2017/05/12

Zallako mintzodromoa ate jota dago!

       
        Ikasturtea amaitzear dago eta honekin  batera, azken urteotan bezala, Enkarterriko berbalagunok, ikasleok eta gainontzeko euskaldunok hitzordua izango dugu Zallan antolatuko dugun mintzodromoan. Ekitaldi parte hartzaile honetan, mahai inguruan eta kafe baten bueltan, gai ezberdinez hitz egingo dugu giro lasai eta atseginean. Maiatzaren 25ean, arratsaldeko 17:30ean, Zallako pilotalekuan. 
HURBILDU, GOZATU EUSKARAZ!!!
Izena emateko: Enkarterriko euskaltegietan, enkarterri@aek.eus, edo 
                            Whatsappen bidez (671 070 044) 
                            Maiatzaren 22ra arte.

2017/05/11

Bertso jaialdia Zallan!


      Datorren ostegunean, maiatzak 18, bertso jaialdi mundiala izango dugu Zallan. Jone Uria, Julio Soto, Sebastian Lizaso, Alaia Martin eta Ander Ucelay (Zallako bertso-eskolakoa) bertsolariak bertsotan arituko dira Jon Martinezek jarritako gaiez eta egoeretan. Arratsaldeko 19:00etan, Zalla zine- antzokian.

ANIMATU ETA HURBIL ZAITEZ! 

2017/05/08

Sendabelar ikastaroa Balmasedan. 1.saioaren kronika.







       Pasa den asteazkenean sendabelar ikastaroaren 1. saioa egin genuen Balmasedan. Hainbat landare eta euren ezaugarriak ezagutzeaz gain, kalendula ukendua eta zainbelar eta malba jarabe bat prestatu genituen. Oso arratsalde polita eta probetxugarria igaro genuen bertan eta asteazken honetan 2.saioari ekiteko irrikan atera ginen handik.

ESKERRIK ASKO BEGOÑERI,
ETA HARA HURBILDU ZINETEN GUZTIOI!


Asteazken honetan, berriro!

Familientzako "Huertik, hiri baratzeak" tailerra Sodupen.


      Hil honen 18an, osteguna, loreontzirik gabeko hiri baratzeak sortzen ikasiko dugu Sodupen antolatu dugun "Huertik, hiri baratzeak" familientzako tailerrean. Bertan banatuko diren zakuetan letxugak, tipulak, azenarioak, etabarreko barazkiak eta loreak landatzeko aukera izango dugu, baita etxera eramateko ere. Horrela, umeak, egunero jaten dituzten produktuetara hurbildu ahalko dira eta nekazari txiki bezala sentituko dira. Kultur etxean, 17:30ean.

Izena emateko: enkarterri@aek.eus edo 671 070 044 (whatsapp)
                          Maiatzaren 12ra arte.
                          DOAN!


ANIMATU ETA EKIN HIRI BARATZEARI FAMILIAN!

2017/04/24

Sendabelar ikastaroa Balmasedan


       Maiatzaren 3an eta 10ean, asteazkena, berbalagunok gure baso eta baserrien inguruan ohikoak diren sendabelarrak identifikatzen eta modu egokian erabiltzen ikasiko dugu Balmasedan burutuko den sendabelar ikastaroan. Infusioak, ukenduak, enplastu edota kremak egiten ikasteaz gain, oso ondo pasatuko dugu eta euskaraz praktikatzeko aukera paregabea izango dugu. Emakumearen etxean, 18:30ean.

ANIMATU ETA EKIN SORGINKERIARI!

Izena emateko: enkarterri@aek.eus edo 671 070 044 (Whatsapp)
                             Maiatzaren 2ra arte.
                             DOAN!


2017/03/30

El Pobalera bisita gidatua.


       Galdameseko berbalagunek plan ederra prestatu dute apirilaren 8rako. Goizeko 9:30ean El Bentorrotik oinez abiatuko gara antzinako galtzadatik El Pobalerantz. Ibai ondotik bilbide polita egin ostean bertoko burdinola bisitatuko dugu. Bisita amaitu ostean bueltako bideari ekingo diogu eta gaur egun Enkarterrin indarrean dagoen azken errotetariko bat bisitatzeko aukera ere izango dugu. Bisita gidatua 5 €
*Ibilbide aproposa familientzat.

