2019/11/14

Balmasedako gaztelu muinora bisita. Kronika.



 
Enkarterriko parajeak bisitatzea atsegina da beti, are gehiago, lagunen artean egiten bada. Hala, aurreko larunbateko plana gustura bete genuen. Enkarterri ezagutuz egitasmoaren barruan Balmasedako gaztelu muinoa bisitatu genuen Alboan enpresako Jorge gidariaren eskutik.
 

Zerua lainotuta esnatu ginen Enkarterrin, baina euririk ez, goizeko lehen orduetan. Mendira txangoa egiteko eguraldi aproposa, alegia.


Balmasedako Historia Museoan elkartzekoak ginen Berbalagunok eta han bisitaren azalpenak jaso. Hiribilduaren garrantzi historikoaz aritu ginen, erromatar kaltzadaz, hiri-harresiaz eta merkataritza bideaz. Herriaren historiari errepaso edarra eman genion. Gainera, larunbatean bertan, arratsaldez, Balmasedako erreketaren antzezpena burutuko zela aprobetxatuz, frantsesen (herbeheretar tropak zirela bazenekien?) etorreraz eta 1808. urtean gertatutakoaz mintzatu ginen.






Baina gure interesa gaztelu muinoa ezagutzea zenez, berehala zuzenean lekua ezagutzeari ekin genion. Eguraldiak txarrera egin bazuen ere, muinoko tontorrera igo ginen eta handik Kadagua ibaiaren bailara argi eta garbi ikusi genuen. Ikuspegi ederra!







Gailurretik lau haizetara zabaltzen diren lurrak ikus daitezke. Ibaiaren ibilbideak sortutako arrakalak, inguruko mendiak, urrunera garamatzaten bideak. Erraz imagina dezakezu, han egonda, gazteluaren zergatia, harresiaren beharra eta hiribildua izatearen arrazoia.

  

 




Arnasa sakon hartuta eta gure gidariaren azalpen guztiak behin entzunda, bueltako bidea hartu genuen, bere bidaian altxorra aurkitu duenaren sentsazioaz. Biziberrituta.



Beraz, badakizu Berbalagun zatoz eta gozatu Enkarterri ezagutuz!

No comments: