2019/12/19

Gurasolagun pasaportea: Gabonetako tailerra. Kronika.


Gurasolagun pasaporteko 3. ekintza aurreko ostiralean, abenduaren 13an, burutu genuen Sodupeko Kultur etxean. Bertan, hainbat familiek Gabonetako feltrozko botak egin zituzten. Patroiak oihalean markatu, moztu eta elkar josi zituzten galtzerdiaren zatiak. Ondoren, kanpoaldea nork bere nahierara apaindu zuen feltrozko zatiekin, borlekin  edota purpurinarekin. Zoragarri ederrak geratu ziren Gabonetako apaingarri guztiak; baita oso koloretsuak ere!

Beraz, badakizu Gurasolagun euskaraz eta familian giro ederraz gozatu nahi baduzu, izena eman hurrengo ekintzan; primeran pasatuko duzu-eta!


 













Enkarterriko Euskaldunon Jaia. Kronika.




 
Abenduaren 15ean, igandean, Enkarterriko euskaldunak elkartu ginen urtero Berbalagun egitasmotik antolatzen dugun jaian. Aurten Sodupen bildu ginen egun osoko egitarauaz gozatzeko.

Goiza perkusio-tailerreko soinuekin esnatu zen, baita igande goizeko lotiak ere. Erritmoz beteriko beatbox-tailerrarekin jarraitu genuen, Orodreth beatboxerrak eskainia eta goiza borobiltzeko hamaiketakoa prestatu genuen talo-tailerrean. Mila esker, Iñaki Bustillo, zure arto-irinaz egindako taloak eskaintzeagatik.







Eguerdirako herria guztiz iratzarri genuen Ander Urcelay eta Julen Erezuma bertsolariek girotutako bertso-jiran. Giro aparta sortu zen herri bazkarirako gosea piztu bitartean.




















Bazkalostean Nafarroa Kanta Taldeak kantuz bete zituen Sodupeko kiroldegiko lau hormak. Lagun artean luzatu zen arratsaldea eta konturatu gabe Jon Gomez aurkezlearen txanda etorri zen. Harekin Euskaraldiari buruz hausnartzen egon ginen: aurreko Euskaraldiako bizipenak partekatzen eta 2020ko Euskaraldia ediziorako desioak adierazten. Gogoeta kolektibo bikaina!






Eskerrik asko Soduperaino hurbildu zineten guztioi, eta bereziki, jaia antolatzen  lagundu duzuen guztioi.


Hurrengo urtera arte Enkarterriko euskaldunak!

2019/12/18

KIROLA ETA NATURA ekimena bueltan!



       KIROLA eta NATURA programaren 2020ko eskaintza prest daukagu. Ekimen horren bitartez AEKren Praktikatu zerbitzuak gonbidatzen zaitu Euskal Herriko txokorik ederrenak euskaraz ezagutzera. Mintzapraktika programetan antolatzen ditugun mendilagun irteerak osatzeko bi proposamen ditugu:

ASTEBURUKO TXANGOAK
        2020an 6 asteburutan txangoak antolatu ditugu. 

  • Urtarrilaren 26an, Delika zirkoan orientazioa.
  • Otsailaren 16an, Altubeko baso eta ur-jauziak. 
  • Martxoaren 15ean, Zumaiako geoparkea.
  • Maiatzaren 10ean Entziako baso sorgindua.
  • Maiatzaren 31n Montefuerte parkean orientazioa.
  • Ekainaren 14an Araotzeko haitzuloak.
        Txangoetan parte hartzea dohanik bada ere, nahitaezkoa da aurretik izena ematea. Partaide guztiek jasoko dute opari bat, txangoa abiatzerakoan. Halaber, adituen taldeak izango dira beti bidean laguntza emateko. Txangoetan izena emateko bete fitxa hau.

UDAKO IBILTARIAK
        2020ko udako oporrak disfrutatzeko 15 eguneko 2 ibilbide antolatu ditugu:  Lehen aukera, Gorbeiako parke naturaletik irten eta Izaban amaituko dugu, uztailaren 17tik 31ra.
    
