Enkarterriko Mankomunitateak Euskara Plan berria onartu du eta ostegun honetan, hilak 31, egingo du horren aurkezpena. Mankomunitateak eskualdeko euskaldun guztioi luzatu digu gonbidapena eta Berbalagun ere bertan izango da. Informazioa zabaltzeko hona hemen Mankomunitatearen prentsa oharra:
EUSKARA
PLAN BERRIA ONARTU DU MANKOMUNITATEAK 2013-2016 ALDIRAKO
Enkarterriko
Mankomunitateak Euskararen Plan estrategiko berria onartu zuen abenduaren 18an
egin zuen Batzar Orokorrean. 2013-2016 urteetarako, euskararen arloan
Mankomunitateak izango dituen ildoak, lehentasunak eta egitasmoak zehazten ditu
plan honek. Plan berria osatzeko orduan, garrantzi berezia eman zaio
herritarren partehartzeari. Horregatik, planaren diseinua osatzeko hiru
lan-saio egin dira urrian eta azaroan hainbat herritar eta herriko
eragilerekin. Plan egokia diseinatzeaz gain, funtsezkoa baita herriko
euskaldunak eta euskaltzaleak aktibatzea eta herritarren elkarlana bultzatzea.
Lehentasunak
Enkarterriko herritarren euskararenganako sentsibilizazioa lantzea, euskaldunen
kopurua handitzea eta Enkarterriko euskaldun sarea sendotzea dira.
Hau
da, euskaldunen eta erdaldunen motibazioan eragiteko beharra nabarmendu da;
lehenengoek hiztun izateko pausua eman dezaten - batez ere gazteen kasuan- eta
bigarrenek euskararen mundura hurbil daitezen edota aldeko jarrera erakuts
dezaten. Horrekin lotuta, Mankomunitateak euskararen erabilera sustatzeko
egitasmoak eta jarduerak bultzatzen jarraitu behar du bai eskolatik kanpo bai
eskola barruan: lagun artean, kalean, euskaldun berrien artean, euskaldun
zaharren artean, udaletxean, kirolean…; eta baliabideak edo erraztasunak eman
ez dakitenei ere ikas dezaten.
Dena
den, Euskara plana ez da plan itxia, etengabe egokitzeko sortua baizik. Hori
kontuan hartuta, aurrera eramateko beharrezkoak diren egiturak sortu behar ditu
Mankomunitateak. Horregatik, interesa duten eskualdeko talde eta norbanakoekin
osatu nahi da Euskararen Aholku Batzordea urtarrilean. Batzordearen egiteko
nagusia planaren jarraipena eta urtero-urtero kudeaketa plana osatzen laguntzea
izango da.
Bada,
planari buruzko zehaztasun gehiago ezagutu nahi izanez gero, urtarrilaren 31n
arratsaldeko 19:00etan Zallako Kultur Etxera hurbiltzeko gonbidapena luzatu
nahi die Mankomunitateak herritarrei; egun horretan egingo baita planaren
aurkezpena.
Bertan,
prozesuan parte hartu dutenak izango dira euren iritzia emateko eta prozesua
zelan ikusi duten azaltzeko, horrekin batera eskualdeko euskaltzale batzuen
testigantzak ere entzuteko aukera izango da.