzera animatu ziren.

Otsailean Balmasedan erabilitako metodologia jarraituz, jai ereduei buruz, euskara ikasteko laguntzen inguruan eta Enkarterriko langabeziaz mintzatu ginen, kafetxoa hartzen genuen bitartean.

Beste behin ere, Enkarterriko euskaldunak elkar ezagutzeko eta elkarrekin euskara praktikatzeko aukera ezin hobea izan da!

2014/05/13

Mintzodromoa Zallara dator!!!


Datorren astean, Maiatzak 22, Mintzodromoa izango dugu Zallan. 18:00etan frontoian hasiko da, bertan kafetxoa hartzen dugun bitartean, hiru gaien inguruan aritzeko aukera izango dugu. Dagoeneko asko izan dira ekintza honetan parte hartzeko izena eman dutenek. Euskara praktikatzeko aukera ezin hobea!
*Oraindik garaiz zabiltza izena emateko, Maiatzak 22 baino lehen.

2014/04/29

Balmasedan euskaraz jolasean!!


Oporrak hartu aurretik, Balmasedako Emakumearen Etxean familian euskaraz jolasean  ibili ginen. Honetarako, Enkarterriko herri ezberdinetako familiak gerturatu ziren, kanten eta jolasen bitartez goiza oso azkar pasa zen.
Giro ezin hobean, Gurasolagun talde bat sortzeko lehen urratsak eman ziren. Beraz, euskalduna bazara eta familian euskarazko planak egin nahi badituzu, hemen duzu aukera paregabea. Izena emateko jar zaitez gurekin harremanetan!!

2014/03/28

Desentxufatuak antzezlana Zallan!


Rockero zaharren modura, Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreak, lan arrakastatsuenekin bilduma bat osatu dute: Desentxufatuak. Segitzen dute euskararekin umorea egiten, euskaldunberri zaharrak ez direlako inoiz hiltzen. 

Apirilaren 10ean, arratsaldeko 19:00etan, Zallako Antzokian antzezlana ikusteko aukera izango dugu, anima zaitez!
*Sarrera doan

 

2014/03/26

Sodupen eta Balmasedan familientzako ikastaroak!

Familian euskaraz gozatzeko aukera paregabearekin gatoz... Urtxintxa Eskola eta Aek-ren eskutik, euskaraz jolasean aritzeko ordu eta erdiko bi saio izango ditugu Enkarterrin. Bat Sodupen eta bestea Balmasedan. Saio hauen helburu nagusia, familian bertan eta familien arteko euskarazko harremana indartzea bada ere, primeran pasatzeko aukera ere bada! 

Sodupen: Apirilak 11, ostirala, 17:30etan Kultur Etxean.
Balmasedan: Apirilak 12, larunbata, 11:00etan Emakumearen Etxean. 

APIRILAK 5, izena emateko azken eguna.
enkarterri@aek.org / 671 07 00 44

2014/03/07

Balmasedako Mintzodromoaren kronika


Otsailaren 26ko goizean, Enkarterriko Berbalagunek Mintzodromoa antolatu zuen Balmasedako polikiroldegian. Hori zela eta, Euskaltegietako eta Hizkuntza Eskolako ikasleak, institutuko gazteen klase bat, Berbalagunek... batu ginen eta ia 55 lagunen artean giro ederra sortu genuen.

Bertan, aldatzen joaten ziren 6 pertsonen taldeetan, komunikatzeko era berrien inguruan, euskarari buruz eta gaur egungo elikadura ohiturez mintzatu ginen gosaritxoa hartzen genuen bitartean.

Enkarterriko euskaldunak ezagutzeko eta haiekin euskara praktikatzeko aukera paregabea izan zen. Parte hartu genuenok oso pozik eta errepikatzeko gogoekin atera ginen, beraz, maiatzean Zallan arratsaldez egingo den Mintzodromoan elkar ikusiko dugu!

2014/02/17

Mintzodromoa Balmasedara dator!!


Datorren astean, Otsailak 26, Mintzodromoa izango dugu Balmasedan. 10:30etan kiroldegian hasiko da, bertan kafetxoa hartzen dugun bitartean, hiru gaien inguruan aritzeko aukera izango dugu. Dagoeneko asko izan dira ekintza honetan parte hartzeko izena eman dutenek. Euskara praktikatzeko aukera ezin hobea!
Oraindik garaiz zabiltza izena emateko, Otsailak 20 baino lehen.

2014/02/07

Berbataldea Karrantzan!!


Gaur, arratsaldeko 19:00etan Karrantzako berbataldea elkartzen hasiko da, La Parada Tabernan (Ambasaguasen). Hau izango da herri honetan sortu den lehenengo taldea, eta Enkarterrin dugun hamaikagarren taldea. Apurka-apurka bagoaz Enkarterriko bazter guztiak euskalduntzen. 

Zeu oraindik talderik ez baduzu topatu, garaiz zabiltza! Informazio gehiagorako 671 07 00 44 telefonora deitu. 

2014/02/03

Agate Deuna Balmasedan


Azkeneko urteetan bezala, larunbatean Nafarroa Kantu Taldeakoekin, Balmasedako kaleak jai giro paregabeaz busti genituen. Euria eta hotza ahaztu, eta herriko bazter guztietara joan ginen.
Agate Deunako ohiko kantak abesteaz gain, Balmasedan klasiko bihurtzen hasi den "Negu eskean" ere kantatu genuen, gaua sartu arte...Kar,kar!
Ospakizun honek, oso harrera ona izateaz gain, urtez urte gero eta jende gehiago batzen du. Dena dela, aurten hurbiltzea ezinezkoa izan baduzu, oraindik garaiz zaude asteartean joateko!

Otsaileko agenda!