Eta ibilbidearen ondoren, denok Korrikaren aldeko jaiaz disfrutatzera!

MAKILA HARTU ETA EKIN BIDEARI GUREKIN! 

2017/03/21

Korrikaren aurkezpena Balmasedan.


       Ostiral honetan, martxoak 24, 20. Korrikaren aurkezpena egingo da  Balmasedan. Musika, dantza, informazioa, eta askoz gauza gehiago. Arratsaldeko 19:00etan, Klaret antzokian.

ANIMATU ETA EGIN BAT KORRIKAREKIN!

2017/03/20

Kultur txangoa. Kronika.







       Egun zoragarria larunbatean Enkarterriko berbalagunok Goierrin igaro genuena. Goizean Enkarterritik Ezkiora abiatu ginen Igartubeiti baserri-museoa bisitatzera. Bertan, XVI. mendeko baserrietako bizimodua ezagutzeko parada izan genuen eta antzinako euskaldunon kulturan sagardoak zuen garrantziaz jabetu ginen. Garai modernoetara bueltatzeko, Zeraingo Otatza sagardotegira hurbildu ginen gaur egungo sagardoa eta  menu ederra dastatzera. Gosea aseta, Enkarterrira bueltatu ginen irribarre luze-zabala ahoan.

ESKERRIK ASKO ETORRI IZANAGATIK ETA AUPA ZUEK!!

2017/03/17

Postalak egiteko tailerra. Kronika.







       Bai postal politak, atzo postalak egiteko tailerrean egin genituenak!  Izarrak, bihotzak, tximeletak, hizkiak eta beste apaingarri batzuk erabiliz nork bere gustuko postala egin zuen kolorez eta marrazkiz beterik. Ziur gaude, igande honetan, Balmasedako aitek oso opari ederrak jasoko dituztela.

MILA ESKER MATXALENI ETA 
HARA HURBILDU ZINETEN GUZTIOI!








2017/03/14

Korrika kulturala Zallan. Poteo-musikatua.


       Ostiral honetan, martxoak 17, Korrika kulturala ekimenaren barruan poteo musikatua izango dugu Zallan. Arratsaldeko 19:30ean, Sakatu elektrotxarangak  girotuta, ekitaldiari hasiera emango diogu Kiosko plazan.

HURBILDU ETA EGIN BAT KORRIKAREKIN!!!

2017/03/03

Familian "Postalak, orri-markatzaileak eta imanak egiteko tailerra" Balmasedan.


       Otsailean Zallan egin genuen "barreterapia familian" tailerrean ederto pasatu bagenuen, martxoan Balmasedan antolatu duguna ere ez da plan makala, "Postalak, orri-markatzaileak eta imanak egiteko tailerra". Ezin zarete etxean geratu!

Non: Balmasedako emakumearen etxean
Noiz: Martxoak 16, osteguna
Ordua: 17:30ean. 

Izena emateko: enkarterri@aek.eus edo 671 070 044 (Whatsapp)
                              Martxoaren 14ra arte.

ANIMATU ETA ETORRI ETXEKO TXIKIEKIN

TARTE POLIT BAT IGAROTZERA! 

2017/02/24

Balmasedako mintzodromoa. Kronika.
















       Goiz zoragarria igaro genuen atzo, otsailak 23,  Balmasedan antolatu genuen IV. mintzodromoan. Bertan, hainbat lagun, Enkarterriko berbalagunok, eta euskaltegietako zein institutuko ikasleak besteak beste, mahai batzuen inguruan elkartu ginen euskaraz tarte atsegina eta dibertigarria pasatzeko asmoz. Egungo hiru gai jorratu egin ziren nork bere iritzia ematen eta mahaikideenak entzuten. Datorren urtean, berriro!


MILA ESKER PARTE HARTZEAGATIK,

ETA AUPA ZUEK!

2017/02/23

"Barreterapia familian" tailerra. Kronika






       Asteazken honetan, hainbat guraso eta ume berbalagun egitasmoak antolaturiko "barreterapia familian" tailerrean elkartu ziren familian euskaraz tarte dibertigarria igarotzeko asmoz. Bertan, Andonik gidaturik, hainbat jolasen bidez txikiek zein handiek barre handiak bota zituzten eta oso ondo pasatu zuten. 

ESKERRIK ASKO ANDONIRI ETA

HARA HURBILDU ZINETEN GUZTIOI!