2021/06/22

MENDILAGUN. 4. irteeraren kronika.

    Larunbatean bukaera ezin hobea eman genion ikasturte honetako MENDILAGUN ekimenari. Aurreko eguneko ekaitzek ezer onik aurreikusten ez bazuten ere, goiz ederra lagun abiatu ginen Gordexolako Zaldu auzotik. Pausuz pausu eta aldapaz aldapa Kiputxetako gailurrera heldu ginen. Bertan atsedenaldia hartzen ari ginen bitartean, Gallarragaren ikusgarritasunaren aurrean, gailurrera zihoazen bideak behatzeko aukera izan genuen. Adorez maldan gorari ekin genion Gallarragako tontorra zapaldu arte. Bertan igoeran galdutako indarrak eta energia berreskuratu ostean, bidea desegin genuen berriro Zaldura iristeko.

       Hala ere, hau ez zen goizak oparitu zigun guztia. Izan ere, bueltan, Gorka lagunak mokadu ederra prestatuta zeukan guretzat, berak ekoiztutako txakolina lagunduta. Mila esker Gorka mendian hain gidari ona izateagatik eta baserrian egin zenigun harreragatik. 

 

Urrian bueltan egongo gara ibilaldi berriekin.

Uda polita izan!!!!

 























 

2021/06/21

Euskal sua hitzaldiaren kronika

 


Ekainaren 16an, asteazkena, udako solstizioa gertu daukagula aprobetxatuta, Zallako Kultur Etxean udaburuari buruzko hitzaldia izan genuen. Bertan jabetu ginen antzinatik ospatzen ditugun erritu eta festetan naturako elementuren batek garrantzia duela: izan sua edo ura, izan zuhaitzak eta belarrak, beti aurki dezakegu natura errituotan.


Horren erakusle belaunaldiz belaunaldi transmititu diren mito eta elezaharrak ditugu; baita etxean ikasitako ohitura zaharrak ere. Askotan haien jatorrizko zentzua galdu dugun arren, egiten jarraitzen ditugun ekintzak dira; esate baterako, eguzki-lorea etxe atarian jartzea, edo urte berriko lehen ura iturritik hartzea.  

 

Halaber, gure herriko edozein tradizio aztertuz gero, konturatuko gara antzera sortu zela, eta naturako osagai batek parte hartzen zuela. Horrela, aspaldiko errito pagano bat, kristauen fede berriarekin nahastu, eta gaur egun arte iraun duten ospakizunak sortu ziren,  San Jaun gaua, adibidez. Bertan suak berebiziko indarra du. Berdin gertatzen da ezagutzen ditugun pertsonaia mitologikoekin. Haiei buruz ere luze aritu ginen.

Hori guztiaz, eta askoz gehiagoz, mintzatu zitzaigun Aritza Bergara euskal idazle eta komunikatzaile trebea. Hasiera hasieratik haren hitzek harrapatu gintuzten; eta horrela pasatu genuen arratsaldea: biziki gozatuz eta ikasiz. Mila esker Aritza gurekin egoteagatik, eta gure ohiturak entzuteagatik; eta eskerrik asko gerturatu zineten guztioi ere. Plazera izan zen zuekin asteazken arratsaldea igarotzea. 

 

  

 Hurrengora arte, Berbalagunak!

2021/06/18

Gurasolagun pasaportea Gordexolan. Kronika.



Aurreko ostiralean, ekainak 11, Gordexolako Kultur Etxean Xalto pailazoaren bisita izan genuen. Azken orduko erabaki baten ondorioz, Xuplente ere gurekin egon zen, eta denon artean Pupurri-pupurri ikuskizuna osatu genuen: abesten, dantzatzen eta lehiatzen aritu ginen; baita gure artean zoriontzen eta lausenguak botatzen. Kar-kar-kar. Helduok eta haurrek primeran pasatu genuen, barrezka eta algaraka. Gainera, parte hartzaileok oparitxoak jaso genituen, eta etxera poz-pozik itzuli ginen; hurrengo ikasturtean gehiagoren irrikan.

Mila esker, gurasolagun, gurekin arratsalde zoragarria igarotzeagatik; eta eskerrik asko bihotz-bihotzez Xalto eta Xuplente artista bikainei. Gozamena izan zen!








     


2021/06/11

Mendilagunon 4. irteera. Gallarraga

        Hil honen 19an, ikasturteari agurra emateko aukera paragabea izango dugu mendilagunok antolaturiko txangoan. Goizean goiz, Gallarraga mendia helburu, Gordexolako Zaldu auzotik abiatuko gara euskara lagun. Bidean zehar Gueñes, Gordexola eta Okondoren gaineko ikuspegirik politenez gozatzeaz gain, ibilaldiaren amaieran sorpresaren bat izango dugu gure zain. 

 
       Beraz, mendia eta natura gustuko baduzu eta giro euskaldun eta atseginean oso ondo pasatu nahi baduzu, ez ibili nagikeriatan eta EMAN IZENA jada!
 
       Izena emateko: enkarterri@aek.eus – 671 070 044
 

 

2021/06/10

Gurasolagun pasaportea Balmasedan. Kronika.

 

Atzo arratsaldean, ekainak 9, Balmasedako eta inguruko familia euskaldunok jolasean aritu ginen hiribilduan zehar gynkana handi batean. Proba batzuk familian egiteko izan ziren, eta beste batzuk talde-lanean. Guztira 9 taldetan banatu ginen, eta lehen egitekoa taldeari izena jartzea izan zen: Animaliak, Beloziraptorrak, Ganekoak,... Kar-kar-kar.

San Severino plazatik abiaturik, Balmasedako alde zaharrean hainbat proba egin genituen: herriko dendari bati fabore bat eskatu, Kolitza mendia bilatu, erromesekin bidea egin, Maria Dapena estropadak ikustera gonbidatu, Zubi Zaharrean hiribildura sartzeko eskubidea ordaindu,... Eta den-dena argazkitan erregistratu. Musikak eta dantzak ez zuten huts egin, ezta familien arteko elkarlanak ere.  

Alboan enpresako Jorge Gomezek antolatutako gynkana primerakoa izan zen! 

Mila esker Jorgeri eta hurbildu zineten familia guztiei. Gogoratu, bihar, Gordexolan familientzako ikuskizuna izango dugula, arratsaldeko 19:00etan Kultur Etxean.

Hurrengora arte, familiak!