       Bigarren aukera, Arabako Oion herrian hasita kostaldeko Lekeitioraino ibilbidea, abuztuaren 1etik 15era.

        Erreserbak egiteko epea apirilean zabalduko dugu. 
        Prezioa: 595 €


ANIMATU ETA DISFRUTATU!

2019/12/05

Gurasolagun pasaportea: Gabonetako tailerra

Kaixo, lagun!

Abenduaren 13an, ostiralean, Gurasolagun pasaporteko 3. ekintza egingo dugu. Bertan, gurasoek eta haurrek, euskaraz mintzatzeaz gain, Gabonetan etxea apaintzeko feltrozko bota egingo dute. Elkarrekin aritzeko aukera paregabea izango dugu, baita familia euskaldun gehiago ezagutzeko ere. Hitzordua Sodupeko kultur etxean izango da, arratsaldeko 17:30ean.

Zatozte elkarrekin gozatzera!


2019/12/03

Enkarterriko euskaldunon jaia Sodupen


Kaixo, lagun!

Abenduaren 15ean, igandean, Enkarterriko berbalagunok eta euskaldunok
hitzordua izango dugu urtero berbalagun egitasmotik antolatzen dugun
Euskaldunon jaian. Aurten Sodupera hurbilduko gara, euskaraz ederki
pasatzera. Horretarako, adin eta gustu guztietarako egun osoko egitarau
zoragarria prestatu dugu:



Egitaraua:

     12:00 - Tailerrak (kiroldegian edo plazan, eguraldiaren arabera).
  • Taloa txorizoarekin edo txokolatearekin
  • Perkusio tailerra 
  • Beatbox tailerra

     13:30 - Bertso-kalejira musikatua: Ander Urcelay eta Julen Erezuma bertsolariekin.

     15:00 - Kantu-bazkaria Nafarroa Kanta Taldearekin.
                  Indabak + Postre + Edaria, kafea eta ogia.
                  Prezioa: 15 EUR
                  Txartelak salgai: Navarro tabernan (Sodupe), Darbuka tabernan (Zalla) eta Skamata tabernan (Balmaseda).
                  Izena emateko epea: abenduaren 13ra arte.

     17:30 - Euskaraldiako kale-ekintza.

     18:00 -  Erromeria.



Hartu zure tiketa lehenbailehen,
oso ondo pasatuko dugu eta!



"Gehiago eta sakonago" aktibazio saioa Zallan.


       2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango den Euskaraldiaren prozesuaren barruan herri batzordeak abiatzeko unea heldu zaigu jada. Hori dela eta, bai partaideen motibazioan eta aktibazioan, bai batzordeen indartzean eragin nahian, Kike Amonarriz komunikatzailea guregana hurbilduko da eta Euskaraldiaren aurkezpen orokor bat egingo digu. Aktibazio saioa datorren ostegunean, abenduak 12, arratsaldeko 18:00etan burutuko da Zallako Gazte Zentroaren gaineko gelan.

ANIMATU ETA HURBIL ZAITEZ!

2019/12/02

Balmasedako Aste Kulturala.

       "Abenduaren erdia gaua eta beste erdia jaia" esaten du esaera zaharrak. Hala ere, urtetan hau horrela izanda ere, Balmasedan azken bolada honetan euskal kultura eta euskararako leihoa ireki dute eta euskaldunoi bertatik begiratzeko gonbida egin digute antolatutako Aste Kulturalaren bidez.

       Abenduaren 11tik 15era euskarak protagonismoa hartuko du hiribilduan eta adin eta gustu guztietarako hainbat ekintza burutuko dira: hitzaldiak, kontzertuak, tailerrak, etab. Ekitaldi hauen guztien informazio zehatzagoa izan dezazuen, hona hemen egitaraua eta ekitaldien kartelak.

ANIMATU ETA PARTE HARTU!